Poltsikoarekin ere bozkatu egiten dela erakusten ari dira europarrak. Urteko lehen bi hilabeteetan %49 jaitsi dira Tesla autoen salmentak Europako Batasunean, eta haren merkatu kuota %2,1etik %1,1era apaldu da. Jaitsiera hori erabat kontrajarria dago auto elektrikoen datu orokorrekin: 2024 kaskar baten ondoren, haien salerosketa %28,4 handitu da urteko lehen bi hilabeteetan, eta %15eko kuotara iritsi da lehen aldiz.
Teslaren erorikoaen atzean arrazoi tekniko batzuk ere badauden arren —Model Y zaharkitua berritzekotan da, eta Txinan egindako Teslaz betetako itsasontzi gutxiago iritsi dira Europako portuetara—, pentsatzekoa da Teslaren salmenten beherakada lotuta dagoela haren jabe Elon Musken jarrerarekin eta adierazpenekin.
Donald Trumpen laguntzaile mina ultraeskuineko politikarien alde mintzatu da, eta Alemaniako kanpainan parte hartu zuen, AfD alderdiaren aldeko botoa eskatuz. AEBetako ekitaldi politiko batean nazien agurra ere egin zuen, Muskek esan zuen arren keinua gaizki interpretatu zela.
Ikusi gehiago
Azalpen horiek ez dute gerarazi Teslaren arbuioa. «Musk erotu aurretik erosi nuen autoa» dioten eranskailuak jarri izan dituzte jabeek Tesla autoetan, eta batzuk urrunago joan dira, markaren saltokiei eta kargagailuei eraso eginez erakutsi baitute beren haserrea.
Musken arbuioa inon baino ageriagoa da Alemanian: %76 jaitsi ziren haren salmentak otsailean. Egin berri duten inkesta batean, 100.000 alemaniarretatik %94k esan zuten inoiz ez zutela Tesla auto bat erosiko. Otsailean, gehien saldutako auto elektrikoen zerrendan zazpigarrena baizik ez da izan Tesla Model Y, auto hori Berlindik gertuko lantegi batean ere egiten duten arren.
Teslak utzitako lekua batez ere Europako markak ari dira betetzen —Alemanian, VW taldeko sei modelo daude lehen postuetan—, baina bere lekua egiten ari dira Txinako markak ere. Barne ekoizpena babeste aldera, Europako Batzordeak muga zergak handitu dizkie Txinako auto elektrikoei, baina haien salmentak handitzen ari dira. BYDk, esaterako, ia-ia bikoiztu egin ditu.
Txinan ere urte txarra izaten ari da Tesla: aurtengo otsailean, iazkoan baino %87 auto gutxiago saldu zituen.
Trumpen Tesla berria
Musken protagonismoa kalte egiten ari zaio Teslaren akzioari berari. Haren laguntzarekin Trumpek hauteskundeak irabazi zituenean, autogilaren akzioa 280 dolarretik 480ra igaro zen aste gutxian. Gaur, berriz, 278 dolarrean ari dira salerosten.

Eroriko horrek Trump bera urduritu du, eta joan den astean Tesla bat erosi zuen, eta gauza bera egitera animatu zituen estatubatuarrak. Dei horrek talka egiten du bere gobernuaren energia politikarekin: petrolioaren eta gasaren ustiakuntza kosta ahala kosta handitu nahi du, eta auto elektrikoak zabaltzeko politikak bertan behera utzi ditu. Auto horiek sustatzea «ezker erradikaleko faxisten, marxisten eta komunisten ideia da», esan izan duenez.