ELA sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Europako Next Generation (NGEU) planekodiru laguntzak lortzeko eginiko lehen zerrenda. Aurreproiektu horiek «enpresa jakin batzuei» diru publikoa emateko direla uste du, eta ez dutela balio trantsizio ekologikorako, ezta pandemiaren ondorioei aurre egiteko ere. Kritikan sakonduz, zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi dituztela esan du, eta funtsei loturiko baldintzetan gutxi sakondu dela nabarmendu: «Funtsak eta murrizketak eskutik doaz. Europak, lehen, beltzezko gizonak bidaltzen zituen; orain, berriz, beste estilo bat du. Gastu publikoaren murrizketa eskatuko du», azaldu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Lakuntzaren ustez «oso agerikoa» da Jaurlaritzaren zerrendaren atzean dagoen helburua: «Betikoei diru laguntzak ematea da. Ez da eredu aldaketa; enpresa jakin batzuei dirua emateko da, dagoeneko martxan dauden proiektu batzuetarako». Sindikatuak Europako funtsen tranpa deritzon txosten bat idatzi du, eta haren aurkezpenean argudiatu zuen bere iritzia Lakuntzak. Haren arabera, balizko funtsen laurdenak AHTarentzako lirateke, eta beste laurdenak, Petronor eta Iberdrolaren proiektuentzat. «Lotsagarria da AHTren moduko proiektu batek hainbesteko tartea hartzea [2,712 milioi euro direla ido ELAk], Europako Batasunak berak ezbaian jarri duen honetan. Azken txostenetan aipatu du kostuaren gainetik ari dela eta errentagarritasun sozial urria duela».
Iberdrolaren eskaerari buruz ere gogor mintzatu da: «Irabazien errekorra hobetu duen urte berean 1.400 kaleratze egingo dituela iragarri duen enpresa bat da, eta, gainera, zerrendan sartu dute». Salaketa zorrotzenetakoa, dena den, nepotismoarena da, hau da, erakunde publikoek agintarien familiakoei nahita laguntzea. «Jaurlaritzaren zerrenda Price Waterhouse Coopers aholkularitzak egin du, eta Espainiako iparralderako haren burua Asier Atutxa da. Bada, zerrendan 26 milioi euroko laguntza ezarri dute Bizkaia dorrerako, eta jakina hark kudeatuko duela dorrea». Juan Mari Atutxa Barne sailburu izandakoaren semea da.
«Ziria sartzeko modua»
Jaurlaritzaren banaketaz haratago, funtsen izaera ere ezbaian jarri du sindikatuak. «Ez dute balioko larrialdi egoera honetako kalteak konpontzeko, eta ez dira sartuko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuko aurrekontuetan; beraz, ez dituzte horiek orekatuko». Lakuntzaren ustez, ez da arreta handia jarri funtsen baldintzen hizki txikian: «Funtsak eskatzen dituzten estatuei xantaia egiteko mekanismo bat dira horiek lortzeko baldintzak». Zergatik? ELAk txostenean aletu ditu arrazoiak: «Europako Batasunaren agiriak argi dio funtsak eta erreformak guztiz lotuta joango direla. Ez dute intentziorik ezkutatu. Halako erreformak izan daitezke: pentsioena, lan merkatuarena, eta austeritate aurrekontu-politikak».
Baldintzak horiek direla ikusita, ELAk dei egin dio ezker politikoari: «Harrituta gaude ezkerreko politikari batzuek aukera gisa aurkezten dutelako, eta funts hauek zerbaiterako aukera badira, agenda neoliberalean sakontzeko aukera dira». Ezkerrak ez duela Europan agintzen gogoratu zien Euskal Herriko alderdiei, eta funtsen atzean dagoen logika bera jarri behar dela zalantzan.«Ziria sartzeko modu bat da hau, eta ezin dute onartu. Eztabaida ezin da izan zein proiektuk jasotzen duen dirua eta zeinek ez, baizik eta funtsa bera jarri behar da auzitan».
Horiek horrela, eta aurrera begira jarrita, ELAk argi du funtsa ez dela «milioi zaparrada bat» izango, eta pandemiaren krisiaren konponbidea bertan dagoela: «Gure herrialdera begiratu behar dugu, eta funts propioak bilatu». Alde horretatik, sindikatuak azken hilabeteetan egin zuen aldarria errepikatu zuen Lakuntzak, zerga erreforma beharrezkoa dela, «egiteko aukera dagoelako». Horregatik, eskaera egin zien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: ez dezatela «despistera» jokatu, funtsen inguruko «egia osoa» kontatu dezatela, eta «erreakzionatu» dezatela funts propioak aktibatuz.
Europaren diru laguntzak «betikoei» mesede egiteko direla salatu du ELAk
Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko lehen zerrendan «nepotismo zantzuak» ikusi ditu sindikatuak. «Xantaiatzat» jo ditu Europak funtsen trukean jarritako baldintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu