Meatzaritzaren eta ingurumenaren arteko talka jardun ekonomikoaren beraren muinean dago. Meatze bat irekitzeak berez itxuraldatzen du paisaia, eta horri gehitu behar zaio ustiatzen diren materialak fintzeko erabili behar diren teknikak. Munduan sortzen den CO2aren %4 eta %7 bitartean du jatorria meatzaritzan, eta meatzeen %85 aire librean daude. Material kritikoen beharra dela eta, auzia puri-purian dago berriz, besteak beste,herrialde askotan ingurumen politikak ez direlako oso zorrotzak.
«Meatzaritza berez da oso kutsagarria eta kaltegarria ingurumenarentzat. Esaterako, harriak desegiteko, lixibatuak-eta erabiltzea ohikoa da. Putzuak sortzen dira, edo ibaietan amaitzen dute. Material kritikoen ustiaketa ez da ohiko meatzaritza baino askoz kaltegarriagoa. Kontua da zulo berriak irekitzen ari direla lehen ez zeuden tokietan». Azalpen gordina Daniel Carralerorena da (Madril, 1983), Ciemat Espainiako fusio laborategiko eta Energiaren Behatoki Kritikoko kidearena.
Trantsizio ekologikoa aztertzen du, eta azaldu du hura garatzekogarrantzitsuak direla material kritikoak deiturikoak. Beraez dator bat kolapsismoa esaten dioten teoriarekin —materialengabeziak trantsizio ekologikoa ezinezkoa egiten duela dioen iritzia—, eta uste du trantsizioari ekiten saiatzeak merezi duela, eta «luze gabe» behintzat material gabezia ez dela arazo izango. Beste kontu bat da luzera begira; bai, behintzat, egungo ekoizpen industrialaren hazkunde iragarpenak mantentzen badira.
Litioaren premia, adibidez, modu esponentzialean handituko da, eta konpainia handiak meatzeen bila hasi dira. «Europa eta meatzaritza tradizio handiko herrialdeak oso arakatuta daude, eta munduko gehienak ere bai. Harrituko ninduke orain, esaterako, nonbait litio meategi erraldoi bat aurkituko balute».
Material kritikoen meategi asko baina ingurumen legedia ez hain zorrotzak dituzten herrialdeetan daude. Hori dena den, egun, kasualitatea da. «Materialak aurkitzen diren tokian aurkitzen dira. Europan koltan meategi bat aurkituko balute, txikia izan arren, aterako genuke, ziur nago». Tamainak ingurumenean sor dezakeen kaltearekin harreman zuzena duela nabarmendu du. Izan ere, meatze txikietan normalean zailagoa da materiala lortzea, eta meatzaritza enpresak oldarkorragoak izan ohi dira.
Aurkako mugimenduak
Meatzea azpiegitura handia da, eta haren eragina nabarmena da inguruan. Azaldu du gero eta ohikoagoak direla herritarren protestak, eta Txile jarri du eredu. «MSC litio gehien ustiatzen duen munduko bigarren enpresa da, baina Txileko auzitegiek meatze bat gelditu diote indigenen salaketengatik. Jardun horrek ur asko eskatzen du, eta, inguruak oso lehorrak badira, normala da kexak egotea. Txileko Gobernua litio ekoizpenaren zati bat nazionalizatzea aztertzen ari da, kontrola ezartzeko». Gai berean, gehitu du, ikerketen arabera, meatzaritza jarduerak hiltzen dituela oposizioko kide gehien.
Meatze bat ustiatzen hasteko prozesua luzea da, eta iragarpenek diote material kritikoen eskaria eskaintza baino gehiago handituko dela. Gauzak horrela, trantsizioa birpentsatu behar dela uste du: «Iragarpenak betetzen badira, meatze pila bat ireki beharko da, eta ezinezkoa da. Energia kontsumoa murriztea lortzen duten teknologietara bideratu behar dira materialak eta lana. Hazkundea auzitan jarri beharko litzateke, eta premiak lehenetsi. Eta, noski, birziklapena sustatu».
Bihar: Lur Arraroak
Daniel Carralero. Ciemat-eko ikerlaria
«Europan koltana balego, atera egingo genuke»
Ingurumenari kalte handien egiten dioten jarduera ekonomikoetako bat da meatzaritza, eta material kritikoen ustiaketa ez da salbuespena. Dena den, uste du luze gabe behintzat ez dela egongo material gabeziarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu