Europako Batzordeari «babes eraginkorrak» eskatu dizkio gaur Eurofer altzairuaren Europako patronal nagusiak. Trumpek altzairu inportazioei ezarritako %25eko muga zergak «Europako siderurgia industriaren hilkutxako azken iltzea» izatea deitoratu zuen Henrik Adam Euroferreko presidenteak.
«Europako altzairua galtzen bada, berdin gertatuko da Europako automobilgintzarekin, segurtasunarekin, defentsarekin. Baita energia azpiegiturekin, garraioarekin eta beste sektoreekin ere. Europaren subiranotasuna dago jokoan», adierazi du Euroferrek.
Altzairuaren Europako patronalaren arabera, sektorea «askoz okerrago» dago orain 2018an baino, eta, gainera, oraingoan AEBetako muga zergak zabalagoak direla azpimarratu du, salbuespenak eta kuotak kendu direlako, eta baita altzairuaren deribatuak zergapetuko direlako ere, aurrekoan ez bezala.
Adamek azaldu du EBtik AEBetarako altzairu esportazioak jada milioi bat tona murriztu direla, eta muga zerga berriekin beste milioi bat tona altzairu gal daitezkeela esportazioetan.
Horri, gainera, gehitu beharko zaio altzairuaren merkatua jada lepo dagoela Asiatik, Afrika iparraldetik eta Ekialde Hurbiletik Europara etortzen den altzairu merkearekin.
AEBetan ere, nahiz eta altzairu eta aluminio ekoizleak pozik agertu muga zergekin, beste hainbat sektoretan kezka da nagusi. Hori plazaratu du The Wall Street Journal egunkariak; muga zergekin oso kezkatuta dauden enpresaburuen hainbat dei eta eskaera jaso dituztela Etxe Zurian. Kevin Hassett Ekonomia Nazionaleko Batzordeko buruak gutxienez hamabi enpresabururekin hitz egin du astelehenean eta asteartean.