Gipuzkoako Bazkundeak 2022ko Gipuzkoa Enpresa Sariak banatu zituen atzo Donostian, eta sari nagusia Azpeitiako Elmubas Petfood taldeak irabazi zuen. Duela hiru urte 200.000 tona pentsu lehor produzitzeko ahalmena zuen enpresak, baina azkenaldian egindako 30 milioi euroko inbertsioarekin beste planta bat ireki dute zaharraren ondoan, eta ia bikoiztu egin dute produkzio ahalmena —urtean 390.000 tona orain—. Hala, pentsu lehorra fabrikatzeko Europako plantarik handiena da Azpeitikoa.
Patxi Lopez Urkiola Elmubaseko zuzendari nagusiak saria jaso aurretik adierazi zuen azken urteetan inbertsioak «periodikoki» egin dituztela, baina duela bi urte erabaki zuten inbertsioa biderkatzea eta planta berria eraikitzea: «Sektorea hazten ari zela ikusi genuen, eta, gure produzitzeko ahalmena mugatuta zegoela jakinda, inbertsio handi bat egiteko erabakia hartu genuen, planta berri bat egiteko».
Elmubas ez da salbuespena izan, eta 2021. urtearen amaieran hasi zen prezioen garestitze orokortuak eragina izan du haien jardunarengan. Lehengaien, energiaren eta garraioaren garestitzeak eragin dio gehienbat Elmubasi, eta kostuen igoera hori salmenta prezioetara transferitzen saiatu direla esan zuen Lopezek. Hala ere, salmenten prezioen igoerarekin ez dute lortu kostuen igoera guztiak estaltzea, eta iaz irabazi marjinak «estutu» egin zitzaizkiela dio Lopezek. Hala ere, egoera horrek produktuaren kalitatean eraginik ez izatea izan da Elmubasen helburua.
«Ezustean» jaso zuen Lopezek saria irabaziko zuela zioen mezua; izan ere, haren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «automozioak eta makina erremintak» dute garrantzia handiena industrian, eta hortik kanpokoek halako sari bat irabazteko zailtasunak dituztela uste du Elmubaseko zuzendari nagusiak. Hala ere, «harrotasunez eta poztasunez» jaso dute saria, eta etorkizunerako «sekulako bultzada» emango diela ziur da.
Gainontzeko sarituak
Sari nagusiaren aurretik, beste ezaugarri batzuengatik aitortza egin nahi izan diete enpresa batzuei. Irisbond Donostiako enpresak jaso zuen Berrikuntza Saria; gaixotasunen batengatik hitz egin ezin dutenentzat ordenagailu bereziak egiten dituzte, begien mugimenduaz komunikatu ahal izateko. Apple enpresak ematen duen MFI Made for Ipad zigilua lortu du Irisbondek; hori lortzen duen munduko bigarren enpresa. Gureak taldeak jaso zuen Zerbitzu Enpresa Saria, azken urteetan enplegu gehien sortu duten enpresetako bat izateagatik. Igerilekuen beirazko estaldurak egiten dituen Ezarriri eman zioten Industriako Enpresa Txiki eta Ertainen Saria, eta Lana kooperatibak jaso zuen Nazioartekotze Saria.
Europako pentsu plantarik handiena saritu du Gipuzkoako Bazkundeak
Elmubasek produkzio ahalmena bikoiztu du 30 milioiko inbertsioarekin. «Ezustean» jaso du saria Patxi Lopez Urkiola zuzendari nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu