Enpresak

Europako pentsu planta handiena saritu du Gipuzkoako Bazkundeak

2022ko Gipuzkoako Enpresa Saria irabazi du Azpeitiko (Gipuzkoa) Elmubas Petfood taldeak. Maskotentzako pentsua egiteko Europako planta handiena du, urteko 380.000 tona ekoizteko ahalmenarekin.

Gipuzkoako Bazkundeak saritutako enpresariak, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 24a
17:15
Entzun

Gipuzkoako Bazkundeak 2022ko Gipuzkoa Enpresa Sariak banatu ditu gaur Donostian, eta sari nagusia Azpeitiko Elmubas Petfood taldeak irabazi du. Lehen urtean 200.000 tona pentsu lehor produzitzeko ahalmena zuen enpresak, baina azken urteetan egindako 30 milioi euroko inbertsioarekin beste planta bat ireki dute zaharraren ondoan, eta ia bikoiztu egin dute produzkio ahalmena —urtean 390.000 tona orain—. Hala, pentsu lehorra fabrikatzeko Europako planta handiena da Azpeitikoa.

Patxi Lopez Urkiola Elmubas Petfoodeko zuzendari nagusiak, BERRIArekin elkarrizketan, adierazi du azken urteetan inbertsioak «periodikoki» egin dituztela, baina duela bi urte erabaki zuten inbertsioa biderkatzea eta planta berria eraikitzea: «Sektorea hazten ari zela ikusi genuen, eta gure produzitzeko ahalmena mugatuta zegoela jakinda, inbertsio handi bat egiteko erabakia hartu genuen, planta berri bat egiteko».

Elmubas ez da salbuespena izan, eta 2021 urtearen amaieran hasi zen prezioen garestitze orokortuak eragina izan du haien jardunarengan. Lehengaien, energiaren eta garraioaren garestitzeak eragin dio gehien bat Elmubasi, eta kostuen igoera hori salmenta prezioetara transferitzen saiatu direla esan du Lopezek. Hala ere, salmenten prezioen igoerarekin ez dute lortu kostuen igoera guztiak estaltzea, eta iaz irabazi marjinak «estutu» egin zitzaizkiela dio Lopezek. Hala ere, egoera horrek produktuaren kalitatean eraginik ez izatea izan da Elmubasen helburua.

«Ezustean» jaso zuen Lopezek saria irabaziko zuela zioen mezua; izan ere, haren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «automozioak eta makina erremintak» dute garrantzia handiena industrian, eta hortik kanpokoek halako sari bat irabazteko zailtasunak dituztela uste du Elmubaseko zuzendari nagusiak. Hala ere, «harrotasunez eta poztasunez» jaso dute saria, eta etorkizunerako «sekulako bultzada» emango diela ziur da.

Gainontzeko saridunak

Berrikuntza Enpresaren Sariarekin hasi da gaurko ekitaldia. Irisbond enpresa Donostiarrari eman diote sari hori; Bazkundearen eraikinean bertan du egoitza Irisbondek, eta hainbat gaixotasunen ondorioz hitz egiteko ezintasuna duten pertsonei begien bidez komunikatzeko ordenagailuak egiten dituzte. Azken urteetan 4.000 pertsonari egin dizkiete halako ordenagailuak, eta komunikatzeko tresna horiek osasun publikoko erakundeek finantzatzea lortzen ari dira.

Gureak taldeari eman diote Zerbitzu Enpresa Saria. Bazkundearen arabera, azken urteetan enplegu gehiena sortu duten enpresetako bat da Gureak, eta horrez gain, desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioan egiten duten lana saritu nahi izan dute. Lana «inklusiorako tresna» dela nabarmendu du Asier Vitoria Gureakeko zuzendari nagusiak.

Industria Sektoreko Enpresa Txiki eta Ertainen Saria Lazkaora joan da, Ezarri enpresa saritu baitute. Beiraz egindako mosaikoekin igerilekuak estaltzen dituzte, eta gehienbat luxuzko etxe eta hotelekin egiten dute lan; esaterako, Dubaiko etxe garestienaren igerilekuaren estaldura egin dute. 91 herrialdetan sinatu dituzte kontratuak azken urtean.

Sari handiaren aurretik, Lana kooperatibari eman diote Nazioartekotze Saria. Oñatiko kooperatibak Txekiar Errepublikan beste planta bat du, eta produkzioaren %70a saltzen du nazioartean, Europan gehien bat. Bazkundeak dio haien tokiko merkatua Iberiar Penintsula izatetik Europa izatera igaro dela, eta horregatik saritu nahi izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.