Europako garagardogileek ekoizpen errekorra hautsi zuten 2017. urtean, eta 2018an behera egin zuen kopuruak, 41.300 milioi litrotik 39.200 milioira. Ez da jaitsiera esanguratsua, ordea, eta, batez ere, ez du zalantzan jartzen sektoreko eragileek ondo baino hobeto dakitena: edari alkoholdunen artean, garagardoa kontsumitzen da gehien mundu osoan, baita Euskal Herrian ere.
Europako Batasunean nabarmen igo da garagardoaren ekoizpena eta kontsumoa azken urteotan. Munduko hamar kontsumitzaile handienen artean zortzi Batasunekoak dira; horregatik ez da batere zaila ulertzea zergatik azaltzen diren aldiro Angela Merkel eta beste hainbat gidari europar hedabideetan garagardo apardun batez gozatzen. Alemania da Europako ekoizleen txapelduna: 8.300 milioi litro ekoitzi ditu, 2017an baino 200 milioi gehiago, eta Herbehereek esportatzen dute garagardo gehien: 1.900 milioi litro urtero. Eurostatek emandako datuak dira.
%0,5 graduko garagardoaren eta alkoholik gabekoaren ekoizpenak ere gora egin du, eta dagoeneko 1.000 milioi litrotik gora ekoizten dituzte EBn. Baina alkoholdunari buruz hitz egitean, Oktoberfest azoka ezaguna hartzen duen herrialdeari buru hitz egin behar da ezinbestean. 2017an, 8.000 milioi litroko langa gainditu zuen Alemaniak, eta 2018an are gehiago ekoitzi du: 8.300 milioi. Hala, Batasunean ekoizten diren bost garagardotatik bat Alemaniakoa da, eta atzetik dituenak urrun daude, nabarmen gainera. Erresuma Batuak 4.500 milioi litro ekoitzi ditu, dezente jaitsita 2017ko emaitza (5.600 milioi litro); Poloniak 4.000 milioi litro jarri ditu merkatuan; Herbehereek, 3.900 milioi litro; Espainiako, Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko konpainiek, denek batera, 3.600 milioi litro ekoitzi dituzte; eta Belgikak, 2.400 milioi litro. Horiek dira ekoizle handienak.
Dena den, badira herrialde batzuk Alemania baino gehiago hazi direnak ekoizle gisa. Italiako lantegiek, adibidez, %21 handitu dute ekoizpena; Hungariakoek, %11; eta Txekiakoek, %10 inguru. Ekoizpena gehien jaitsi duena Erresuma Batua da (-%20); ekoizpen txikiagoa egin dutenen artean daude, halaber, Austria, Eslovakia eta Herbehereak.
Kontsumoa, bere horretan
Batez beste 76 litro garagardo kontsumitu dituzte Europako Batasuneko biztanleek 2018. urtean. Per capita kontsumoan, ordea, desberdintasun handiak daude. 76 litro horietatik oso gora daude, esaterako, Txekian (143 litro), Austrian (106), Alemanian (104,2), Polonian (100,8) eta Irlandan (98,2). Eta oso behera, aldiz, beste hainbatean; adibidez, Italian (31), Frantzian (33), Grezian (35) eta Portugalen (46). Mediterraneoko arkuan, garagardoak lehiakide gogorra dauka: ardoa.
Esportazioei dagokienez, Donald Trumpen gerra komertziala ez zaio askorik laguntzen ari industriari. AEBak dira Europako garagardoaren hartzaile nagusiak. Batasunak esportatutako hiru garagardo alkoholdunetik bat AEBetara joaten da; baina kantitateak behera egin du urte batetik bestera: 2017an 1.100 milioi litro erosi zizkioten AEBek Europako Batasunari, eta iaz, berriz, 100 milioi litro gutxiago; trukean, ordea, AEBetako 43 milioi litro garagardo baizik ez ditu hartzen EBk. Gero, Txina dator esportazioen jomuga nagusien zerrendan (453 milioi litro), eta Errusia da hirugarrena (234 milioi), urte batetik bestera 100 milioi litro gehiago hartuta.
Esportatzaileen zerrendari dagokionez, Herbehereak, Alemania eta Belgika daude podiumean. Herbehereek 1.900 milioi litro esportatu zituzten aurreko urtean, eta 1.600 milioi litro hala Belgikak nola Alemaniak. Frantziak 600 milioi litro saldu zituen atzerrian, eta Erresuma Batuak, 500 milioi.
Eta nondik dator Batasunak egiten duen garagardo inportazioa? Bada, Mexikotik gehienbat. Ipar Amerikako herrialde horrek 250 milioi litro garagardo bidali zituen Europara aurreko urtean (2017an baino 40 milioi gehiago); inportazio osoaren erdia baino gehiago da hori. Serbia (57 milioi litro), AEBak (43 milioi), Bielorrusia (23 milioi) eta Ukraina (19 milioi) dira garagardo inportazioen beste jatorriak.
Aparra, gero eta gorago
Europako herrialdeak dira garagardo kontsumitzaile eta ekoizle handienak
Europako Batasuneko ekoizpena 39.200 milioi litrokoa izan da 2018an, aurreko urtean baino apur bat apalagoa. Alemania da ekoizle nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu