Europako gas naturalaren eskaria %10 apaldu da 2023aren lehen erdian

Berriztagarrien martxa onagatik eta energia kontsumoa murrizteagatik gutxitu da gas eskaria

Castejongo (Nafarroa) ziklo konbinatuko zentral termo-elektrikoa. IÑIGO URIZ / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gas naturalaren eskariak behera egin du munduan 2023ko lehen sei hilabeteetan, baina eskualde bakoitzak joera ezberdina izan du. Eskualde gehienetan beherakadak egon dira, baina Asian gas kontsumoa dezente haztea espero da 2023aren bigarren erdirako, eta aurreikuspenek diote 2023ko gas eskaria 2022ko ia bera izango dela. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen Europako herrialdeetan jaitsi da gehien gas natural eskaria,%10 egin baitu behera urtearen lehen erdian, 2022ko datuekin alderatuta. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren datuak dira.

Zehazki, eskariak 31 mila milioi metro kubo egin du behera urtearen lehen erdian, baina lehen hiruhilekoan egon da jaitsierarik handiena: 22 mila milioi metro kubo gutxiago. Bigarren hiruhilekoan, berriz, bederatzi mila milioi metro kubo apaldu da gas naturalaren eskaria.

Hala ere, eskariaren jaitsiera hori Europako Batasunak jarritako helburuaren azpitik dago. Ukrainako gerraren eta energia krisiaren ostean, Bruselak eta estatu kideek helburu komun bat adostu zuten iaz, eta aurtengo martxoan luzatu egin dute: gas kontsumoa %15 apaltzea. Datuek diote, baina, ez dela maila horretara iritsi, eta, IEAren aurreikuspenen arabera, 2024an gora egingo du gas kontsumoak Europan.

Elektrizitatea sortzeko gas gutxiago erabili delako murriztu da gehien eskaria; zehazki, jaitsieraren %70 motibo horregatik izan da. Esaterako, bigarren hiruhilekoan bederatzi mila milioi metro kubo txikitu da gas eskaria, eta horietatik zazpi, ziklo konbinatuko zentralengatik izan da. IEAren arabera, industriaren jarduera apaldu izana da elektrizitatearen produkzioa txikitzearen arrazoi nagusietako bat, bigarren hiruhilekoan %7 elektrizitate gutxiago kontsumitu baita kontinentean.

Iturri berriztagarrien eta nuklearraren bidez elektrizitate gehiago produzitu izana eta energia kontsumoa murrizteko politikak ezarri izana ere badaude elektrizitatearen kontsumoaren beherakadaren atzean.

IEAk espero du Europan gas eskaria %7 txikituko dela 2023an, baina uste du 2024an %1,5 egingo duela gora.

Amerikan eta Asian, behera

Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan %5 apaldu da gas naturalaren eskaria 2023ko lehen hiruhilekoan. IEAren ustez, energia hidroelektrikoaren igoeragatik jaitsi da gasaren erabilera eskualde horietan. Iaz ere behera egin zuen gas eskariak, %3, eta IEAk uste du 2023an %4 murriztuko dela; hala ere, 2024an %2 haztea espero du.

Ipar Amerikan, Ameriketako Estatu Batuak dira merkaturik handiena, alde handiz. Han, %0,5 murriztu da gas eskaria lehen sei hilabeteetan. Eraikinak berotzeko erabilitako gasa murriztu da gehien, baita industriakoa ere. Elektrizitatea sortzeko erabilitako gasak, baina, %8 egin du gora. Kanadan %1 egin du behera gas eskariak, eta Mexikon ez da aldaketa handirik egon.

Asian ere apaldu egin da gas eskaria urtarriletik martxora, Japonia, Hego Koreagatik eta Indiagatik batez ere, baina epe horretan txikitutakoa errekuperatu egin du eskualdeak bigarren hiruhilekoan, eta urte amaierara arte joera horri eustea espero du IEAk. Hala, 2023an Asiako gas kontsumoa %3 handituko dela aurreikusi du agentziak, eta 2024an are gehiago igoko dela kalkulatu du, %4.

Txina izango da aurtengo gas kontsumoaren igoera horren bultzatzaile nagusia, 2023an haren eskaria %6 haztea espero baitu IEAk. Hori, baina, ez da hor geratuko, 2024an %7 igoko dela iragarri baitu energiaren merkatua ikertzen duen agentziak. Japonia da txanponaren beste aurpegia, urtearen lehen lau hilabeteetan %12 apaldu baita hango gas eskaria; 2023an, berriz, %5 egingo du behera, eta 2024an, %1.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.