Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak agerraldia egin du gaur legebiltzarrean, Europak emandako Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismoaren funtsen inguruko datuak emateko. Torresek jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak 3.474 milioi euro eskuratu ditu 2024an.
Ekonomia sailburuak xehatu ditu datuok. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak jasotako 3.474 milioi euro horietatik 1.301 milioi Espainiako Gobernuak banatu ditu, eta EAEko erakundeek kudeatu. Bestalde, 1.922 milioi Espainiak kudeatu ditu zuzenean; horien artean, 183 milioi maileguetan kudeatutakoak eta 135 bermeetan. Horiei, gainera, 252 milioi euroko kudeaketa autonomikoa gehitu behar zaie, euskal enpresek beste erkidego batzuetan irabazitako diru laguntza eta lizitazioei dagokiena.
Lizitatutako funts horretarik 3.291 milioi euro banatu zaizkie jada azken 22.901 onuradunei. Arabari horren %12 eman zaio —ia 339 milioi euro—, Bizkaiari %31 —1.029 milioi euro baino gehiago— eta Gipuzkoari %24 —797 milioi baino gehiago—. Gainera, Madrilgo erkidegoak lortutako funts batzuek eragina izango dute EAEn, adibidez Mercedesen kasuan. Enpresaren egoitza Madrilen izan arren, lortutako funtsen inbertsio batzuk Gasteizko lantegian egingo dituzte. Ondorioz, 1.074 milioi euroko inpaktua izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
%75Enpresak. Euskal Autonomia Erkidegoak jaso dituen funtsen onuradun gehienak enpresak dira, %75. Mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak %47 dira, eta enpresa handiak %28.
Laguntzak jaso dituztenei dagokienez, onuradunen %75 enpresak dira —%47 mikroenpresak eta ETEak dira (enpresa txiki eta ertainak), eta %28 enpresa handiak—. Fundazioak (%9) eta familiak (%4) dira beste onuradunak.
Nafarroari dagokionez, hilaren hasieran gobernuak jakinarazi zuenez, Europako funtsekin lotutako 560,88 milioi euroko gastu baimenduarekin bukatu zuen 2024a. Funts horiek erabiltzeko epemuga 2026 urtearen amaiera da, eta 315 milioi exekuzio bidean daude jada. 150 proiektuk jaso dituzte Europako diru laguntza horiek.