Europako funtsetarako proiektuen zerrenda gaur onartuko du Jaurlaritzak

Espainiako Gobernura joango da orain lista hori. Kapitalari Planto-k manifestu bat zabaldu du funtsen «logika neoliberala» salatzeko

Kapitalari Planto-ren protesta, Iberdrola dorrearen parean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gaur ezagutuko dira Europako funtsen onuradun izan daitezkeen euskal proiektuetako batzuk,behin Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Euskadi Next programa onartzen eta ezagutarazten duenean. Proiektu horietako batzuk zein izan daitezkeen nahiko argi badago ere —Petronorren hidrogeno berdearen ingurukoak eta Iberdrolarenak—, zerrendako beste egitasmoei buruz garden ez jokatzea aurpegiratu diote Jaurlaritzari.

«Zarata saihestea» omen zen horren arrazoia, behin baino gehiagotan Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez. Baina opakutasun horrek berak zarata dezente sortu du. Lehen iskanbila lehen zerrenda zirriborroarekin piztu zen, abuztu bukaeran Lakuak Madrilera bidali zuen listarekin. Egun gutxian atondutako zerrenda hura PwC aholkularitza enpresak egin zuen, eta, besteak beste, AHTari lotutako proiektuak jasotzen zituen, baita «fase kontzeptualean» zeuden beste batzuk ere.

Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egindako eskakizunari esker ezagutu zen PwCren zerrendak kritika asko jaso zituen, lurraldeen arteko orekarik ez zegoelako eta azpiegitura proiektu asko zeudelako. Dena den, ezerezean gelditu zen, Azpiazuk berak duela bi aste azaldu zuenez. Ordurako, urriaren erdian Jaurlaritzako sailen arteko batzorde bat osatu zen, Euskadi Next programa osatzeko, «herri ikuspegiarekin» eratutako «programa propioa».

Eta hor ere izan da iskanbila. Azpiazuren eta Jaurlaritzako beste kideen arabera, batzorde hori hainbat eragile ekonomiko eta sozialekin bildu da, hautagaien zerrenda osatzeko. Baina ekarpenak edo eskaerak egin dituzten ahots horiek zein izan diren ez da argitara atera, eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek ez dute parte hartzerik izan, oposizioak salatu duenez. Azpiazuren arabera, lan hori gobernuarena zelako.

Madrilen galbahea

Gaur onartzekoa den Euskadi Next Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Programak egitasmo zehatzak zerrendatuko ditu, hautagaiak izan daitezkeenak Next Generation EUko eta React EUko diruak jasotzeko. Baina zerrenda hori ez doa zuzenean Bruselara, Pedro Sanchezen mahaira baizik. Espainiako presidenteak beretzat hartu du gidaritza Europako Batasunak Espainiara bideratuko dituen 140.000 milioi euroak kudeatzeko.

Iragan astearteko ministroen kontseiluan egin zen ofizial kudeaketa modu erabat zentralizatu hori, Jaurlaritzako sailburuen haserrerako. Azpiazukesan zuen ez zegoela ados gobernantza eredu horrekin, eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak gaitzetsi zuen Sanchezenak gehiago zirudiela «kudeaketa mandatu bat», 0 maila anitzeko gobernantza bat baino.

Eredu aldaketa

Beste galbahe bat ere izango dute proiektuek Bruselan, eta Espainiarentzako EBren baldintzak ere izango dira, tartean pentsioen erreformarena. Hori gaitzetsi du, besteak beste, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak, Aldaketa sakona euskal eredu ekonomikoan manifestuan. Dagoeneko 60 erakunderen eta 150 irakasleren babesa duen manifestu hori zabalik dago sinatzeko. Ekinaldiak «Europako funtsekin zerikusia duten planen logika neoliberalari» aurre egitea du helburu, «funtsek eskubide sozialen eta laboralen murrizketak dakartzatelako, eta enpresa handien interesen neurrira diseinatuta daudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.