Erresuma Batuaren irteerak suspertuta, Europako Batasunak etorkizunean zer izan nahi duen eztabaidatzeko prozedura ireki zuen Jean Claude Juncker batzordeko presidenteak. Proiektu osoari dagokio gogoeta, baina bereziki eraikuntzaren arima izan den ekonomia eta moneta batasunari. Bruselak atzo jarri zuen mahai gainean batasun horretan sakontzeko eta eurogunea indartzeko lehen proposamen sorta. Europako Finantza superministro bat izendatzea, EDF Europako Diru Funtsa sortzea eta batasuneko aurrekontuaren barruan finantzaketa tresna berri batzuk eratzea planteatu du, besteak beste. Hemezortzi hilabeteko epean eztabaidatzea eta onartzea nahi du orain.
Aurretik zetorren eztabaida. Krisi ekonomikoak eragindako zauri asko hor daude. Bankuak erreskatatzeko dirua barra-barra erabiltzen zen bitartean austeritate politiketan engaiatu eta herritar asko bazterrean utzi izanaren akusazioa atzean utzi nahi du Bruselak. Arazoa orduko bera da, ordea: nork kontrolatuko dituen tresna ekonomiko berriak eta nola finantzatuko diren.
EBk badu bere botere betearazlea, batzordea, eta baita bere parlamentua ere. Arazoa da bi horiek ez direla boteregune nagusiak. Beste bat dago, benetan axola duena: kontseilua. Pentsatu Espainiako ereduan. Mariano Rajoyren gobernuak proposatu eta Kongresuak eztabaidatutako neurri funtsezkoei buruzko azken erabakia erkidegoen kontseilu batek hartuko luke. Batasunean, estatu kideak dira. Kontseiluaren eta batzordearen arteko botere borrokaren barruan ere ulertu behar dira batasun ekonomikoan sakontzeko ekinaldiak.
Lehenbiziko urratsa ESM erreskate funtsa eraldatzea izango litzateke, horren ordez EDF Europako Diru Funtsa sortzeko. Arazo ekonomikoak dituzten herrialdeei laguntza emateko moduari dagokionez, aldaketa bakarra izena da. Ez da aldatzen funtsaren kopurua —500.000 milioi—, ezta erabakiak hartzeko modua ere: estatu kideek bozkatuko dute laguntza emango den edo ez, funtsean duten parte-hartze maila ekonomikoaren arabera.
Bruselaren ideia da funts horrek bestelako zeregin batzuk hartzea bere gain. Hasteko, NDF Nazioarteko Diru Funtsa ordezkatuko luke erreskateak gainbegiratzeko eta ezarritako baldintzak betetzen diren ziurtatzeko erakunde gisa, zorigaiztoko troika-ren eskemari agur esanda. Bigarren zeregina litzateke azken kreditu emaile izatea, bankuak likidatzeko funtsari dirua amaituko balitzaio. Kasu horretan, EDFk dirua jarriko luke, eta etorkizunean bankuek egindako ekarpenen bidez berreskuratuko luke.
Alemaniak beti ikusi du begi onez diru funtsaren ideia, baina izaera independenteko erakunde gisa irudikatu izan du. Hau da, erakunde bat non estatu kideek hartuko dituzten erabakiak, batzordeak benetan esku hartzeko aukerarik gabe. Gobernuen ikuskaritza ekonomikoa hartzea ere planteatu izan du Berlinek, Bruselaren eskuetatik aldentzeko.
Aldiz, Junckerren proposamenaren izpiritua kontrako norabidean doa, EDFren presidentetza Europako Ekonomia eta Finantza superministro baten eskuetan jartzea aurreikusi duelako. Ministroak kargu bikoitza izango luke: batzordeko presidenteordea eta eurotaldeko presidentea. Eurotaldeak krisian jokatu duen rolari kritika asko egin zaizkio. Berez, erakunde informala da, ez du islarik EBko legedian, baina botere handia pilatu du, eta erabaki garrantzitsu gehienak foro horretan hartu dira.
Eurogunerako aurrekontua
Kargu asko izanik ere, superministro berriaren botere praktikoari buruzko zalantza gehiago daude. Jatorriko filosofian, haren egiteko funtsezko bat izan beharko luke eurogunerako aurrekontu bat koordinatzea. Krisiak arintzeko eta erreformei eta inbertsioari laguntzeko bitartekoa litzateke aurrekontu hori. Frantziako presidente Emmanuel Macronek ziurtatu zuen «BPGaren hainbat puntuko» finantzaketa izan beharko lukeela.
Alemaniaren zalantzak eta euroa ez duten herrialdeen jarrera kritikoa jakinda, eurogunerako aurrekontu hori proposatzeari uko egin dio Bruselak. Horren ordez, baldintzapeko finantzaketa tresna batzuk planteatu ditu. Egonkortze funtzio bat legoke, krisiak dituzten herrialdeetan inbertsioak gelditzen ez direla bermatuko lukeena. Erreformak laguntzeko eta euroan sartu nahi diren herrialdeen konbergentzia errazteko finantzaketa ere jasotzen du proposamenak.
Oraingoz, euroguneko aurrekontu zeharkako hori ideia bat baino ez da, eta batzordea ez da ausartu ere egin eduki ekonomiko bat kalkulatzera. Horietarako dirua batasun osorako aurrekontutik atera beharko da, eta herrialdeek ez dute gogo handirikdiru gehiago jartzeko. Gaur-gaurkoz, asko jota EBko barne produktu nazionalaren %1 izan daiteke aurrekontu hori.
Bruselak uste du Erresuma Batua irteten denean zenbaki horrek ez duela zentzurik izango, eta aurrekontu esparrua osorik berrikusi beharko dela, 2020. urtetik aurrera. «Diru sarrera handiagoak izatea eztabaidatuko dugu. Badakigu herrialdeek aho batez onartu behar dutela, baina argudio onak ditugu», zehaztu zuen aurrekontuaz arduratzen den komisarioak, Guenther Oettingerrek.
Europako Finantza ministroa eta diru funtsa, euroa indartzeko bide orrian
Junckerren batzordeak bere proposamenak aurkeztu ditu batasun ekonomikoan sakontzeko. Ez da aipatzen eurogunerako aurrekonturik, eta zenbait finantza tresna daude balizko krisiak arintzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu