Europako elikadura katearen lege bat behar dela aldarrikatu du Nafarroako EHNEk

Hamar puntuko eskaerak biltzen dituen dokumentu bat helaraziko die Nafarroatik Bruselara joango diren hiru legebiltzarkideei, Europako Parlamentuan aurkez dezaten.

Patxi Encaje, Fermin Gorraiz eta Patxiku Irisarri, Nafarroako EHNEren Iruñeko egoitzan. NAFAROAKO EHNE
Patxi Encaje, Fermin Gorraiz eta Patxiku Irisarri, Nafarroako EHNEren Iruñeko egoitzan. NAFAROAKO EHNE
joxerra senar
2024ko ekainaren 11
13:20
Entzun

Bruselan hartzen diren erabakiek garrantzi handia dute lehen sektorearentzat, eta, horregatik, EHNEk dekalogo bat emango die igandean hautatutako hiru parlamentari nafarrei —PSOEko Elena Santxo, PPko Antonio Lopez-Isturiz eta EH Bilduko Pernando Barrena—. Horretan, nekazarien eta abeltzainen egungo egoerari erantzuteko neurriak proposatzen dira. Besteak beste, Europako elikadura katearen lege bat sortzea proposatzen dute. Iruñean eman dute dokumentu horren berri Nafarroako EHNEko presidente Fermin Gorraizek, Patxi Irisarri idazkari nagusiak eta Patxi Encaje zuzendaritzako kideak

Bidezko prezioak lortze aldera, Europa mailako elikadura katearen lege bat bultzatzea proposatzen du sindikatuak, «katebegi guztiak babesteko asmoz», eta euren arteko harremanak berrikusteko eta doitzeko. EHNEren arabera, elikadura katean sortzen diren gainbalioak hobeto banatu behar dira, eta legeak eragotzi egin behar luke ekoizleek kostuen azpitik saltzea. Ondorioz, uste du banatzaile handien negozio marjina egokitzera behartu beharko litzaiekeela.

Aurreko hilabeteetan Bruselan egin izan diren protestetan, lehen sektoreak jomugan izan ditu merkataritza libreko akordioak. Ildo beretik, Nafarroako EHNEk aldarrikatu du elikagaiak ezin direla izan tankera horretako akordioen «txanpon trukea». Gainera, proposatu du EBk portuetako kontrol bateratua izatea, kanpotik etortzen diren elikagaiak kontrolatzeko. 

Merkataritza praktika desleialen inguruko zuzentaraua onartzea galdegin du, denek joko arau berak izan ditzaten: «Bitartekarien eta enpresa handien finantzaketak ezin du gure bizkar egon».

NPB Nekazaritza Politika Bateratuari dagokionez, EHNEk azaldu du «Europaren elikadura subiranotasuna berreskuratzeko» balio behar lukeela. Gainera, laguntza banatzeko sistema «errotik» aldatzea premiazkoa dela uste du. Egun, laguntza zuzenen atala eskubide historikoetan oinarritzen da, eta EHNEk azaldu du eredu hori ezabatu beharko litzatekeela, familietan oinarritutako familia ustiategien alde. Gainera, esan dute NPBren laguntza eskaeren eta haien jarraipenaren tramitazioa nabarmen sinplifikatu beharko litzatekeela, egun burokrazia lan horrek nekazariei beren denboraren %10 kentzen baitie.

Luzarorako ikuspegia

NPBren barruan, ingurumen baldintzak ezarri ohi ditu Europako Batasunak. EHNEren ustez, klima aldaketari aurre egitekoan lehen sektorearen errealitatera egokituko diren neurriak bultzatu behar dira. Hala, fitosanitarioen erabilera mugatu eta laborantza ekologiko bateranzko urratsak egin nahi badira, hori luzaroko ikuspegiarekin egin behar dela diote, eta ez epe motzera. Gainera, prestakuntzari garrantzi handia ematen diote alor horretan.

Dekalogo horretan, gobernantzari begirako proposamenak jaso dituzte. EBren aurrekontuaren %40 laborantzak eta abeltzaintzak jasotzen dutenez, Europako Batzordeko presidenteordetza bat izatea egoki ikusten dute. Halaber, EBren barruan presio taldeak desagertu beharko liratekeela deritzote, korporazio handien mesederako sistema delako eta europarlamentarien iritzia aldatzeko boterea dutelako.

Azkenik, premiazkotzat jotzen dute belaunaldi erreleboari aurre egiteko plan bat bultzatzea, hurrengo hamarkadan hamar laboraritik sei erretiratuko direlako. Sektorean hasteko erraztasunak emateko neurriak proposatu dituzte. Gainera, langile falta nabarmena denez, migrazio politika inklusiboa behar dela uste dute: «Pentsatu behar dugu etorkizun hurbilean etorkin asko abeltzaintza eta nekazaritza ekoizpeneko unitateen jabe izango direla, eta sektorearen etorkizuneko eragile nagusiak izango direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.