Txinako Gobernuaren mehatxuek eta Alemaniako autogileen presioak ez dute eraginik izan: Txinako auto elektrikoen inportazioari muga zergak nabarmen handitzea erabaki du Europako Batzordeak, frogatutzat jo baitu laguntza publiko handiagoa jaso dutela. Neurri horren bitartez, Europako auto industria babestu nahi du Batzordeak, arriskuan ikusten baitu Txinako autogileen lehiari aurre egiteko.
Behin-behineko muga zergak uztailaren 4an dira indarrean jartzekoak, eta gaur egun indarrean daudenei (%10ekoa) batuko zaizkie. Ordura arte Txinako Gobernuak eta Europako Batzordeak kontrakoa negoziatzen ez badute, %21eko muga zerga gehigarria ordainduko dute Bruselari ikerketan lagundu diotenek, eta %38,1ekoa lagundu ez dutenek. Hiru konpainia handik tasa propio bat izango dute: %17,4koa BYDk, %20koa Geelyk, eta %38,1ekoa SAICek. Teslak ere agian tarifa propio bat izango du.
Iazko urrian ireki zuen Europako Batzordeak Txinako autoen inguruko ikerketa. Haren helburua zen neurtzea neurriz kanpoko diru laguntza publikoak jasotzen ote zituzten eta horiei esker «prezio artifizialki txikiak» lortzen ote zituzten. Baietz ondorioztatu dute Batzordeko teknikariek, Txinako autogileen kontuak aztertu ondoren, eta horregatik erabaki dute muga zerga handiagoekin erantzun behar diola «lehia desleialari».
Txinako ekoizleei ez ezik, han autoak egin eta gero EBra eramaten dituzten ibilgailuei ere eragingo diete. Horien artean daude Tesla estatubatuarra, BMW alemaniarra eta Renault frantziarra —azken horrek Txinan ekoizten du Dacia Sandero elektrikoa—.
Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa Europan ibili zen joan den astean eta «protekzionismoaren adibide garbitzat» jo zituen muga zerga posibleak. EBren erabakia ez dela erantzunik gabe geratuko ohartarazi dio Pekinek Bruselari. Gehien aipatu diren erantzunen artean dago Europako auto handien inportazioari muga zerga bat jartzea, eta txerrikiaren eta esnekiaren inportazioen aurkako ikerketak zabaltzea. Cognac eta beste brandyen gaineko muga zergak handitzea ere aztertzen ari da.
Ikusi gehiago
Hainbat urtez EB merkatu itxia izan da Txinako autogileentzat: segurtasun neurri eskasak zituzten hango autoak eta ez zituzten EBko azterketen galbahea gainditzen. Baina egoera aldatu da, bi faktore direla-eta: batetik, Txinan aritzeko joint-venture edo enpresa partekatuak osatzera behartu zituzten Mendebaldeko autogileek, eta horiei esker autoen kalitatea handitzen ikasi dute txinatarrek. Bestetik, Txinak inbertsio erraldoiak egin ditu motor elektrikoen ekoizpen kate osoa kontrolatzeko, eta horri esker gaur egun auto elektriko onak eta erlatiboki merkeak ekoizteko gai da. Kalkulatu dutenez, Europan egindakoak baino %20 merkeagoak dira.
Elektrikoen laurdenak
Auto horiek Europako bidea aurkitzen ari dira. 2021ean Txinan egindako 210.000 auto elektriko matrikulatu ziren EBn, baina iaz jada horren halako bi izan ziren, 423.000. Merkatu elektrikoaren %27ko merkatu kuota izan zuten iaz, eta oso litekeena da aurtengoa askoz handiagoa izatea, bere banaketa sarea zabaltzen ari direlako BYD, Chery, MG eta enparauak, eta haien auto merkeagoek harrera ona izaten ari direlako.
Baina ez da txikiagoa Europako autogile batzuentzat Txinako merkatuak, munduko handienak, duen garrantzia. Horrela, Alemanian egiten diren autoen %29k Txinan bukatzen dute, eta herrialde hartako autogile handi guztiek fabrikak dituzte han ere. Volkswagen taldeak, esaterako, hiru autotik bat herrialde hartan saltzen du.
Txinako merkatuak Volkswagen, Mercedes eta BMWrentzat duen garrantzia argi uzten du Bruselak erabakitako muga zergaren maila ez dela hurreratzen AEBetan jarritakoari: %100ekoa ordaindu behar dute. Apenas saltzen den Txinako auto elektrikorik AEBetan, eta mugimendu horrekin eragotzi nahi dute beren lekua egitea, AEBetako autogile propioen kaltetan, General Motors, Ford eta Stellantis bera (hura da Jeep, Chrysler, RAM eta Dodgeren jabea).
%25Muga zergen ondorioa. Kiel institutuak dagoeneko kalkulatu du zer-nolako eragina izango duen Txinako auto elektrikoen inportazioei muga zergak jartzea. %20ekoa balitz, %25 jaitsiko lirateke inportazioak; hau da, 125.000 auto gutxiago.
EBk jarriko dizkien muga zergei izkin egiteko modu bat da fabrikak kontinente zaharrean jartzea. Dagoeneko bi iragarri dituzte: Cheryk dagoeneko kontratua sinatu du Ebrorekin Bartzelonan auto lantegi bat egiteko, Nissanek bere garaian okupatutako lekuan. BYDk Hungaria aukeratu du, eta herrialde hartan leku bila ari da Great Wall Motor ere. Leapmotorrek, berriz, akordioa egin berri du Stellantisekin bere autoak Europan saltzeko, eta, Reutersen arabera, hark Tichyn (Polonia) duen lantegi batean egingo dituzte.
Bada beste arrazoi bat lantegiak Europan jartzeko: beren kalitateari buruzko pertzepzioa hobetzea. Txinako produktu askoren kalitate kaskarrari buruzko ustea oraindik zabalduta dago, eta hori apaltzeko modu bat da ekoizpena, edo haren zati bat, Europara ekartzea.
estatu kideek dute azken hitza
Alemaniako autogileak ez ezik, Berlingo gobernua ere aritu da Europako Batzordeari presio egiten Txinako auto elektrikoei muga zergarik ez jartzeko. «Bakartzeak eta legez kanpoko muga zergek dena garestitzen dute, eta denak pobretzen dituzte», ziurtatu du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak. Haren protestarekin bat egin dute Suediak eta Hungariak ere. Azken hori hautatu du BYDk Europako bere lehen fabrika egiteko, eta ez du, beraz, Pekin haserretzeko arrazoirik nahi. Suediak, berriz, gogoan du Volvoren jabea Txinako Geely autogilea dela, eta hura da Bruselak ikertu dituenetako bat.
Europako Batzordeak badu eskumena muga zergak behin-behinean bere kabuz inposatzeko, baina azken hitza EBko gobernuek dute, eta haiek erabakitzen dituzte azken tarifak zenbatekoak diren. Azaroa baino lehenago egin beharko dute, eta, gutxienez, hamabost kideren ezezkoa beharko da Batzordearen erabakia atzera botatzeko.
Muga zergak handitzearen alde azaldu dira, berriz, Frantzia eta Espainia.