Estutu bai, baina ito ez. Horrela uler daiteke Europako Batzordearen jarrera auto industriarekiko. Helmuga nagusia 2035. urtean jarri du, urte horretatik aurrera autogileek debekatua izango dutelako Europako Batasunean gasolina edo gasolioa erretzen duen motordun auto berriaksaltzea. Horrako bidean, tarteko helmuga batean, erreketa motorren kutsadura gutxitzeko urratsetan epel jokatzea erabaki du Bruselak, eta Euro 7 arau berrian ez du oso helburu zorrotzik jarriko.
Atzerapen handiarekin, litekeena da Europako Batzordeak gaur aurkeztea Euro 7 isurketa arau berriari buruzko proposamena. Azken hitza, ordea, ez da harena izango, Europako Parlamentuarena baizik, eta ez da baztertu behar parlamentariek legea zorroztea, gutxiago eragin ohi dielako industriaren presioak.
Hedabide batzuek aurreratu dutenez, autoei dagokienez, arau berria Euro 6aren oso antzekoa izango da. 2015az geroztik dago indarrean Euro 6, eta, haren arabera, gasolinazko motor batek gehienez gramo bat CO2 isur dezake kilometroko, eta 0,5 gramo diesel motor batek. NOx beste gas kutsagarriari dagokionez, dieselak gehienez 0,08 gramo isur ditzake, eta 0,06 gasolinak.
Kopuru horietan aldaketak ez egiteak esan nahi du autogileek ez dituztela beren erreketa motorrak eguneratu beharko, eta inbertsioak gorde ahal izango dituztela beren ekoizpen kate osoa auto elektrikoetara moldatzeko. Berri ona da hori auto industriarentzat, «inbertsio benetan garrantzitsuetan distrakziorik ez izateko», haietako batek Politico-ri aitortu dionez.
Berria ez da hain ona autoen kutsadura arnasten duten herritarrentzat; airearen hobekuntza soilik etorriko da auto elektrikoek errekuntzakoak ordezkatzen badituzte. Europako Ingurumen Agentziaren datuen arabera, 2019an 307.000 lagun hil ziren partikula horiek arnasturik, eta beste 40.000 NOx arnasturik.
Aldaketa arin batzuk bai izango dira, ordea. Horrela, galgek eragiten dituzten partikulak gutxitu egin beharko dituzte ibilgailuek. Erreketa autoei ez ezik, auto elektrikoei ere eragingo die arau horrek, horietan ez baita bi sistemen arteko alderik. Gainera, Batzordeak agindu du aurrerantzean zorrotzago kontrolatuko dutela autoen gas kutsagarrien benetako isuria. Euro 7 araua 2025ean da indarrean jartzekoa, baina galgen partikulei dagokien atala 2035 arte ez da indarrean izango.
Kamioiei, autobusei eta motorrei dagokienez, ordea, EBk isuri txikiagoak eskatzea espero da. Hiru ibilgailu horiei ez die eragiten 2035etik aurrerako erreketa motorren debekuak, haien elektrifikazioa zailagoa delako eta motelago doalako.
1993an mugatu zituen lehen aldiz Europako Batasunak ibilgailuen gas kutsagarrien isuriak, eta orduz gero beste bost arau egin ditu, denak aurrekoak baino pixka bat zorrotzagoak. Auto industriak gogo txarrez hartu ditu arauak, baina kexuak kexu, bete egin ditu.
Debekua bera, auzitan
Euro 7 ez gogortzeak agian eragingo du atzeratu egingo direla errekuntza motorreko auto gehiago ez egiteko erabakiak, eta ez da baztertu behar batzuek 2034 arte itxarotea. Baina azken datu hori bera ezbaian jar daitekeela onartu berri du Thierry Breton EBko Merkatu komisarioak. Elkarrizketa batean, gogorarazi du onartu berri duen legearen atal batean aipatzen dela debekua 2026an aztertuko dutela, egingarria ote den ikusteko.
Europako Batzordeak epel jokatuko du Euro 7 kutsadura arauarekin
Lehentasuna autoen elektrifikaziorako inbertsioek dutela iritzita, autoen errekuntza motorrei isuri mugak gehiago ez zorroztea hobetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu