Energia

Europako Batzordeak epe luzeko kontratuekin merkatu nahi du argindarra

Eguneroko merkatua bere hartan uztea proposatu du Bruselak, baina haren eragina txikituko dela uste du. Frantziako Gobernua gustura azaldu da, erreaktore nuklear berriei mesede egiten dielako.

Kadri Simson EBko Energia komisarioa, gaur, Estrasburgon. JULIEN WAYNAND / EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 14a
18:35
Entzun

Argindar merkatuaren aldaketa sakon eta motelaren ordez, erreforma arin eta bizkorra hobetsi du Europako Batzordeak. Energia berriztagarriak azkarrago heda daitezen, instalazio berriei prezio egonkor bat bermatzen dieten epe luzeko kontratuak bultzatzea proposatu du.

Bruselaren asmoek aurrera egingo balute, aurrerantzean ere iturririk garestienak finkatuko luke prezioa epe laburreko merkatuetan (gasak, alegia), baina haren pisua txikiagoa izango litzateke eta, oro har, prezio apalagoak eta egonkorragoak ordainduko lituzkete herritarrek eta enpresek.

Kadri Simson Energia komisarioak gaur aurkeztutakoa Batzordearen proposamena baizik ez da, eta haren gainean negoziatuko dute orain Europako Batasuneko 27 kideetako gobernuek. Alemaniaren, Herbehereen eta oraingo sistema asko ez aldatzeko eskatu zutenen aldera lerratuta dago proposamena, eta motz geratzen da Espainiak, Portugalek, Italiak eta ekialdeko beste herrialde batzuek eskatzen zuten sakoneko erreformatik.

Parisen erantzuna

Azken talde horretan zegoen Frantzia ere, baina begi onez hartu du Simsonek aurkeztutakoa, uste baitu erreaktore nuklearrak eraikitzeko inbertsioak bermatuko dituela.

Frantzia da energia nuklearraren menpekotasun handiena duen EBko kidea —argindarraren %70 sortzeko gai dira erreaktore guztiak martxan ari direnean—, eta beste sei erreaktore eraikitzeko asmoa azaldu du Emmanuel Macron presidenteak.

Bruselaren proposamenarekin, erreaktore berri horiek baliatu ahal izango lituzkete instalazio berriztagarri berrientzat proposatutako epe luzerako kontratuak. Dagoeneko indarrean dauden baina gutxi erabiltzen diren bi kontratu dira: PPA eta CfD, ingelesezko laburduretan.

CfD kontratuak (Contracts for Difference) estatuek eta energia hornitzaileek sinatutako kontratuak dira, sortutako argindarrari prezio finko bat emateko balio dutenak; merkatu librean prezioa handiagoa bada, erosleak (estatuak) aldea ordaindu behar dio argindar konpainiari; azken prezioa txikiagoa bada, konpainia da estatuari aldea itzuli behar diona, eta estatuak diru hori erabiliko du fakturak txikitzeko inbertsio berrientzat ez ezik potentzia handitzen duten zentralentzat ere balioko lukete CfD horiek.

Bigarren kontratuak PPA izena du (Power Purchase Agreement) eta energia sortzen duen enpresaren eta merkaturatzen duenaren artekoa da. Haren bidez, epe jakin baterako prezio bat hitzartu dezakete bi konpainiek.Talde bereko enpresen arteko kontratua izan daitekeenez, gardenago egitea eskatu zuen Espainiako Gobernuak bere proposamenean.

Madrilek urrunago joan nahi du

Madril ere epe luzeko kontratuen aldekoa da, baina urrunago joan nahi du: prezio finkoak ezarri hidraulikoen eta nuklearren elektrizitateari, enkanteak bultzatu ziklo konbinatuko zentralentzat, eta estatu kideei aukera eman beren merkatuetan esku hartzeko. Azken aukera hori soilik sekulako igoerak daudenerako uztea proposatu du, kontrara, Europako Batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.