Koronabirusa

Europako Batzordea prest azaldu da Batasuneko aurrekontua bikoizteko

Laguntza programak finantzatu nahi ditu horrela. Iparraldeko estatuek ez dute beren gain hartu nahi horren zama, nahiago dituzte maileguak

Valdis Dombrovskis, Batzordeko presidenteorde ekonomikoa. V. MAYO / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Europako Batzordea prest dago 2021-2017ko aldirako aurrekontu «ausart» bat aurkezteko: gaur egungoa bikoizteko. Hala iragarri du Valdis Dombrovskis Batzordeko presidenteorde ekonomikoak. Batzordeak igoera horrekin aurre egin nahi die koronabirusaren krisia dela-eta estatuak laguntzeko Europako Batasunak martxan jarri dituen eta garatuko dituen programen kostuei.

Indarrean dagoen aurrekontua nagusiki 27 kideen ENG errenta nazional gordinaren %0,904 bidez finantzatzen da; alegia, estatuen beraien ekarpenen bidez. Batasunaren historian, inoiz ez da %1,33 baino handiagoa izan. Dombrovskisen iragarpena baieztatuz gero, %2 izan beharko luke, aurrekontua egungoaren halako bi izateko: alegia, 1,7 bilioi eurokoa, Europako Parlamentuak eskatutakotik—bi bilioi— gertu, beraz.

Egitasmoak ez du bide erraza izango, baina. Batzordeak hainbat kontu argitu behar ditu oraindik. Laguntza programen finantzaketa aurrekontuen bidez egin nahi badu, eta, horren zama nagusia estatuengan jarri nahi badu, berriz ere topo egin dezake EBko kutxetatik jaso baino diru gehiago jartzen duten herrialdeekin; bestela esanda, iparraldeko estatuen betoarekin.

Koronabirusaren krisiak eztanda egin baino aste batzuk lehenago, otsailean, aurrez aurre egindako azkeneko bileran, EBko buruzagiek ez zuten akordiorik lortu. Bruselak mahai gainean jarri zuen zuen ENG %1,11 izatea, baina iparraldeko estatuek ez zuten onartu: %1 nahi zuten haiek, eta %1,3 hegoaldekoek. Orduan, brexit-ak EBren aurrekontuetan eragingo duen 12.000 milioi inguruko zuloa zuten kezka nagusia. Orain, koronabirusaren krisiak txiki utziko du hori, eta laguntza berriak eta horien tamainak ere nabarmen handituko dira.

Horrekin lotuta, Europako Parlamentuko bost talde nagusiakadostasun batera iritsi ziren atzo. Ebazpen ez lotesle baten bidez proposatu dute funtsak banatzea «gehienbat» itzuli beharrik gabeko diru laguntzen bidez —alegia, EBren aurrekontuetatik tiraka—; eta «neurri txikiagoan», maileguen bidez. Estatuen artean, aukera hori Espainiak, Frantziak eta Italiak nahi dute. Alemaniak eta Herbehereek, ez; hori eginda EBko aurrekontuetan euren ekarpenak handituko liratekeelako.

Hori ikusirik, parlamentuak proposatu du egungo maila nominala mantentzea, eta trukean aurrekontua elikatzen duen baliabide propioen sistema erreformatzea. Zehazki, Europa mailako zergen bidez finantzatzea laguntza funtsak; besteak beste, zerbitzu digitalei, finantza transakzioei edo emisio kutsatzaileei ezarritako zerga bidez.

Lehen urratsak

Datorrenari aurre egiteko, Bruselak oraingoz 540.000 milioi euro inguruko lehen pakete bat aurkeztu du. Horietatik 240.000 milioi Europako erreskate funtsari (ESM) dagozkio. Ekonomia eta Finantza ministroek joan den astean onartu zituzten laguntza horientzako baldintzak: %0,115eko interesa 10 urterako, osasun gastu zuzenak eta zeharkakoak ordaintzeko baimena, eta herrialde bakoitzeko irismena BPGaren %2 izatea gehienez.

Laguntza horri gehitu behar zaizkio Europako Inbertsio Bankurako beste 100.000 milioi euro, eta beste 100.000 milioi Sure programarako —COVID-19ari aurre egiteko langabezia sari berezientzako: aldi baterako lan erregulazioak, autonomoentzako laguntzak...—. Azken horri buruzko aurreakordioa egin zuten atzo Batasuneko kideek. Programa hori finantzatzeko, Batzordeak Europako zorra jaulkiko du, eta estatuei eskatu die hori bermatzeko edo abala emateko; maileguen bidez banatuko ditu laguntzak, baina «baldintza onetan».

Bileran, Espainiako Ekonomia ministro Nadia Calviñok jakinarazi zuen Sure programako laguntzak eskatuko dituela Madrilgo gobernuak, baina ez zuen argitu ESMaren kasuan zer egingo duen. Espainiak ahalik eta gehien atzeratzen ari da erreskate funtsera jotzea, horrek sor diezaiokeen estigma saihesteko eta, bereziki, zor publikoaren merkatuan bere arrisku saria handitu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.