Europako Batasunean, lobbygintzan AEBtako teknologia konpainia handiek jartzen dute diru gehien

Batez beste, urtero, konpainiek 97 milioi euro gastatzen dituzte lobbyetan. Iaz, Googlek, Facebookek eta Microsoftek 5 milioi eurotik gora gastatu zituzten, besteak beste.

Beijingeko Googleko bulegoak. ROMAN PILIPEY / EFE
June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 31
15:42
Entzun

Google, Facebook eta Microsoft dira Europako Batasunean lobbygintzan diru gehien jartzen duten konpainiak, Corporate Europe Observatory eta Lobby Controlek gaur argitaratutako ikerketa baten arabera. AEBetako erraldoi teknologikoen helburua haien itzelezko nagusitasuna geldiarazteko mugimenduei aurre egitea da, bai Europako Batzordearen ikerketa eta isunei, bai Europako Parlamentutik etor daitezkeen arau berriei ere.

Bi dira konpainia horiek lobbygintzaren bitartez kamustu edo, behintzat, haien mesedera lerratu nahi dituzten legeak: Merkatu Digitalen Legea eta Zerbitzu Digitalen Legea.

Baina teknologikoak ez dira bakarrak. Ikerketaren arabera, 612 konpainiak, interes taldek eta elkartek urtero 97 milioi euro gastatzen dituzte lobbyetan, ekainean EBko Gardentasun Erregistroan aurkeztutako datuen arabera.

Sektore askotakoak dira; besteak beste, farmazeutikoa, erregai fosilena, finantzarioa eta kimikoa. Baina, Bruselako lobbygintzari erreparatzen dioten gobernuz kanpoko erakundeen ustez, «teknologiako konpainia handiek eta, oro har, industria digitalak gero eta presio handiagoa egiten dute. Horrek ondo islatzen du sektoreek gizartean duten garrantzi handia».

Horien artean, Googlek iaz 5,75 milioi euroko gastua gainditu zuen; Facebookek 5,5 milioi gastatu zituen; Microsoftek, 5,25 milioi; Applek, 3,5 milioi; Huaweik, hiru milioi; eta Amazonek, 2,75 milioi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.