Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa ixtear da, Macronen haserrerako

Ursula von der Leyen Montevideon da, akordioaren azken xehetasunak lortzeko. Eliseoak jada esan du akordioa onartezina dela Frantziarentzat.

Ursula Von der Leyen atzo Montevideon, Luis Lacalle Uruguaiko presidentearekin egindako bileran. EUROPAKO BATZORDEA
Ursula Von der Leyen atzo Montevideon, Luis Lacalle Uruguaiko presidentearekin egindako bileran. EUROPAKO BATZORDEA
Irune Lasa.
2024ko abenduaren 5a
16:45
Entzun

«EB-Mercosur akordiorako helmuga bistan dago. Landu dezagun, gurutza dezagun». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Montevideora iritsi berritan esandakoek erakusten dute oraingoan gerta daitekeela planetak lerrokatzea. Mercosurren —Argentina, Brasil, Bolivia, Paraguai eta Uruguai — eta EBren arteko merkataritza libreko ituna bururaino iristen bada, 780 milioi kontsumitzaile izango lituzkeen merkatua eratuko litzateke.

Hori bai, gauza bat da akordioa ixtea, eta beste bat gero abian ezarri ahal izatea. Frantzia ez baitago ados, eta ez da inoiz egon. Horregatik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak —herrialdea krisi politiko betean duen bitartean— tartea hartu du Von der Leyeni deitzeko eta esateko akordioaren zirriborroa «onartezina» dela.

Kontua da, ordea, Frantzia ez dela nahikoa akordio hori bertan behera uzteko, nahiz eta haren alde izan Polonia, Austria eta Herbehereak. Europako Parlamentuak atzera bota dezake akordioa, edo denen artean gutxienez EBko biztanleriaren %35 bilduko lukeen herrialdeen talde batek. Frantzia, azkenaldian, asmo horrekin dabil Italia eta Errumania limurtu nahian.

Ez dirudi Macronek ezer eragotziko duenik oraingoz. Von der Leyen ez da Montevideoraino joan esku hutsik itzultzeko, eta pentsatuko zuen  Errepublikako presidenteak galtzak bete lan dituela lehen ministro eta gobernu berria hautatzen. Batzordeak Alemania, Espainia eta Portugal ditu bere alde akordioa sinatzeko.

Europako Batzordearen arabera, Europako enpresek urtero 4.000 milioi ‘aurreztuko’ lituzkete muga zergetan.

Edonola ere, nazioarteko testuingurura begira, Europako Batzordeak badu argudiorik EB-Mercosur ituna defenditzeko. Horietan nagusia Donald Trump da. AEBetako presidentetza berriak muga zergekin egin dezakeenaren beldur, bai Europari eta bai Hego Amerikako gobernuei orain are konbentzigarriagoa zaie elkarren arteko salerosketak erraztea.

Horrez gain, EBrentzat eta Mercosurreko herrialdeentzat beren arteko merkataritza liberalizatzea modu bat izan daiteke Txinarekiko menpekotasuna arintzeko.

Ikusteko dago, hori bai, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidente eta itunaren defendatzaileak Javier Milei Argentinako presidentea limurtuko ote duen. Mileik uste du Trumpekin duen harreman onari esker lor dezakeela bere herrialdearen eta AEBen arteko merkataritza itun propioa.

Mercosurrekin ituna eginda, Europako Batasunak, adibidez, Hego Amerikan autoak saltzeko erraztasunak izango lituzke, eta oro har, manufakturak —makineria, ehunak eta sendagaiak—. Era berean, pentsatzen dute ituna onuragarria izango litzatekeela Frantziako gazta eta ardo ekoizleentzat ere. Batzordearen arabera, Europako enpresek urtero 4.000 milioi aurreztuko lituzkete muga zergetan.

Europako nekazarien kezka

Baina, beste aldean, Europako nekazariek badituzte kezkarako —eta protestarako— zenbait argudio ere. Uste dute haragi ekoizleena izango dela EB-Mercosur akordioarekin Europan galtzen aterako den sektore nagusia.

EBko nekazari horiek salatu dute hainbat arau bete behar izaten dituztela elikagaiak ekoizteko, Hego Amerikakoek bete behar ez dituztenak. Horregatik, besteak beste, ispilu klausulak eskatzen dituzte, Mercosurreko herrialdeetan ere joko arau berak ezartzeko.

Atlantikoaren beste aldean, lehengaien, sojaren eta haragiaren sektoreak dira Txinaz aparteko merkatu bila dabiltzan sektore handienak.

MENDE LAURDEN NEGOZIATZEN

Europako Batasunak eta Mercosurreko herrialdeek 25 urte daramatzate merkataritza libreko itun bat negoziatzen. Bai, mende laurden. Beraz, zentzuzkoa da erresalbu guztiarekin hartzea akordio bat. 2019. urtean bertan jada iritsi zen akordio bat, baina ez zen berretsi. Austriak, Frantziak, Herbehereek eta Irlandak zalantzan jarri zituzten hegoamerikarrek ingurumenari lotuta hartutako konpromisoak, eta negoziazio gehiago behartu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.