Mubileko zuzendaria

Igor Villarreal Sarria: «Europako auto elektrikoak ez badira merkatzen, kanpotik etorriko dira»

Mubil aste gutxi barru lekualdatuko da Tolosako behin-behineko egoitzatik Zubietako eraikin berrira. Garraio elektrikoaren «erreferente» bilakatu nahi dute eremu hori, eta sektoreko enpresen arteko sinergiak sortu.

Igor Villarreal Mubileko egoitzaren kanpoan, Tolosan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Villarreal Mubileko egoitzaren kanpoan, Tolosan. ANDONI CANELLADA / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 11
05:05
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio elektrikoa sustatzeko sortu zuen Mubil, eta azaroaz geroztik Igor Villarreal Sarria (Donostia, 1972) da haren zuzendaria. Villarreal zientzia kimikoetako lizentziaduna da, eta aurretik Ikerlan zentro teknologikoko ikertzailea izan da. Urteak daramatza garraio elektrikoen inguruan ikertzen, eta SOFC erregai pilen proiektuaren arduraduna izan zen bere garaian. Orain, Mubil Mobility Expo prestatzen murgilduta dago; datorren astean egingo dute, apirilaren 17an eta 18an, Irungo Ficoba erakustazokan.

Zer da Mubil Mobility Expo?

Batez ere ibilgailu elektrikoen industriaren garapenari erreparatzen dio azokak. Sinergiak sortu nahi ditugu balio katean dauden enpresekin. Start-up-ak, ETEak eta Euskadin dauden enpresa erreferenteak egongo dira bertan, baita nazioarteko baten bat ere. Europa hegoaldeko feria industriala bilakatu nahi dugu.

Zenbat jende espero duzue?

Esposizioa jada beteta daukagu, eta 2.000 bisitari izatea espero dugu. Mila lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta oraindik astebete falta da.

Azoka antolatzeaz gain, egoitza berrira aldatzeko lanetan arituko zarete. Zer moduz doaz egoitza berriaren lanak?

Dagoeneko azkeneko asteetan gaude. Hurrengo asteetan, hilabete edo bi hilabete barru, lekualdatzen hastea espero dugu. Eskuzaitzetako poligonoan 40.000 metro koadro egongo dira. Eremu fisiko horretan hainbat enpresa eta eragile arituko dira lanean garraio elektrikoan, eta nazioartean erreferente izatea nahi dugu.

Zertarako dago pentsatua eraikin berria?

Eraikin berrian gauza askotarako guneak izango ditugu. Garrantzitsuenak biltegiratze elektrikoak, trakzio sistema elektrikoak eta hidrogenoaren bitartez motor elektrikoak bultzatzearen inguruko laborategiak izango dira; oso laborategi aurreratuak dira. Horien bitartez, enpresei eta unibertsitateei aukera eman nahi diegu haien proiektuak hemen garatu ahal izateko, eta ikasleak etorkizunerako prestatu. Beste eremu batzuk ere egongo dira, sinergiak sortzeko. Azken finean, Mubilen helburua da interakzio pribatuaren eta publikoaren bitartez garraio jasangarriaren inguruko egitasmoak bultzatzea, bai arlo teknologikoak lehiakortasunari eusteko, bai katalizatzaile lanak egiteko. Mugikortasunaren lan esparru guztiak hartzen ditugu kontuan, ez bakarrik autoak.

Beste lurraldeetako enpresekin ari zarete lanean?

Gipuzkoako Foru Aldunditik jaio zen Mubil, baina gure lan esparrua Euskadi da. Arabako eta Bizkaiko enpresa batzuekin lan egiten dugu. Lurraldeetako enpresen arteko sinergia oso handia da.

«Biltegiratze elektrikoak, trakzio sistema elektrikoak eta hidrogenoaren bitartez motor elektrikoak bultzatzearen inguruko laborategiak izango dira garrantzitsuenak»

Garraio elektrikoaren tresna nagusi bat auto elektrikoak dira. Baina iaz Hego Euskal Herrian saldutako autoen %7,4 soilik izan ziren elektrikoak. Zer egin daiteke datu horiek hobetzeko?

Nik uste gaur egun hasierako prezioa dela arazo nagusia. Arazoa ez da hainbeste kargatzea, nahikoa kargaleku baitaude dauden autoentzat. Bestela izango da auto kopurua handitzen bada: kargaleku gehiago egin beharko dira. Eta autonomia ere ez da arazoa. Egunerokoan autoa erabiltzen duten gehienek auto elektrikoaren autonomiarekin egin ditzakete bidaiak, eta bestela badaude kargaleku nahikoa. Arazo handiena finantzaketan dago gaur egun.

Auto elektrikoak eta haien aseguruak garestiagoak dira. Deskarbonizaziorako arazo izan daiteke hori?

Nabarmen. Azken finean, prezioak garrantzia du. Baina kontu bat nabarmendu nahiko nuke: gauza bat da autoaren lehen kostua, denek erreparatzen diogu horri, eta beste bat autoaren bizi osoa kontuan hartzea. Gaur egun, hasierako prezioa garestiagoa da auto elektrikoetan, konbustiokoen aldean, baina, bizi osoa kontuan hartzen badugu —hau da, mantentze lanak, kargatzea eta abar—, merkeagoa ateratzen da. Baina, orain, lehenengo zatian dago gakoa. Europako auto elektrikoak ez badira merkatzen, kanpotik etorriko dira autoak, prezio lehiakorragoa izango dute, eta hutsune hori beteko dute. Adibide gisa: iaz, Europan, Teslaren auto elektrikoak saldu ziren gehien.

Europako Batasunak eskatzen duen kargaleku kopurua bete ahal izango da?

Uste dut hor erronka bat dagoela, planean bildutako zenbakiak betetzeko. Egia da joan den urtetik hona handitu egin dela kopurua. Estatuan, kargalekuen erabilera %6koa da; horrek esan nahi du denboraren %94 hutsik egoten direla. Zuk esaten duzun plana betetzeko dago, eta, batez ere, potentzia handikoak behar dira. Horrela, denbora gutxiago egongo dira autoak gune horietan. Eta azkeneko puntua hauxe da —eta uste dut administrazioak lagundu beharko lukeela—: kargaleku bat martxan jartzeko, urtebeteko prozesua pasatu behar da; ez da prozesu arina. Administrazioak denbora hori murrizten nola lagundu dezakeen ere erronka bat da.

«Gaur egun, hasierako prezioa garestiagoa da auto elektrikoetan, konbustiokoen aldean, baina, bizi osoa kontuan hartzen badugu —hau da, mantentze lanak, kargatzea eta abar—, merkeagoa ateratzen da»

Ibilgailu autonomoak izango dira etorkizuna?

Auto autonomoei dagokienez, bost mota daude: 0 mailakoek ez dute autonomiarik, eta 5 mailakoetan gizakiak ez du parte hartzen. Tartean bost maila daude. Orain bigarren mailan gaude; hau da, gidariari errepidearen egoera eta seinaleak azaltzen dizkion mailan. Hirugarren mailan, autoak gidariaren ordez erabaki batzuk hartzen ditu; adibidez, autoak bere kabuz aparkatzen duenean edo aurreko autoaren erritmoaren arabera doanean. Gaur egun, azken horiek marka batzuetan badaude, baina ez auto guztietan. Hala ere, etorriko da.

Munduan badaude leku batzuk laugarren mailako autoak hirietan erabiltzen dituztenak. San Frantziskoko [AEB] taxiak halakoak dira. Hala ere, bosgarren mailakoak heltzen direnean, beste aldaketa batzuk eskatuko dituzte: administrazioa, legeria, aseguruak, konektibitatea, zibersegurtasuna... Egoera horrek gero eta inplikazio handiagoa ekarriko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.