Europako industria eta bereziki Alemaniakoa burua altxatu ezinda dabil, eta argindar kontsumoan islatzen da txakalaldi horren arrastoa. Europako Batasuneko argindar konsumoa %1 handitu zen iaz, baina, esaterako, 2018koa baino %7,4 txikiagoa izan zen, eta 2021ekoa baino %6,4 txikiagoa. Argindarra darabilten gailuak gero eta eraginkorragoak dira, baina Eurelectric Europak argindar enpresen patronalak berak onartu du industriaren krisia dela bilakaera horren arrazoi nagusia.
Europaren argindar eskaria 2.726 terawatt-ordu izan zen iaz, 2023koa baino %1 handiagoa (2.696 terawatt-ordu). Hala ere, urrun du 2018ko datua: 2.947 terawatt-ordu. Iaz herrialde gehienek pixka bat handitu zuten beren eskaria, baita Frantziak ere, krisi hotsetan murgilduta egon arren: 474 terawatt-ordutik 475era igaro zen. Hori bai: 2021ean 510 terawatt kontsumitu zituen.
Argindarra sortzeko isuritako CO2-a %13 murriztu zen 2023aren aldean, eta %59 1990aren aldean
Alemanian, berriz, kontsumoak aurkako joera izan zuen. Alemania da Europako argindar kontsumitzailerik handiena, eta pandemiaren aurretik Europako argindarraren %20 kontsumitu ohi zuen gutxi gorabehera —2018an, %20,1—-. Bada, iaz batezbesteko hori %18,4 izan zen (504 terawatt-ordu). Datu hori 2023koa baino %3,2 txikiagoa da (521 terawatt), eta 2021ekoa baino (569 terawatt) %11 txikiagoa. Eurelectricek herrialdeko industriaren krisia aipatu du bere diagnosian, sektore horren argindar kontsumoa %13 jaitsi baitzen izan.
Isuriek, behera
Eta jatorria? Bada, Europak 2732,11 terawatt-orduko argindarra sortu zuen, 2023an baino pixka bat gehiago (2.693 terawatt-ordu), eta 2022an (2.827 terawatt-ordu) eta 2021ean (2.909 terawatt-ordu) baino gutxiago. Argindar horren %24 energia nuklearrak sortu zuen, eta hura da orain ere iturri nagusia.
Hori bai, berriztagarri guztiak elkartuz gero, %48ko kuota izan zuten —%16 lur gaineko eolikoa zen, %14,5 hidroelektrikoa, %10,1 eguzkia %4,7 bioenergia, %2,2 itsasgaineko eolikoa, eta beste guztia beste iturri berriztagarri batzuk—. Erregai fosilen bidez sorturikoa —gasa, ikatza…—, berriz, %28 izan zen.
Euroelectricen datuen arabera, energia horren sorreran eragindako CO2 isuriak %13 jaitsi ziren iaz, eta, 1990eko neurketekin alderatuz gero, %59 murriztu ziren. Patronalaren arabera, iazkoa Europan inoiz ikusitako energia sorrerarik garbiena izan zen, eta joera hori areagotzeko neurriak eskatu dizkie Europako agintariei, baita industria jarduera elektrifikatzekoak ere. Argindar patronala Europako lobbyrik indartsuen eta eraginkorrenetakoa da.
Prezioei dagokienez, batez beste 82 euro kosta izan da megawatt-ordua, 2023an baino %13 gutxiago (97,3 euro). Urteko lehen hiruhilekoetan merkeago egon zen, baina garestitu egin zuen neguan. Patronalaren ustez, gasaren prezioaren igoerak, neguko eskaerak eta eguzkirik eta haizerik gabeko egunek eragin zuten garestitze hori, eta bereziki sumatu zen Alemanian, Hungarian, Errumanian eta Suedian. 2022an, energia krisi betean, 223 euro izan zen batez besteko prezioa.
Urtarril hotzaren beldur
Urtarril hotz eta lehorra espero da Europa iparraldean, haize egun gutxikoa, eta horrek gas kontsumo handiagoa ekar dezake. Maxar epe luzeko eguraldi iragarpenetan berezituriko enpresa bat da, eta hark ohikoak baino tenperatura hotzagoak aurreikusi ditu hilabete honetarako.
Parisen, esaterako, zero azpiko tenperaturak iragarri ditu urtarril erdialderako, ohi baino sei gradu hotzagoak. Adituen arabera, horrek %50 handitu dezake eraikinen beroketara bideraturiko energia kontsumoa.
Maxarrek hotza iragarri du, baina haizerik ez, eta haizerik gabe asko egiten du behera argindar sorrerak. Eskandinavian hazi errota ugari daude, eta azaroan asko nabaritu zen haize gabezia. Maxarren arabera, urtarrilean ez da hainbesterakoa izango, baina bai ohi baino txikiagoa. Egoera horretan, gasari tira egitea izan daiteke irtenbiderik logikoena, baina erreserbak %75etik behera daude, eta baliteke Errusiako gasa Ukrainan zehar bidaltzen zuen gasbidea itxi izanak arazoak sortzea horniduran.