AEBetako presidente Donald Trumpen mehatxuek eta muga zergekin elikatu duen lurrikarak ez dute Europako Batzordea kikildu, eta isun gehiago onartu ditu AEBetako bi erraldoi teknologikorentzat. 2023an onarturiko Merkatu Digitalen Araua (MDA) urratzea egotzi zien Appleri eta Metari. Aurrenekoak 500 milioi euro ordaindu beharko ditu aplikazio mugikorren dendan monopolio praktikak egiteagatik; sare sozial plataformak, berriz, 200 milioi euro ordaindu beharko ditu erabiltzaileek harpidetza bat ordaindu behar izan dutelako publizitate pertsonalizatua saihesteko.
Trumpek Europaren aurka egingo zuela esan zuenean, espresuki aipatu zuen bere ustez AEBetako enpresa teknologikoei ematen zitzaien tratu eskasa. Azken urteetan, besteak beste, Applek, Metak, Amazonek edo Googlek jasotako zigorrak zirela-eta esan zuen hori. Ikusteko zegoen Europako Batzordeak nola erreakzionatuko zuen, eta gaurko erabakiak argi erakutsi du borrokarako prest dagoela eta ez duela alboratuko enpresa teknologikoen aurkako gurutzada.
Erlazionatuta
Isunak ez dira handiak, ez behintzat Applen eta Metaren ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta. Aurretik ere handiagoak jasotakoak dira, eta urrun daude MDAk ezar dezakeen gehienezko isunetik —urteko fakturazioaren %10—. Isun hori ezarriz gero, 40.000 milioi euroko isuna jarri beharko liokete Appleri, eta 15.000 milioi eurokoa Metari. Baina Europako Batzordeko lehiakortasun arduradun Teresa Riberak azaldu duen bezala, «erabaki horiek mezu argi bat bidaltzen dute».
Monopolioa eta ordainpeko bertsioak
Eta zer egozten diete oraingoan? «Applek eta Metak ez dute MDA bete, eta enpresa erabiltzaileen eta kontsumitzaileen mendekotasuna indartzen duten neurriak aplikatu dituzte». Appleri monopolio praktikak egozten dizkio; izan ere, Apple behartuta dago App Storetik kanpoko eskaintzei buruzko doako informazioa ematera, baina, hori egin beharrean, murrizketa teknikoak eta komertzialak aplikatzen ditu, eta hala, lehiakideei eta erabiltzaileei aukera merkeagoak baliatzea eragozten die.
«Batzordeak AEBetako enpresei kalte egiten die, Europakoen eta Txinakoen mesedetan. Erabakia ez da isun soil bat; milioi askoko muga zerga bat ezarri dio Metari»
JOE KAPLANMetaren auzi globaletarako arduraduna
Metari, berriz, zera egotzi dio: Facebookeko eta Instagrameko erabiltzaileak ordaintzera behartu izana. Iazko azarora arte, erabiltzaile horiek ordainpeko sistema bat erabili behar izan zuten publizitatea saihestu ahal izateko. Isuna, beraz, iazko martxotik azarora bitarteko tarteagatik da —DMA onartu zenetik ordainpeko sistema kendu zutenera bitartekoa, alegia—. Haren ordez, Metak beste sistema bat ezarri du, onartu ala ordaindu delakoa. Sistema horretan, erabiltzaileek, ordaindu nahi ez badute, datu pertsonal ugari eman behar dituzte. Europa sistema hori ikertzen ari da.
Applek eta Metak orain hirurogei eguneko epea dute batzordearen eskaerak betetzeko; hala egin ezean, egun bakoitzeko beste isun bat jasoko dute, zeina enpresaren eguneko fakturazioaren %5era artekoa izan daitekeen. Dena den, Europako Batzordeak nabarmendu du prest dagoela konpainiekin negoziatzeko, eta hainbat arlotan borondate onaren zantzuak ikusi dituela.
Helegiteak iragarri dituzte
Bi erraldoi teknologikoak ez dira gora begira gelditu, eta helegiteak iragarri dituzte dagoeneko. Ez da Europarekin epaitegietan aurrez aurre izango diren lehen aldia, eta auzibidea agortuko dute. Applen ustez, Europaren «beste eraso bidegabe» bat da, eta erabaki hori kaltegarria da haien erabiltzaileen segurtasunerako eta pribatutasunerako. Applek gaineratu du bere ingeniariek ehunka mila lanordu egin dituztela MDAren ezaugarrietara egokitzeko, eta, EBrekin «bilera ugari» izan arren, erakundeak isuna lehenetsi duela.
Metaren izenean Joe Kaplan auzi globaletarako arduradunak hitz egin du, eta bat egin du Trumpen diskurtsoarekin: «Europako Batzordea AEBetako enpresa arrakastatsuei kalte egiten saiatzen da, eta, aitzitik, Txinako eta Europako enpresei beste baldintza batzuetan jarduteko aukera ematen die». Are gehiago, zehaztu du ez dela isun soil bat, Meta bere negozioa eredua aldatzera behartzen baitu, eta finean «milioi askoko muga zerga bat ezarri dio Metari».
TRUMP PREST AGERTU DA Txinari muga zergak nabarmen murrizteko
Ez da erraza asmatzea zein izango den Donald Trumpek hartuko duen hurrengo erabakia, ezta iragarpena zer-nola egiten duen jakitea ere: serio edo merkatuak izutzeko asmoz. Txinari ezarritako muga zergak izan ditu hizpide gaur, eta esan du prest dagoela zerga horiek «nabarmen» jaisteko, baina ez erabat kentzeko. Azaldu du Txinarekin negoziatzen hastekoa dela, eta bestelako jarrera bat erakutsi du: «Gu oso adeitsuak izango gara, baita haiek ere. Ikusiko dugu zer gertatzen den». Guo Jiakun Txinako Atzerri ministroak antzeko tonuan erantzun dio Trumpi, eta zehaztu du «ateak parez pare» irekita daudela. Gaineratu du Trump hainbatetan saiatu dela telefonoz hitz egiten Xi Jinping Txinako presidentearekin.
Bestalde, Elon Muskek jakinarazi du AEBetako gobernuari eskaintzen dion denbora murriztuko duela. Urteko lehen hiruhilekoan Tesla bere konpainiaren irabaziek %71 egin dute behera. 409 milioi euroren irabaziak izan ditu, eta auto salmentarekin lorturiko diru sarrerek %20 egin dute behera. Txinako lehiakideen presioak eta Musken eta Trumpen arteko gertutasunak eragin handia izan dute salmentetan. Gauzak horrela, Muskek aurreratu duenez, astean egun bat edo bi soilik eskainiko dizkio gobernu auziei, eta gainerako egunetan bere negozioetan jarriko du arreta.