Europak oraingoz ez dizkie igo muga zergak Txinako auto elektrikoei

Txinak Bruselari eskatu dio ikerketak alboratzeko, hala egin ezean «hornidura kateen egonkortasuna» kaltetu daitekeelakoan.

Dongfeng autogileak Yangtsenen (Txina) duen lantegiko begiraleetako bat. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Dongfeng autogileak Yangtsenen (Txina) duen lantegiko begiraleetako bat. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 6a
05:00
Entzun

Europako Batzordea (EB) Txinatik datozen auto elektrikoei muga zergak igotzea aztertzen ari da. Aspalditik jokatzen ari dira xake partida hori, eta atzoko espero zen Europaren hurrengo mugimendua. Zabaldu zenez, Bruselak atzo erabaki behar zuen muga zergak %10etik %20ra igotzea, baina batzordeak ez zuen ezer jakinarazi. Horrelako erabaki bat tentuz hartu behar da, Txina ez baita gora begira geldituko, eta haren erantzunaren eragina ere kalkulatu behar da.

Iaz, Txinan ekoitzitako 423.000 ibilgailu elektriko saldu ziren Europan —guztien %27—, 2022an saldutakoak baino %45 gehiago —300.339 izan ziren— eta 2021ean saldutakoak halako bi baino gehiago (208.894 ale). Olatu horren atzean prezioa dago, Europan ekoitzitakoak baino merkeagoak dira eta. Auto elektrikoen arrakasta apalaren —Hego Euskal Herrian merkatu kuotaren %6,6 dute— faktoreetako bat da errekuntzakoak baino garestiagoak direla; Txinatik ekarritakoak, baina, ez daude hain urrun. Horrek, halere, beste arazo bat elikatzen du: EBko auto industria, kontinenteko industriarik garrantzitsuena, ahuldu egiten du, gaur egun ez duelako modurik prezio aldetik Txinarekin lehiatzeko.

%27

Txinako autoen pisua Europan. Iaz Europan saldutako auto elektrikoen %27,5 Txinan ekoitzitakoak izan ziren. Txinan ekoitzitako 423.000 ibilgailu elektriko saldu ziren, 2022an baino %45 gehiago.

Azken egunetan EBko ordezkariek hainbat bilera egin dituzte Txinako auto ekoizleekin, muga zergak behin-behinean igotzearen kalte eta mesedeak aztertzeko. Egun %10eko muga zerga dute, baina azken urteetako datuek agerian uzten dute eragin txikia dutela merkatuan. Zabaldu zenez, Europa aztertzen ari da zerga %10 igotzea, eta, ondo bidean, neurria uztailean sartuko litzateke indarrean. Zenbait kalkuluren arabera, igoera horrek 918 milioi euroren kostua izango luke urtean Txinako ekoizleentzat. AEBak antzeko atakan daude, eta duela bi aste lau halakotu egin zituen auto elektrikoei ezarritako muga zergak.

Txina, baina, auto erosle handia ere bada Europarentzat. Iaz, esaterako, Alemanian ekoitzitako autoen %29 Txinan saldu ziren. Zurrumurru saltsa horretan, Europako Batasuneko Txinako Merkatu Ganberak iradoki zuen %25eraino igo beharko liratekeela Europatik Txinara esportaturiko motor handidun autoen muga sariak. Alemaniako autogile handiak (VW, Mercedes eta BMW) muga zergak igotzearen aurka mintzatu dira, beldur baitira Txinak antzeko neurriekin erantzungo duela, eta, hortaz, kalte egingo diela herrialde hartan dituzten negozio oparoei. Multzo horretara batu da Europako talderik handienetan bigarrena, Stellantis (Peugeot, Citroen, Fiat, Opel...).

Alemaniako auto ekoizle handiak muga zergak igotzearen aurka daude, han ekoitzitako autoen %29 Txinan saltzen dituzte eta.

Europako Batzordearen erabakiaren atzean Txinak bere auto ekoizleei ematen dizkien estatu laguntzak daude. Besteak beste, laguntza horiei esker, ekoizpen kostuak murriztu ditzakete, salneurriak apaldu, eta, horrela, «lehia desleiala» sustatu. Europak iazko urrian agindu zuen auzi hori ikertzeko, eta aurreratu zuen «zorrotza, bidezkoa eta ekintzetan oinarritua» izango dela.

Estatu laguntzen arrastoa

Aurretik ere, Bruselak ikertu izan du Txinako gobernuaren diru laguntza publikoen zenbatekoa beste sektore batzuetan. Ikerketa horren lehen pausoa ekoizleei zuzenean galdetzea izan da, eta kolaborazioa zenbatekoa izan den, horren arabera ezarri izan ditu muga zergak. Lagundu izan dutenei, %9 eta %26 arteko muga zergak ezarri izan dizkiete.

Auto elektrikoen ikerketak, baina, tirabira handiak sortu ditu. Europak, esaterako, zintzo ez jokatzea egotzi dio BYU auto ekoizleari, eta behar adina argibiderik ez ematea. Txinako gobernuak, berriz, ikerketa amaiarazteko eskatu du, hala egin ezean bi aldeen arteko harreman ekonomikoak «kaltetu» daitezkeelakoan, baita «hornidura kateen egonkortasuna» ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.