Meta enpresari 390 milioi euroren isuna jarri dio Datuen Babeserako Irlandako Batzordeak; hark epaitzen ditu auziok, Metak —Facebooken eta Instagramen jabeak— Irlandan duelako Europarako egoitza fiskala. Europako datuen babeserako araudia urratzeagatik zigortu du: 210 milioiren isuna jarri dio Facebooki, zehazki, eta 180 milioi eurorena Instagrami.
Europako Batasunean 2018an jarri zen indarrean datuen babeserako araudi orokorra, eta, berez, enpresak egokitu egin behar zituen bere sare sozialak, baina erabilitako moduak erabiltzaileak behartzen zituen enpresak jarritako baldintzak onartzera. Erabiltzaileei eskatu zieten aplikazioak erabiltzeko baldintza berriak onartzeko, eta, horren barruan, erabiltzaileen datu pertsonalak prozesatzeko eskubidea ematea sartu zuten baldintza gisa.
Enpresak erabiltzaileari eskatu zion «eskubide zibileko kontratu huts bat» balitz bezala onartzeko aplikazio horien erabilera, beraz. Baina salaketa auzitara eraman zuen gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Metak ez zion erabiltzaileari publizitate bideratua baztertzeko aukerarik eman.
Gobernuz kanpoko erakunde horren salaketari arrazoia eman dio batzordeak orain, eta Metari agindu dio, gainera, hiru hilabeteko epean, bi sare sozial horietako erabiltzaileei aukera eman behar diela argi erabakitzeko norbere datuak Metak publizitaterako erabiltzea nahi duten edo ez.
Ebazpenaren arabera, «gardentasunerako» betebeharrak urratu ditu Metak, zehazki, eta oinarri juridiko oker bat erabili zuen erabiltzaileen datu pertsonalak publizitaterako erabiltzeko eskarian. Whatsappi buruz beste salaketa bat ere bada, eta heldu den astean erabakitzekoak dira.
Helegitea jarriko du
Metak, hala ere, iragarri du helegitea jarriko diola ebazpenari, eta adierazi du erabaki horiek ez dutela debekatzen publizitate pertsonalizatua. «Datu pertsonalen tratamenduari buruzko eztabaida juridikoa aspaldian dago zabalik», adierazi du enpresak, «eta segurtasun juridikoa falta da auzi honetan».
Datuen Babeserako Batzordeak joan den irailean 405 milioi euroren beste isun bat jarri zion Metari, adingabeen datuak tratatzeko huts egiteengatik, eta azaroan beste isun bat jarri zion, 265 milioi eurorena, erabiltzaileen datuak behar beste ez babesteagatik.