Europako Batzordeak eta Erresuma Batuak Sole Handiko legatz kuota %20 murriztea adostu dute 2025erako, espero zen baino gutxiago. 40.000 tonatik 32.000ra murriztuko da kuota, eta erabaki horrek eragin handia izango du hara joaten diren euskal ontzietan, batez ere Ondarroatik doazenetan. Izan ere, Euskal Herrian kontsumitzen den legatz gehiena Irlanda hegoaldeko arrantzalekutik dator. Bestalde, Bizkaiko golkoari dagokionez, txitxarro kuota asko handituko da; berdelarena, aldiz, murriztu. Antxoarenak antzera jarraituko du.
Sole Handira doazen euskal arrantzaleek espero baino albiste hobea jaso dute bart. Europako Batzordeak legatz kuota %30 murriztea proposatu zuen hasieran, baina azkenean %20 bakarrik murriztuko dute. Izan ere, hango legatz kuota oso garrantzitsua da euskal portuetako arrantzaleentzat.
Erlazionatuta
Horren erakusgarri, 2021eko datuak: Hego Euskal Herrian 9.000 tona legatz fresko kontsumitu ziren —gehien kontsumitzen den arrain mota da—, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan 477 tona deskargatu ziren. Arrandegietako ale gehienak Sole Handian arrantzatutakoak dira, Bretainiako eta Frantziako portuetan deskargatutakoak, eta errepidez iristen dira Euskal Herrira. Legatzaren kuotaz gain, oilar kuota ere %8,9 murriztu da, eta zapoarena %1,3.
Hegaluzea, berdin
Alturako arrantzak kolpea hartu badu ere, akordioak mesede egin dio baxurakoari. Oinarrian askoz txitxarro gehiago arrantzatu ahal izango dute, eta berdel gutxiago. Txitxarroari dagokionez, lau aldiz handituko da kuota. Bizkaiko golkoko arrantzaleek 59.097 tona arrantzatu ahal izango dituzte; iaz, berriz, 12.000 besterik ez.
Berdelaren kuota, aldiz, asko murriztuko da: %22, hain justu —33.770 tonatik 26.340 tonara—. 2010az geroztik, baimendurikoa baino berdel gehiago arrantzatu da Europa iparraldean, eta, ondorioz, espeziaren biomasa asko murriztu da Bizkaiko golkoan. 2022an Gipuzkoako lonjetan deskargaturiko arrainaren %30 berdela izan zen; hori, baina, ez dator bat kontsumo datuekin (%1,2). Arrain espezie horren zati handi bat erabilera industrialerako da, pentsuetarako eta.
Beste kosterei dagokienez, ez da aldaketa handirik egon. Antxoaren kuotak antzera jarraitzea espero da, 33.000 tona inguruan, baina oraindik ez dago behin betiko erabakirik. Hegaluzeari (35.815 tona) eta hegalaburrari (21.503 tona) dagokionez, iazko kuota berak mantenduko dituzte. Aldaketarik handienak zapoak (+%17) eta oilar kuotek (+%23) izango dituzte.
Jaurlaritza: «Legatzaren murrizketa nabarituko da»
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren ustez, ezin da esan 2025erako akordioa ona denik. Zehaztu du Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek bi gune ezberdinetan arrantza egiten dutela, eta akordioak horietako bakoitzean duen eragina oso ezberdina dela. Altuera arrantzari jarrirako murrizketak berritasuna ez direla azaldu du, eta urtez urteko «joera bat» ikusten duela: «Duela bost urte azken 20 urteetako legatz kuotarik onenak izan genituen, baina urtez urte murriztuz joan dira».
Gauzak hala, aurreratu du legatzaren murrizketa «nabaritu egingo dela» arrandegietan eta batez ere Ondarroako portuan diharduten ontzien jardunean. Halaber neurriak iragarri ditu murrizketa horri aurre egiteko. Aurretik, baina, kuota banaketaren argazki orokorra ezagutu nahi du. Banaketa hori Espainiako Gobernuak egiten du urte hasieran.
Baxurako arrantzari dagokionez, akordioa ez dela txarra onartu du. Zentzu horretan txitxarro kuotak izandako igoera handia aipatu du, baina zehaztu du aurreko kuota oso txikia zela: «Igotzea den oro beti izango da albiste ona».
Ildo horretatik mintzatu da Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua ere: «Balorazio orokorra ezin da positiboa izan; urte zaila da».