EUROPA, BIDENEN ZAIN

Donald Trumpek minaz bete duen bidea igaro beharko dute Washingtonek eta Bruselak soluzioak lortuko badituzte harreman komertzialaren auzian. Biden ireki gabeko liburu bat da, baina azalak esperantzarako tartea zabaldu du.

Joe Biden. AEBetako hauteskunde kanpainako agerraldi bat, maskarak jantzita eta tarteak zorrotz beteta. ALYSSA POINTER / EFE.
xabier martin
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Zer darama Joe Bidenek bere karpetan Europarentzat? Etxe Zuriak hartuko duen hurrengo presidentearen planak luze gabe ezagutu nahiko lituzke Europako Batzordeak. Bidenen aurrekoak eta urtarrilaren 20ra arte behintzat oraindik ere presidente izango duenak, Donald Trumpek, minaz beterik utzi du potentzia biek igaro behar duten bidea merkataritza harremana onbideratzeko. Bruselak, Angela Merkelek eta Emmanuel Macronek berehala zoriondu dute Biden; esperantza handia dute harekin oso bestelakoa izango dela harremana, eta Trumpekin baino okerragoa izateak ezinezkoa dirudi. Aldebakarreko erabakien aroa bukatu dela entzun nahi dute Atlantikoaren alde honetan, jakin badakiten arren oso litekeena dela Washingtonen protekzionismoa nekez apalduko dela modu nabarmenean. Inuzenteak ere ez dira kontinente zaharreko agintariak.

Europako Batasuneko Ekonomia ministroek batzarra egingo dute bihar, Trump osteko harremanei «hasiera berria» emateko. AEBekin negoziatzeko agenda zehaztu nahi dute, eta hori bateragarria egin asteon bertan iragarritako muga zergekin, AEBetako produktuen aurkakoekin. Valdis Dombrovskis EBko Ekonomia komisarioak oso argi utzi du Europak «soluziobide azkar bat» nahi duela Airbus-Boeing gatazkan. Gauza bat delako MME Munduko Merkataritza Elkartearen ebazpenaren itzalean tarifa bereziak ezartzeko tramitazioarekin jarraitzea, eta bestea odolkiak ordainetan ematea. Ezin baita ahaztu indarrean daudela Trumpek Europako hainbat produkturen aurka ezarritako tarifak.

Txina, arazo bat bientzat

Ez, Batasunak ez du abian jarri nahi hauteskundeak galdu berri dituen presidenteak egindako txikizioaren parekorik, baina Bruselak gerra komertzialaren hurrengo urrats hori gauzatu ez dezan, ezinbestekoa da Bidenek keinu bat egitea, eta arin ibiltzea keinu horrekin. Europaren azken helburua da reset botoiari sakatzea azken lau urteotako eraso komertzialen ondoren. Trump altzairuarekin hasi zen, «segurtasun nazionala» aitzakia hartuta; Europako autogintzako handiei mehatxu argia egin zien ondoren, eta MMEk herrialdeen auzi komertzialei irtenbidea emateko duen sistema ixtea lortu zuen, hein batean. Gero, Airbusen laguntzen harira, 6.900 milioi euroko muga zergak iritsi ziren, orain urtebete.

Labur esanda: Europa ez da salbuespen izan Trumpek mundu mailan egindako aldebakarreko politikan. 2016an Etxe Zurira eraman zuten manufakturako behargin eremu etsiak saritzeko, garaipen azkarrak bilatu ditu agintari errepublikanoak: zigorrak ezarri eta ondoren negoziatu estatus berri baten gainean.

Eta Europak zer aldagai sar ditzake ariketan Bidenek bake komertzialaren alde egin dezan orain? Bada, potentzia bientzat mehatxu argi bat dena: Txina. Bruselan ere ikusten dituzte teknologiaren transferentziaren alorrean Pekinek ezarritako arauen arriskua, eta estatua atzean duten Txinako konpainien abantailaz ere aspaldi ohartu dira. Txinaren hedapenari mugak jartzeko akordio posible berriek EBren eta AEBen arteko aliantza sendotu dezakete. Segurtasunaren izenean, teknologia berrien esparruan ere, batera aritzea nahi du Washingtonek, 5G teknologia eta Huaweibegiz joak dituela. Beharbada, urrats bat egin beharko dute hor Europako herrialdeek.

Edonola ere, Trumpen aurreko normaltasun zaharrera itzultzea baztertu dute Bruselan. Bidenek AEBetako manufaktura hauspotzea agindu du kanpainan; agentzia federalek bertako produktu gehiago erosteko arauak agindu ditu, eta hornidura katea atzerrira daramaten industrien aurkako isunak.

Horrez gain, bada beste auzi gatazkatsu bat bi potentzien artean: Google tasa. Frantzia izan da lehena AEBetako konpainia teknologiko handientzako zerga berezia onartzen. Google, Amazon, Facebook eta Apple konpainiei eragiten die batez ere; erraldoi horiek ez baitute behar bezainbeste zerga ordaintzen Europan, zerga saihestea dela medio. Trumpek muga zergak jarri dizkie Frantziako produktuei presio neurri gisa, baina OCDEren eremuan zerga bat adostea lortu ez dutenez, Parisek aurrera egingo duela esan du datorren urtarrilean, eta herrialde gehiagok iragarri edo onartu dituzte antzeko neurriak, Espainiak barne. Bidenentzat ez da erraza izango auzi hori, eta litekeena da tasa bateratu bat adosteko negoziazioei berriro ekitea.

Betiko normaltasuna ez dute lortuko beharbada, baina AEBek aurrerantzean ere lehen mailako bazkide komertziala izateko oinarriak ipini nahi ditu Europak. Merkatu garrantzitsua da EBrentzat, bereziki Alemaniarentzat, autogintza dela eta. AEBek ere badute interesa harreman oparo bati eusteko, ekonomikoa eta geopolitikoa. «Gorabehera handiko aro honetan gure lagunak gertu izan behar ditugu, benetan lagungarriak zaizkigun aliantzei eutsiz», esan du Dombrovski komisarioak. Biden ez dago oraindik Etxe Zurian, baina zauriak osatuz joateko urtea izan daiteke 2021a. Eskarmentuko politikari demokrata, ordea, zabaltzeko dagoen liburu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.