Inflazioa

Euroguneko inflazioak puntu erdia egin du behera, %2,4ra

Azpiko inflazioa %4,2koa da, eta prozesatu gabeko elikagaiak iaz baino %6,3 garestiago daude.

FRANCE ENERYGY FUEL PRICES
Parisko gasolindegi bat. MOHAMMED BADRA / EFE
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 19a
13:15
Entzun

Inflazioak beheranzko joerari eutsi dio eurogunean, eta atzean geratzen ari dira %10etik gorako datuak. Urritik azarora puntu erdia egin du behera KPI kontsumorako prezioen indizeak, %2,9tik %2,4ra. Energia produktuen merkatzeak jaitsarazi du gehienbat inflazioa, salgai horiek 2022ko azaroan baino %11,5 merkeago baitaude.

Duela urtebete, %10,1 zen euroguneko inflazioa, eta, gutxinaka-gutxinaka, %2,4ra egin du behera. Europako Batasunean antzeko erritmoan apaltzen ari da inflazioa, baina pitin bat gorago dago. 2022ko azaroan, %11,1ekoa zen inflazioa; aurtengo urrian, %3,6koa; eta azaroan, berriz, %3,1ekoa.

Hala ere, azpiko inflazioa ez da apaltzen ari inflazio orokorra bezain azkar. Izan ere, energiaren merkatzea da azaroko inflazioaren jaitsiera horren bultzatzaile nagusia, eta azpiko inflazioa energia produktuen eta elikagaien garestitzea kontuan hartu gabe kalkulatzen da. Iazko azaroan, %6,6koa zen azpiko inflazioa eurogunean, eta urtebetean 2,4 puntu soilik egin du behera, %4,2ra.

DATUAK

%4,2

Azpiko inflazioa eurogunean. Azpiko inflazioa ez da inflazio orokorra bezain azkar apaltzen ari. %10,1etik %2,4ra murriztu da inflazio orokorra urtebetean, baina azpiko inflazioa %6,6tik %4,2ra soilik.

-%11,5

Energiaren inflazioa eurogunean. Inflazioaren beherakadaren eragile nagusia energia produktuen merkatzea da. Izan ere, iazko azaroan baino %11,5 merkeago daude orain energia produktuak eta erregaiak.

%6,3

Prozesatu gabeko elikagaien inflazioa eurogunean. Elikagaien garestitzea da inflazioaren alderdirik larriena gaur egun, %6,3 baita, inflazio orokorra baino 3,9 puntu gehiago. Errentarik apaleneko familiei bereziki eragiten die horrek, erosketa poltsak pisu handiagoa baitu hilabeteko gastuetan.

Prozesatu gabeko elikagaien garestitzea inflazio orokorraren gainetik dago oraindik, %6,3koa baita. 2022ko azaroan, %13,8koa zen elikagaien garestitzea. Errenta txikienekoei bereziki eragiten die horrek, erosketa poltsak pisu handiagoa baitu hilabeteko gastuetan.

Energiaren menpe

Energia produktuen prezioen bilakaera izan da azken hilabeteetan inflazioa gehien apaldu duen aldagaia. Hori, baina, laster aldatu liteke, oso aldakorra izan ohi baita energiaren eta erregaien prezioa. Udan asko garestitu ziren erregaiak, eta horrek inflazioaren jaitsiera gelditu zuen. Berriro merkatu dira salgai horiek, baina jaitsierak ez dira betiko izango.

Egunotan ohartarazten ari dira balitekeela Yemengo huthiak Itsaso Gorrian egiten ari diren erasoek erregaiak garestitzea, hainbat ibilbide komertzial aldatu egingo baitituzte. Bestalde, hainbat estatu ematen ari diren laguntzak ere amaitu egingo dira ziurrenik urtarrilean, Europako Batasunean herrialdeen zorpetzea eta defizita mugatzeko zerga arauak indarrean izango baitira berriro, eta litekeena da horrek berriro igotzea energia produktuen prezioak eta, ondorioz, inflazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.