Apiriletik, euroguneko inflazioa apaldu egin da da hilabetez hilabete, baina beheranzko joera hori abuztuan amaitu da, abuztuko inflazio tasa uztaileko bera izango dela aurreikusi baitu Eurostatek: %5,3. Hala ere, estatistika zentro horren kalkuluen arabera, azpiko inflazioak beheranzko joerari eutsiko dio, aurreikusi baitu %6,6tik %6,2ra murriztuko dela energia eta jaki freskoak kontuan hartu gabe neurtzen den adierazlea.
Energia iazko abuztuan baino %3,3 merkeago dagoen arren, uztailarekin alderatuta garestitu egin da. Uztailean negatiboa zen energiaren inflazioa (-%6,1), baina abuztuan gora egin du (-%3,3). Jakien garestitzearen erritmoa, baina, moteldu egin da, elikagai freskoen inflazio tasa %9,2koa baitzen uztailean, eta abuztuan %7,8koa izan dela kalkulatu dute.
Eurostaten kalkuluen arabera, Espainia eta Belgika dira inflazio tasa txikiena duten herrialdeak, %2,4, eta EBZ Europako Banku Zentralak jarritako %2ko inflazio tasaren helburutik gertu daude. Grezia, Herbehereak eta Finlandia dira hurrenak, %3,4ko KPI kontsumorako prezioen indizearekin. Frantziako inflazio tasa, berriz, %5,7koa da, Eurostaten arabera.
Eslovakiak du oraindik ere euroguneko inflazio tasarik handiena (%9,6), zazpi hamarren behera egin badu ere. Kroazia da bigarrena zerrendan (%8,5), eta Austria hurrena (%7,6).
Inflazioak, beraz, EBZren helburutik urrun jarraitzen du eurogunean, eta hurrengo bileran, irailaren 14ean, interes tasak igotzen jarraitu ala ez erabakiko dute. Azken bileran, uztailean, %4,25eraino igo zituen tasak, eta, itxura denez, beste igoera bat onartuko dute, kezkatuta baitaude azpiko inflazioaren mailarekin.