Euroguneko inflazioa %2,9ra apaldu da urrian

2021eko uztailetik neurtutako maila txikienean dago inflazioa eurogunean, baina Luis de Guindosek iragarri du gora egingo duela berriro datozen hilabeteetan.

Energian hasitako garestitze handia elikagaietara igaro da. Irudian, supermerkatu bat, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 17a
13:38
Entzun

Euroguneko ekonomia uzkurtzen ari da azken hilabeteetan, Europako Banku Zentralak (EBZ) %4,5era igo baititu interes tasak, inflazio handiari aurre egiteko. Neurri murriztaile horiek eragina izaten ari dira, %2,9ra egin baitu behera inflazioak, urriaren 31n Eurostat Europako Estatistika Institutuak aurreikusi moduan. Hala ere, Luis de Guindos EBZko presidenteordeak aste hasieran iragarri zuen datozen hilabeteetan gora egingo duela berriro kontsumorako prezioen indizeak (KPI).

Jaitsiera horrek, baina, adituak ere harritu ditu, iraileko %4,3ko mailatik gehienez %3,1era jaistea espero baitzuten, ez %2,9ra. Energia merkatzeak eragin du batez ere jaitsiera hori, iazko urrian baino %11,2 merkeago baitaude energia produktuak orain.

Elikagaien garestitzea, baina, larria da oraindik ere, janari freskoa iaz baino %4,5 garestiago baitago; eta elikagai prozesatuak, alkohola eta tabakoa, berriz, %8,4 garestiago. Industria ondasunen KPIa da inflazio tasa orokorretik gertuen dagoena, %3,5, eta zerbitzuak iaz baino %4,6 garestiago daude orain.

%10etik gora, inor ez

Azken bi urteak inflazio handikoak izan dira eurogunean, baina herrialdeka ezberdintasun handiak egon dira. Herrialde baltikoek eta Balkanetako batzuek izan dituzte inflazio tasa handienak, eta batzuek %25eko tasa gainditu izan dute; Hungariak, esaterako. Orain, baina, garestitzea lasaitu egin da, ez baitago %10eko inflazio tasa edo handiagoa duen herrialderik. Hungaria dago zerrendan lehena, %9,6ko KPIarekin, eta segidan ditu Txekia (%9,5) eta Errumania (%8,3).

Zerrendaren beste aldean, berriz, deflazioa duten hiru herrialde daude: Belgika (-%1,7), Herbehereak (-%1) eta Danimarka (-%0,4). Espainiak eta Frantziak, berriz, euroguneko batezbestekotik gorako inflazio tasak dituzte, %3,5 eta %4,5 hurrenez hurren. Europako Batasuneko batez besteko inflazio tasa, berriz, %3,6koa da.

Hego Euskal Herriko inflazioaren datua ere asteon eman du INE Espainiako Estatistika Institutuak. %3,5ekoa izan da urrian, irailean bezala, baina bertan ere elikagaien KPI handia da larriena, iaz baino %9 garestiago baitaude jakiak. Azpiko inflazioa, behintzat, pixka bat murriztu da, %5,3ra.

Inflazioa, gora egitear

Luis de Guindos EBZko presidenteordearen esanetan, ordea, inflazioaren lasaitze hori laster amaituko da, gorakada bat iragarri baitzuen astelehenean. Izan ere, iazko udazkenean handia zen energiaren eta elikagaien KPIa, eta horregatik jaitsi da horrenbeste inflazioa azken hilabeteetan. Iazko udazkenean izandako garestitze horiek atzean utzita, berriro gora egingo du inflazioak, De Guindosen ustez.

Horri Europako Batasuneko arau fiskalen akordioa batu beharko zaio. Urtea amaitu aurretik onartu nahi dituzte hogeitazazpiek neurri berriak, defizita eta zorpetzea mugatzeko. Azken urtean, hainbat herrialdek gastu soziala handitu dute inflazio handiari aurre egiteko politikentzat; garraio publikoko deskontuak eta hainbat elikagairen BEZa murriztea adibide batzuk dira. EBko arau berriekin, neurri horiek egiteko zailtasunak izango dituzte herrialdeek, eta asko ezingo dituzte luzatu. Horrek ondasunen prezioak handitu ditu, eta, beraz, inflazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.