Ustekaberik ez da izan, eta interes tasak jaitsi ditu berriro Europako Banku Zentralak. Puntu laurden jaitsi dituzte, aho batez, eta %2,75eko tasa izango da otsailaren 5etik aurrera. Eta Christine Lagarde EBZko lehendakariak hurrengo mugimenduei buruzko iragarpenak egitera uko egin dion arren, martxoan %2,5eraino da jaistekoa, euroguneko ekonomia pattalalditik ateratzeko bultzada behar du eta.
Azken hilabeteetan inflazioak gora egin du —iraileko %1,7tik abenduko %2,4ra—, baina igoera hori aldi baterakoa dela nabarmendu du berriro banku zentralak. 2023 bukaeran energiak izan zuen jaitsiera handiari lotuta dago igoera hori —egutegiaren efektua deitutakoa—, eta horregatik ziurtatu du «desinflazio prozesua bidean» doala. %2ko inflazioa du gogoko EBZk, eta Lagardek argi eta garbi esan du aurten maila horretan egonkortuko dela.
Banku zentralak onartu du familiek jasaten duten inflazioa oraindik handia dela, eta efektu baten eragina dela azaldu du: soldatak eta sektore batzuetako prezioak oraindik egokitzen ari direla aurreko urteetako inflazio handiari. «Baina soldaten igoera espero bezala ari da moteltzen, eta [enpresen] irabaziak ari dira partzialki beren gain hartzen igoera horien eragina inflazioan».
EBZk uste du familiak eta enpresak dagoeneko sumatzen ari direla interes tasa ofizialen jaitsiera, baina onartu du oraindik tasa murriztaileak direla. Hau da, ez direla nahikoak ekonomia sustatzeko. Gainera, azken urteko tasa handiak eragiten ari dira azkenaldian eguneratu diren mailegu batzuen truke interes handiagoa ordaindu behar izatea.
Interes tasak zenbateraino jaitsiko diren esateko datu bat behar da oraindik: tasa neutrala zein den jakitea. Hau da, zein mailatan ez duen ez ekonomia suspertuko, ezta uzkurtuko ere. Maila neutral horri buruzko azterketa bat eskatu dio EBZk bere azterketa taldeari, eta otsailaren hasierarako espero du emaitza.
Ekonomia, geratuta
Azken lau bilerak diruaren prezioa apaltzeko baliatu ditu EBZk, eta bileraz bilera jokatuko duela adierazi du gaur berriro ere. Baina analistek uste dute beste bat ere izango dela, bosgarrena. Gaur iritsitako datu batek iritzi hori sendotu du. Izan ere, Eurostaten arabera, eurogunean ekonomiak hazteari utzi zion 2024ko azken hiruhilekoan. Ustekabeko datua da, gutxienez %0,1eko hazkundea espero baitzuten Reutersek galdekatutako ekonomistek.
Eurostaten lehen kalkuluaren arabera, urte osoan %0,7ko hazkundea izan zuen euroguneak, eta %0,8koa Europako Batasun osoak. 2023ko datua baino hobea da —%0,4 handitu zen bi eremuetan—, baina hazkunde ahula da, batez ere munduko beste bi potentzia ekonomikoekin alderatuz gero.
Alemania atzeraldian egoteak pisu handia izan du eurogune osoko datuan. Kontinenteko ekonomia handiena beste %0,2 uzkurtu zen azken hiruhilekoan, eta bigarren urtez jarraian atzeraldian dago. Eta 2024aren bukaeran Frantzia ere batu zaio: inbertsioen jaitsierak eta kontsumoaren hazkundearen moteltzeak %0,1 uzkurtzea eragin dute. Urte osoan, berriz, %1,1eko datu positiboa izan du.
Hortik gora hazi da Euskal Herria. Nastatek atzo azaldu zuen BPGa %2,7 hazi zela iaz Nafarroan, eta aurreko astean Eustatek aurreratu zuen %2,1 handitu zela guztira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Hurrengo hilabeteetan ekonomia «ahula» izango dela aitortu du Lagardek, eta industriaren atzeraldiari eta kontsumitzaileen konfiantza apalari egotzi dio ardura. Baina, baikor azaldu da, «suspertzeko zantzuak» ikusten dituelako. Zantzu horien artean dago lan merkatua «sendo» dabilela eta soldatak ere handitzen ari direla, eta horri interes tasa txikiagoak batuz gero, kontsumoa handitzeko bidea prest dagoela.
Zifrak
%2,526Euriborra. Apirilaz geroztik lehen aldiz, urtarrilean gora egin du Euriborrak. Abenduko batezbestekoa %2,463 izan zen, eta biharko egunaren faltan, urtarrilean %2,526an bukatuko du. Orain hipoteka berritu behar dutenek, ordea, kuota nabarmen txikiagoa ordaindu beharko dute, duela urtebete Euriborra %3,605an zegoelako.
%6,3Langabezia, eurogunean. Oro har, lan merkatuak ongi eutsi dio ekonomia pattalari, baina dagoeneko ikusten da haren eragina, langabeziak jaisteari utzi diolako. Are gehiago, azarotik abendura hamarren bat igo da, %6,3raino. Eurostaten arabera, 10,83 milioi langabe zeuden abenduan, azaroan baino 96.000 gehiago.