2023ko azken hiruhilekoan eurogunea atzeraldi teknikoan sartzea espero zen. Hau da, BPG barne produktu gordina uzkurtu egingo zela bi hiruhileko segidan. Halakorik ez dela gertatu diote Eurostaten lehen estimazioek. Estatistika erakunde horren arabera, hirugarren hiruhilekoan %0,1 txikitu ondoren, laugarrenean egoera egonkortzea lortu dute (%0).
Alemania izan da euroguneko ekonomiaren galga nagusia. Inbertsioaren jaitsierak bultzatuta, hango BPGa %0,3 txikitu zen azken hiruhilekoan. Egoera pixka bat hobea da Frantzian: Insee estatistika erakundeak zuzendu egin du aurretik emandako datua (-%0,1), eta parean geratu zela (%0) jakinarazi du.
Datu hobeak eman dituzte euroguneko beste bi ekonomia handienek: Italiak (%0,2) eta Espainiak (%0,6). Lehenengoan, industriaren eta zerbitzuen bilakaera hobea gai izan da kontsumo apalagoa konpentsatzeko; bigarrenean, berriz, kontsumoa handitzeak hazkundearen bizkortzea eragin du —hori gertatu da Hego Euskal Herrian ere—.
%0,5, urte osoan
2023. urte osoari erreparatuz gero, Eurostaten lehen datuak dio %0,5 handitu zela BPGa eurogunean eta Europako Batasun osoan. Kopuru oso apala da beste bi potentzia ekonomikoekin alderatuz gero: AEBak %3,1 hazi dira, eta Txina, berriz, %5,2.
Hazkunde apal horrek, ordea, ez dio kalte handirik egin lan merkatuari. Etzi emango du abenduko datua Eurostatek, baina azaroan %6,4ko langabezia tasa zuen euroguneak, bere historiako txikiena. Herrialde eta sektore askotan langile falta arazo handiagoa da langabezia baino. Gainera, oro har hartuta, soldatak inflazioaren gainetik handitzen ari dira, eta familiak berreskuratzen ari dira galdutako erosteko ahalmenaren parte bat. Espero da aurten euroguneko ekonomia gehiago haziko dela haien kontsumoaren bidez.