Euriborrak marka guztiak hautsi ditu eta %5,44ra iritsi da

Finantza erakundeen arteko mesfidantzak jarraitzen du, eta dirua ohi baino garestiago saltzen diote elkarri

jakes goikoetxea
2008ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Finantza krisiak finantza erakundeen ezegonkortasuna eta mesfidantza eragin ditu. Bankuek, aurrezki kutxek eta bestelako finantza erakundeek dirua behar dute; baina ez diote elkarri dirurik uzten edo uzten badiote, ohi baino garestiago. Ondorioa herritarrak ordaintzen du: hamabi hilabeterako Euriborrak marka guztiak hautsi zituen atzo, eta %5,45era iritsi zen. AEBetako Gobernuaren erreskate planak ez ditu finantza erakundeak lasaitu.

Euribor indizea finantza erakundeek elkarri kobratzen dizkioten interesen batez bestekoa da. Termometro ona da, beraz, finantza erakundeen konfiantza neurtzeko.

Epe ezberdinetara kobratutako interesak daude, baina normalean hamabi hilabeterako Euriborra erabiltzen da hipotekak kalkulatzeko. Euribor indizea %5,45era iritsi zen atzo. Orain arteko datuekin iraileko batez bestekoa kalkulatuz gero -oraindik bost egun falta dira-, hilabeteko indizea %5,358koa izango litzateke, abuztukoa baino %0,035 gehiago. Euriborrak behera egin zuen uztailetik abuztura, bost hilabetez jarraian gora egin ostean.

Irailaren amaieran, Euriborraren batez bestekoa %5,358koa izanez gero, 25 urtean 150.000 euroko hipoteka ordaindu behar dutenek hilean 56,63 euro eta urtean 679,56 euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Iazko irailean Euribor indizea %4,725koa izan zen.

Euriborrak igoera izugarria izan du azken hamarkadan: 1999ko %2,014tik aurtengo uztaileko %5,393ra pasatu da -hilabete bateko marka historikoa-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.