Euriborrak azken hamabost urteetako jaitsiera handiena izan du urrian

Indizeak %2,691ean amaitu du hilabetea, eta duela urtebete %4,16an zegoen. EBZren erabakien eragina sumatu da jaitsieran.

Garellanoko dorretako eraikuntza lanetan diharduten igeltseroetako batzuk, BIlbon. L. T. / EFE
Garellanoko dorretako eraikuntza lanetan diharduten igeltseroetako batzuk, BIlbon. L. T. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urriaren 31
13:15
Entzun

Euriborrak beherako bidean jarraitzen du, eta hilabetez hilabete arnasa handiagoa ematen die hipoteka mailegu aldakorra kontratatua dutenei. Tankera horretako maileguak berritzeko kontuan hartzen den indizeak %2,691ean bukatu du hilabetea, eta koska bat egin du behera irailarekin alderatuta —%2,94an amaitu zuen—. Apirilaz geroztik jaisten ari da Euriborra, eta, adituen arabera, joerari eutsiko dio.

Urriko jaitsiera indizearena azken hamabost urteetan izandako handiena izan da. Urtetik urterako alderaketa egin behar da ondorio horretara iristeko. Alde hori ulertzeko, bi aldagai hartu behar dira kontuan. Batetik, duela urtebete %4,6an zegoen indizea, eta goia jo zuen 22 hilabeteko etengabeko igoeraren ondoren. Bestetik, EBZk interes tasak jaitsi izanak eragin handia izan du.

126 euro gutxiago hilean

Eta zenbat merkatuko dira maileguen ordainketak? Bereziki jaitsiko dira urtean behin berritzen dituztenenak. Esaterako, bankuari 150.000 euro 25 urtean itzuli behar dizkietenek, Euriborra gehi %1eko diferentzialarekin, hilean 891 euro ordaindu beharko dituzte orain, azken urtean baino 124 euro gutxiago. Sei hilean behin berrikusi behar dutenek, berriz, 83 euro inguru aurreztuko dituzte.

EBZk abenduaren 12rako hitzartu du hurrengo bilera, eta, aurretik ezohiko deialdirik egin ezean, Gabonen aurretik berriz ere jaitsiko du interes tasa. Euroguneko inflazioa %2ra igo da urrian, baina pandemia osteko datu handiak iragana direla dirudi, eta prezio puztuen piztia baretuta dagoela. Gauzak hala, orain eztabaida abenduko jaitsieraren zenbatekoaren araberakoa da: 0,25ekoa edo 0,50ekoa izan behar duen, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.