Euriborra martxoko mailara jaitsi da

Hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea %4tik %3,7ra jaitsi da hilabete bakarrean, baina, hala ere, garestitu egingo ditu orain eguneratu behar diren maileguak.

etxebizitza
Emakume bat, Bilboko etxe agentzia baten erakusleihora begira. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 29a
15:00
Entzun

Euriborrak ez dio itxaron interesen tasa ofizialen jaitsierari, eta beherakada handi batekin itxi du 2023. urtea. Hiru hamarren baino gehiago galdu ditu hilabete bakarrean: %4,022 izan zen erreferentzia azaroan, eta %3,679, berriz, abenduan. 2009az geroztik ez zuen halako jaitsiera handirik izan hilabete bakarrean. Horrenbestez, indizea 2023ko martxoko mailara hurbildu da (%3,647).

Gainera, oso litekeena da hurrengo asteetan gehiago jaistea eta urtarrilean %3,5eko langaren azpitik geratzea, gaurko kotizazioa %3,513ra iritsi baita.

Edonola ere, goiz ala berandu moteldu egingo da jaitsiera, jada asko urrundu baita interes tasa ofizialen mailatik —%4,5, irailaz geroztik—, eta Europako Banku Zentralak (EBZ) oraindik tarte bat hartuko baitu interes tasa ofizialak txikitzen hasi aurretik. Urtarrilaren 25ean du hurrengo bilera banku zentraleko kontseiluak, eta ia erabat baztertuta dago orduan jaisteko bidean hastea.

Izan ere, bere azken bileran, duela bi aste, Christine Lagarde EBZko lehendakariak hoztu egin nahi izan zuen interes tasak jaisteari buruzko eztabaida, argudiatu baitzuen denbora gehiago beharko zela inflazioaren maila apalagoan sendotu zela egiaztatzeko.

Bigarren hiruhilekoan

Aukera handiagoa dago martxoaren 7ko bileran mugimenduak ikusteko, baina ez askorik, analista gehienek uste baitute gutxienez apirilera arte itxaron beharko dela. Financial Times-ek galdekatutako 48 ekonomistetatik bik bakarrik esan dute jaitsierak 2024ko lehen hiruhilekoan iritsiko direla; gehienek bigarren hiruhilekorako espero dituzte.

Bi faktorek izango dute pisua Frankfurten erabakian. Batetik, inflazioak zer egiten duen. Azaroan %2,4ra jaitsi zen, baina Lagardek ohartarazi du urte hasierarako gorakada bat espero duela. Bestetik, kontuan hartu behar da zer egingo duen beste banku zentral nagusiak, AEBetako Erreserba Federalak; azken bileran jada abisua eman zuen ez zitzaiola asko falta interesak apaltzen hasteko, eta urrats hori egingo balu, gauza bera egiteko presioa handituko lioke EBZri. 

Lotura automatikorik ez dago Euriborraren eta EBZren tasen artean, baina harreman estua daukate. Euriborra zera da: euroguneko bankuek elkarri mailegua ematekotan eskatuko luketen interesaren batezbesteko bat. Tasa ofiziala, berriz, bankuek EBZri astebetez mailegu bat eskatzeko ordaindu beharko luketen interesa da.

Kuota handiagoak

Euriborra jaistea berri ona da hipoteka bat ordaindu behar dutenentzat, baina ez du esan nahi berehala hilero gutxiago ordaindu behar dutenik maileguaren truke. Are gehiago, abenduko jaitsierak ez du eragotziko askoren kuotak igotzea. Tasa aldakorreko hipoteka gehienetan urtean behin eguneratzen da ordaindu beharrekoa, eta horrek berekin ekarriko du abenduko indizearekin berritzen diren maileguak garestitzea, iazko abenduan %3,018an kokatu baitzen Euriborra. 

Kuotaren igoera, ordea, aurreko hilabeteetakoa baino apalagoa izango da, erreferentzia zaharraren eta berriaren arteko aldea txikitzen ari delako. Esaterako, duela urtebete 125.000 euroko mailegu bat itzuli behar zuenak, 25 urtean eta Euriborra gehi %1eko interesarekin, 661 euro ordaindu beharko zituen; orain, berriz, 732 euro izango dira. Hilabete bakarrean 200 eurotik gorako garestitzeak izan ziren uda partean.

Euriborrak beherantz jarraitzen badu, alde handirik ez dute izango urtarrileko datuarekin beren hipoteka eguneratu behar dutenek, eta kuoten jaitsiera bat antzeman dezakete ordutik aurrera eguneratu behar dutenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.