Euriborra amildu egin da abuztuan

Hiru hamarren baino gehiago jaitsi da: 2013ko martxoaz geroztik ez zen hainbeste apaldua. Hipotekaren kuota orain berrikusi behar dutenek dozenaka euro aurreztuko dituzte hilero.

Hipoteka baten iragarkia Kutxabanken bulego baten leihoan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Hipoteka baten iragarkia Kutxabanken bulego baten leihoan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 29a
11:40
Entzun

Zortzi hilabetez, abendutik uztailera, %3,5eko muga behetik gainditu ezinik ibili da Euriborra, gorabehera txikiko etapa baten antzera. Baina abuztuarekin batera goi lautada utzi, eta beheranzko bidea hartu du hipotekak eta beste hainbat mailegu aldakor kalkulatzeko gehien baliatzen den indizeak. Biharko eguna falta izanik, %3,17 da batezbestekoa, 2022ko abendutik izandako txikiena.

Are beherago geratu da gaur (%3,108), eta horrek iradokitzen du balitekeela irailean are gehiago apaltzea.

Uztailean jada ikusi zen Euriborrak beheranzko joera zuela (-0,124), baina abuztukoa askoz nabarmenagoa izan da, 0,35 puntukoa. Horrelako jaitsierarik ez zen ikusia hamar urtean, 2013ko martxotik.

Ondorioz, hipoteken kuotak koska bat jaitsiko zaizkie orain berritu behar dituztenei. Bereziki jaitsiko dira urtean behin berritzen dituztenenak, iazko abuztuan %4,073 baitzen Euriborra, orain baino ia puntu bat gehiago ehunekotan. Esaterako, bankuari 150.000 euro itzuli behar dizkietenek, Euriborra gehi %1eko diferentzialarekin, hilean 931 euro ordaindu beharko dituzte orain, azken urtean baino 77 euro gutxiago. 

Sei hilean behin berrikusi behar dutenek, berriz, 40 euro inguru aurreztuko dituzte, otsailean %3,671ko tasa izan baitzuen indizeak.

Maileguen kuota apaldu egiten da bankuari zor zaion kopurua apaldu ahala, eta aurrezkia, hortaz, txikiagoa da mailegua ordaintzen denbora pasatu ahala.

EBZren bilera, bi aste barru

Euriborra jaitsi izana berri ona da orain mailegu bat eskatu behar dutenentzat ere, tasa txikiagoak lortuko baitituzte interes aldakorreko maileguetan ez ezik baita interes tasa finkokoetan ere. Azken hilabeteetan mailegu mistoak ugaritu dira, hau da, tasa finkoak eta aldakorrak uztartzen dituztenak.

Abuztuko jaitsiera bizkorra azaltzeko arrazoien artean, hilabete hasieran AEBetako burtsek izan zuten izualdia aipatu dute analistek. AEBetako ekonomia atzeraldian sartzeko aukerak galera handiak eragin zituen merkatuetan, eta uste bat hedatu: Mendebaldeko banku zentralek uste baino bizkorrago jaitsi beharko dituela interes tasak, ekonomia ez itotzeko. AEBetako Erreserba Federala izan da azkena.

Hain zuzen ere, Europako Banku Zentrala bi aste barru elkartuko da, eta nahiko ziurra da interes tasa ofizialak beste puntu laurden jaitsiko dituela, %4raino. Inflazioak jaisten jarraitzen badu —Eurostatek bihar emango du abuztuko lehen datua—, litekeena da beste koska bat jaistea urtea amaitu aurretik, abenduan ziur asko.

EBZren ondoren bilduko da AEBetako Erreserba Federala, irailaren 18an, eta hark ere iragarri du interes tasak jaisten hasiko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.