Euriborra, %3tik behera

EBZren bileraren atarian, 2022ko abenduko mailara jaitsi da hipoteketan gehien erabiltzen den indizea.

EBko banderak, EBZren egoitzaren aurrean, artxiboko irudi batean. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
EBko banderak, EBZren egoitzaren aurrean, artxiboko irudi batean. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 9a
13:30
Entzun

Irailak ez du eten Euriborraren beheranzko joera. Gaur, lehen aldiz 2022ko abenduaz geroztik, %3tik behera kokatu da, %2,986an hain zuzen ere.

Oraingoz, iraileko batezbestekoa %3,057 da, baina, hurrengo asteetan %3tik behera jarraituz gero, batezbestekoa ere maila horretan koka daiteke, eta hori da kontuan hartzen dena hipotekak eguneratu behar direnean.

Beren hipoteken zenbatekoa iraileko erreferentziarekin berritu behar dutenek diru gutxiago ordainduko dute hilean. Izan ere, duela urtebete %4,149an zegoen Euriborra eta duela sei hilabete, berriz, %3,703an. Horrek esan nahi du 150.000 euro itzultzeko dituztenek ia ehun euro gutxiago ordainduko dituztela hilero urtean behin berritzen badute, eta 50 gutxiago sei hilean behin egiten badute.

Europako Banku Zentrala ostegunean bilduko da interes tasei buruzko erabaki bat hartzeko. Ziurtzat ematen da beste puntu laurden jaitsiko dituela, %4raino, eta horrek bultzatu du Euriborra beherantz. Ikusteko dago, ordea, zer egingo duen urriko eta abenduko bileretan, eta horrek baldintzatuko du Euriborraren bilakaera. Christine Lagarde EBZko buruak iradokiko balu urte amaiera bitartean gehiago merkatuko duela diruaren prezio ofiziala, aukera gehiago daude Euriborra ere jaisteko. Halakorik ez badago —eta zuhur jokatuko duela espero da—, jaitsiera eten egin daiteke, alde handia baitago tasa ofizialaren eta Euriborraren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.