Maiatzaren 2an bildu zen azkenekoz Lehortearen Mahaia Nafarroan, eta, orduz geroztik, han-hemenka izan diren ekaitzek eta euriteek apur bat leundu dute lehortearen lorratza. Idorreko laboreetan, batik bat gari eta garagar uztan, galera handia da hegoaldean. Aseguru etxeek behin-behinean egindako azterketaren arabera, kaltetutako eremuetan zereal uztaren %70 inguru galdu da. Aldiz, egoera zertxobait arindu da ureztatzen diren laboreetako lurretan, batez ere ondorengo asteetan ura beharko duten barazkiei begira. Apiril idorraren ostean, oso ezkor ziren abeltzainak, baina, euriteei esker, Nafarroa iparraldeko larreetan eta mendialdean belarra dago. «Bazkaren erabilgarritasuna hobetu da, eta kanpaina ona izango dugu», azaldu zuen atzo Itziar Gomez Landa Garapeneko kontseilariak.
Atzo goizean, aurten laugarren aldiz, bildu ziren Lehortearen Mahaiaren bueltan Landa Garapeneko Departamentuko ordezkariak sektoreko eragileekin—EHNE eta UAGN nekazaritza sindikatuak, UCAN kooperatiben elkartea edo Alinar kontserba industriaren elkartea—. Bileraren aurretik, Gomezek kazetariei oroitarazi zien lehortea «egoera dinamikoa» dela, aldatzen baitoa. EHNEko Fermin Gorraizek, berriz, kontraste handiko argazkia utzi zuen: «Uztarik izan ez duten edo uzta gutxi izan duten tokietan, tristea da, baina beste batzuk maiatz hasieran baino hobeto daude».
Lurren %23, aseguru gabe
Maiatzean aurreratu zuten 40.000 hektareari eragin diola lehorteak, eta horietatik 9.000 hektareatan (%23) kolpea bikoitza da, haien jabeek ez baitute asegururik. Agroseguros aseguru etxeen elkarteak gainerako 31.228 hektareetako kaltea neurtu du. Duela bi hilabete nekazaritza elkarteek aurreratu bezala, kaltea oso handia da Erriberan: hektareako 230 kilo gari jaso dira, eta 750 kilo zereal; hots, gari uztaren %90 galdu da, eta garagar uztaren %75.
Bardeatik iparraldera, errendimendu handiagoko lurretan ere, galera ez da txikia. Orbaibarren, aztertutako lurren erdiak aintzat hartuz gero, hektareako 1.500 kilo jaso dira, eta ondorioztatu dute uztaren %70 galdu dela. Lizarrerrian, berriz, 1.442 kilo garagar jaso dira hektareako, eta 2.050 kilo gari —garagarraren %70ek eta gariaren %55ek ez du balio—. Ekain amaierarako espero da balantze osoa izatea.
Ebro ibaiaren ardatza hornitzen duten urtegien mailak apur bat hobera egin du, eta, ondorioz, ureztatze lurren egoera arindu egin da. Alta, artoa ereiteko garaian ur horniduran murrizketak zeuden, eta oraindik ez da neurtu zenbat laborarik jo zuten aurrera eta zenbatek ez zuten erein.
Gomezen arabera, udako kanpainen bilakaerak bereganatzen du orain Landa Garapen Departamenduaren arreta, hala udan bildu ohi diren barazkienak —tomatea, kalabazina eta leka— nola udan ereiten direnenak —brokolia, azalorea eta orburua—. Fermin Gorraiz EHNEko presidentearen arabera, adibidez, Esako urtegiko ura dakarren Bardeako ubidean ur kuota handitu zaie Zangozaldeko eta Erribera ekialdeko erabiltzaileei, hektareako 3.500 metro kubikotik 4.800era. «Artoarentzat berandu da, baina gainerako barazkientzat ongi etorriko da».
Mendialdean, egoerak nabarmen egin du hobera. «Udaberrian izututa geunden abeltzainak. Apirila hilabete beroa izan zen, eta larreek asko sufritu zuten, baina maiatzean euria egin du, eta ekainean ere bai. Belarra dago mendian eta larreetan», deskribatu zuen Gorraizek.
Lastoa, garesti
Animaliei jaten emateko lastoari dagokionez, egoera zaila da. Eskari handia dago, eta prezioak nabarmen garestitu dira. «Merkatu askearekin du zerikusia, eta administrazioek esku hartzeko aukera gutxi dugu», azaldu zuen Itziar Gomezek. Besteak beste, biomasarekin lan egiten duten enpresa batekin jarri dira harremanetan, eta hitzartu dute lasto gutxiago erabiltzea, hura animaliei jaten emateko baliatu dadin.
Nekazaritza Politika Bateratuko landa garapeneko funtsen jarraipenerako eta kontrolerako neurriak malgutu ditu Nafarroako Gobernuak, lehorteak eragindako ezohiko egoerari erantzuteko: besteak beste, artzaintzan izan beharreko garaia murriztu du, erein gabeko gehienezko lurrak %50era igo ditu, eta ustiategiek bete beharreko koadernoa atzeratu.
Alta, neurri nagusia Madrildik iritsiko da. Espainiako Gobernuak abeltzainentzako 355 milioi euroren laguntza zuzenak iragarri ditu, eta laborarientzat beste 277 milioi helduko dira. Udako kanpaina amaitu eta ondorio ekonomikoak osorik neurtuta banatuko da dirua. Abeltzainen laguntzei dagokienez, Nafarroara sei milioi ailega daitezke.
Gorraizek azaldu zuen goiz dela jakiteko laguntzak nahikoa diren. Nafarroako Gobernuari eskatu zion ez daitezela motz geratu.
Euriak lehortea leundu badu ere, zereal uztaren %70 inguru galdu da Nafarroan
Mendialdean larreek hobera egin dute azken asteetan, eta «kanpaina ona» espero da. Urtegien maila apur bat igo da, baina artoarentzat «berandu» da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu