Etxeko langileen lanaldia erregistratu egin beharko da, Bilbon hasitako auzibide bati esker

EBko Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio era bidegabean kaleratu zutela salatu zuen langile bati. Enplegatzaileen ardura izango da lanorduak erregistratzeko baliabideak jartzea.

Etxeko langile bat, beharrean, artxiboko irudi batean. DANI CABALLO / EFE
Etxeko langile bat, beharrean, artxiboko irudi batean. DANI CABALLO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko abenduaren 19a
13:30
Entzun

Hego Euskal Herrian etxeko langile bat kontratatua dutenek haren lanaldia erregistratzeko baliabideak jarri beharko dituzte. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du etxeko langileek lanaldia erregistratzeko eskubidea dutela eta enplegatzaileen betebeharra dela horretarako modua ematea. 2019an ere hala ebatzi zuen, baina Espainiako justiziak argudiatu zuen erabaki horrek bere legedia urratzen zuela, eta horregatik ez zen aplikatzen Hego Euskal Herrian.

Etxeko langile batek ezin izan zuen frogatu astean 79 orduko lanaldia zuela. Ezintasun hori dago Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpenaren oinarrian

Oraingoan, baina, Europak Espainiari esan dio obligazio hori bete behar duela. Bilboko arlo sozialeko epaitegian kaleratua izan zela salatu zuen etxeko langile batek eragin du erreakzioa. 2020an kaleratu zuten, eta argudiatu zuen astean 79 orduko lanaldia zuela eta ez zizkiotela ordaindu ordu estrak, ezta horren araberako opor saririk eman ere. Epaitegiak, baina, esan zuen ezin zela frogatu halakorik, etxeko langileak ez zuelako modurik lanaldia erregistratzeko.

Langileak helegitea jarri, eta auzia Europaraino iritsi da: han, ebatzi dute langileek eskubidea dutela beren ordutegia erregistratzeko. Etxeko langileen Espainiako araudiaren arabera, baina, enplegatzaileak ez daude behartuta lanaldia erregistratzera, baina, langilearen helegitearen berri izan zuenean, Espainiak Europako auzitegiari galdetu zion, eta hark erantzun dio langileen eskubidea lehenetsi behar dela.

Sexu diskriminazioaren zantzuak

2019an antzera ebatzi zuen beste kasu batean, eta Espainiako justiziak ez zuen bete erabaki hori, lan legedi propioan oinarrituta. Bost urte geroago, baina, Europak adierazi du Espainiako auzitegiek eginiko interpretazioak «modu agerikoan» urratzen duela Europako arautegia; izan ere, langileei «eragotzi» egiten zaie lanaldia modu fidagarri eta objektiboan erregistratzea. Europak onartzen du etxeko langileen lan araudiak berezitasun batzuk dituela, baina zehaztu du horien artean ezin dela egon lanaldia ez erregistratzeko aukera.

Epaileak, halaber, nabarmendu du etxeko langileen %95 emakumeak direla eta, beraz, lanorduak erregistratzeko aukera ukatzea «sexu diskriminazioa» izan daitekeela. Izan ere, gaineratu du gizonezko langileek badutela eskubide hori, eta etxeko langileei ukatu egiten zaiela.

ELE: «Garrantzitsua izan zitekeen, baina ez da izango»

ATH-ELE etxeko langileen elkartea mesfidati agertu da ebazpenaren inguruan, zalantzak baititu hura aplikatzeari buruz. «Garrantzitsua izan zitekeen, baina ez da izango», laburbildu du elkarteak. Haren ustez, Espainiako Gobernuak ez du pauso zehatzik emango lanaldiak kontrolatzeko, «ez baitu inoiz halakorik egin». ELEk salatu du Espainiako Gobernuak interes handia duela oraingo ziurgabetasun egoera mantentzean, eta Lan Ikuskaritzak ez duela etxe barruetako lanaldia zainduko, «beste obligazio batzuekin egiten duen bezala».

Eta zeintzuk dira betetzen ez diren beste obligazio horiek? ELEk bi izendatu ditu. Esaterako, zaintzen duten pertsonaren etxean lo egiten duten langileei ez zaie gaualdia ordaintzen, ezta egunez lan egin arren ere —gauez bi aldiz baino gehiagotan altxatzeagatik ordainsari berezia dagokie—. Elkartearen arabera, lanaldia kontrolatzeak kolokan jartzen du menpekotasunen bat dutenen arazoak lan merkearekin konpontzeko aukera, «aitortu gabeko lanordu asko egiten baitituzte».

etxetik lehen bezeroarengana iritsi arteko ibilbidea ez da lan denbora

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du langile batek bere etxetik lehen zerbitzu edo zereginera joateko erabiltzen duen denbora ez dela lan denbora eta, beraz, enpresak ez duela zertan ordaindu.

 CCOO eta UGT sindikatuek joan-etorri horiek aitortzeko eskatu zuten, igogailu enpresa bateko langile batzuen auzian. Auzitegi Nazionalak arrazoia eman zien, baina Gorenak ezetz esan du. Horretarako, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian oinarritu da.

Gorenak ondorioztatu duenez, langileak enpresaren bulegora iristen denean edo handik igarotzen denean hasi behar du zenbatzen lan denbora, eta harainoko bidaia ez da kontuan hartu behar. 

Gorenak salbuespen batzuk zehaztu ditu: adibidez, enpresak bulegorik ez izatea edo bulegoa beste probintzia batean egotea, ibilbidea 100 kilometrotik gorakoa izatea edo enpresak joan-etorri horiek lan denbora gisa aitortu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.