Etxeko langile egoiliarren %45ek gutxienez birritan artatu behar izaten dute zaintzen duten pertsona gauero, bost egunetan edo gehiagotan jarraian. «Hori guztiz bateraezina da lan osasunarekin», salatu du Lorea Ureta Bizkaiko ELE Etxeko Langileen Elkarteko kideak. Elkarteak urtero lantzen duen txostena aurkeztu du gaur, eta esan du, besteak beste, gaueko atsedenaren datuak «zalapartatsuak» direla.
ELE etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzu bat da. Iaz, 603 langilek jo zuten harengana. Haiengandik jasotako 737 kasutan oinarrituta osatu dute aurtengo txostena. Ondorioztatu dutenez, etxeko langileen %98,5 emakumeak dira: ia %60k etxetik kanpo dihardute, eta %40 egoiliarrak dira. Langileen erdiak baino gehiago Europako Batasunetik kanpokoak dira. Horietatik, %32,8 legez kanpo ari dira. Haien jatorririk ohikoenak dira Paraguai, Nikaragua eta Kolonbia.
Hain zuzen, ondorioak aurkezteko, etxeko langile egoiliarrak –lan egiten duten etxean bertan bizi direnak– eta etxetik kanpo dihardutenak bereizi dituzte. Are, egoiliarrei dagokienez, aste barruan lan egiten dutenak –astelehenetik ostiralera, edota larunbatera eta igandera– eta asteburuetan lan egiten dutenak banandu dituzte –bi egun inguru–. Txostenak egoiliarren 298 kasu jaso ditu. Horietatik, 29k egiten dute lan asteburuetan.
«Etxeko langile egoiliar gehienak emakume migratuak dira», zehaztu du Uretak. Eta erantsi du laurdenek herritartasun bikoitza dutela. Beste laurden bat, hala ere, legez kanpo daude. «Legez kanpo diharduten langileek baldintza bereziki txarrak pairatzen dituzte». Hori dela eta, «berehalako erregularizazioa» eskatu du, hori baita «lan baldintza duinak» lortzeko eman beharreko «lehenengo pausoa».
Aste barruan egiten duten etxeko langile egoiliarren %70ek legezkoa den 60 orduko lanaldia gainditzen dute. Legez kanpoko ari direnen kasuan, ehunekoa nabarmen handiagoa da: %80 baino gehiago. Izan ere, haiek dira lanaldirik luzeenak egiten dituzten pertsonak; astean 80 ordutik gora egin dezakete lan. «Datu onartezinak dira, non dago Lan Ikuskaritza ordutegia kontrolatzeko?». Ildo beretik, etxeko langile egoiliarren %21ek ez dute eguneko atsedenik. Horrek esan nahi du ez dutela askatasunik kalera ateratzeko eta nahi dutena egiteko. Diferentea da asteburuetan lan egiten dutenen egoera: %82,7k ez dute inolako atsedenik hartzeko aukerarik.
Soldata ere izan dute hizpide txostenean: «Urtez urte, soldataren auziak ez du hobera egin». Uretak azaldu duenez, aste barruan lan egiten duten etxeko langile egoiliarren ia %98k ez dute kobratzen legez dagokien soldata. «Soldata abusua askoz handiagoa da legez kanpoko egoeran dauden langileen kasuan».
%7060 orduko lanaldia gainditzen duten langileak Aste barruan lan egiten duten etxeko langile egoiliarren %70ek legezkoa den 60 orduko lanaldia gainditzen dute. Legez kanpo dihardutenen artean, ehunekoa nabarmen handiagoa da: %80 baino gehiago.
Gizarte Segurantzan izena emana dutenen kopurua azpimarratu nahi izan du Uretak. Aste barruan lan egiten dutenen kasuan, %70ek dute izena emanda. «Kontuan hartu behar dugu Atzerritarren Lege ankerrak ez diela uzten legez kanpoko egoeran daudenei izena ematen», argitu du Uretak. Hala, aste barruan lan egiten dutenen %26,4k ez dute izena eman Gizarte Segurantzan, ezin dutelako. Idatzizko lan kontratua gero eta ohikoagoa den arren, Uretak nabarmendu du kontratuek ez dutela langileen baldintzen errealitatea islatzen.
Egoiliar gehienek zaintza lanak egiten dituzte, eta %86 bakarrik bizi dira zaintzen dituzten pertsonekin. Alde horretatik, zaindutako pertsonen %68 emakumeak dira. Era berean, gehienbat emakumeek kontratatzen dituzte etxeko langile egoiliarrak.
Etxetik kanpo dihardutenen langileen egoera ezberdina da. Orduka aritzen dira, eta langileen erdiak baino gehiagok zaintza ez den beste zeregin batzuk dituzte. Kasu honetan, legez kanpokoen kopurua egoiliarrena baino txikiagoa da: %11,6.
Erakundeen laguntzarik eza
Inoiz aldatu ez den egoera ere salatu du Uretak: «Nazkatuta gaude: administrazio publiko guztiek etxeko enpleguaren sektorea albo batean uzten dute». Besteak beste, Osakidetza interpelatu dute. Isabel Otxoa ELEko kideak azaldu du Osakidetzak ez dituela «etxeko lan istripuak» onartzen. «Medikuek esaten dute gaixotasun arruntengatik besterik ezin dituztela gaixo agiriak eman, nahiz eta etxeko langileen lan istripuak oso argiak izan». Izan ere, Otxoak esan du ohikoa dela etxeko langileak erortzea, edo besoan min hartzea. Medikuek Gizarte Segurantzaren Institutura bideratzeko esaten diete beharginei. «Hortaz, gaixoaldia laburra baldin bada, diru hori galtzea onartzen dute; luzeak baldin badira, berriz, aholkularitza bulego batera jotzen dute, zerbitzua pribatizatuz».
Langabezia saria jasotzeko ere zailtasunak dituzte; 2022ko urrian onartu zuen Espainiako Gobernuak langabezia etxeko langileentzat. Hala ere, salatu dute SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak ez duela 2022ko urriaren aurretik egindako lana onartzen. «Horrek langileak auzitara joatera behartzen ditu: epaitegiek langileei ematen diete arrazoia, ondorioztatuz hori etxeko langileen aurkako diskriminazioa dela», azaldu du Otxoak.
Enpresaren ziurtagiria emateko arazoak ere jartzen ditu SEPEk. Iazko urrira arte, enpresaren ziurtagiria modu telematikoan bidali behar zuten enplegatzaileek. «Zaindua izan behar duen pertsona batek ezin du hori egin», zehaztu du Otxoak. Orain, berriz, eskura eman dezakete langileek. Baina badago beste zailtasun bat: «Ez baldin badago haiek nahi duten moduan beteta, berriro itzultzen diete, inolako laguntzarik gabe».
Epaitegietako eta Lan Ikuskaritzaren epeak ere salatu dituzte elkarteko kideek. «Egun, salaketa bat jartzen badute epaitegietan, urtebete edo bi urte egon daitezke itxaroten». Horren ondorioz, langileek euren eskaerak murrizten dituzte, «zerbait lortzearren». Lan Ikuskaritzaren funtzionamendua ere «motela» da: «Defentsa gabezia ikaragarria dute langileek».