Merkatuaren legea ez da ongi funtzionatzen ari etxebizitza kontuetan: Hego Euskal Herrian, bizitegien salmenta jaitsi egin da azken urtean, baina, aldi berean, etxe horiek nabarmen garestiagoak dira.
Etxebizitzen prezioari buruzko datuak eman ditu gaur INE Espainiako Estatistika Institutuak. Haren arabera, azken urtean %10,1 garestitu dira Nafarroan, eta %8,5, berriz, EAEn (ez dago lurralde bakoitzaren daturik).
Batez ere etxebizitza berrien prezioa ari da handitzen: %14,6 Nafarroan, eta, batez beste, %15,2 beste hiru lurraldeetan. Horren erdia, berriz, bigarren eskukoena: %7 EAEn, eta %8,1 Nafarroan.
Etxebizitza askorik ez da eraikitzen ari, eta horrek azal dezake bi prezioen igoeren artean dagoen aldea. Esaterako, aurtengo lehen sei hilabeteetan saldutako etxebizitzen %22 izan dira berriak (3.223). Eraikuntzarenboomaren garaian, bitik bat ere izan ziren.
Ez dirudi, gainera, hurrengo hilabeteetan eskaintza asko handituko denik. Nastaten arabera, iaz 2.358 etxebizitzen eraikuntza hasi zen Nafarroan, baina aurten, lehen erdialdean, 1.067 baizik ez —iazko lehen erdialdean baino %30 gutxiago—, eta horietatik %10 baizik ziren babes ofizialekoak. Eraikuntza hori batez ere Iruñerrian bilduta dago, auzo berriak sortzen ari baitira, esaterako, Erripagainan, Ardoin, Lezkairun eta Arrosadian.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere etxebizitza berri gutxiago espero ditu Eustatek. Gaur bertan kaleratutako estatistikaren arabera, urteko lehen sei hilabeteetan 1.846 etxebizitza berri jarri dira salgai, iaz baino 1.500 gutxiago. Zaharberritutako beste 614 ere amaitu dituzte.
Bigarren eskuko gutxiago
Urtarriletik ekainera, INEren arabera betiere, 14.186 etxebizitza salerosi dira Hegoaldean, iaz baino %2 gutxiago. Berrienak gora egin du (+%8,4), baina bigarren eskukoenak %4,7 egin du behera. Biak batuz gero, %2 txikitu da etxebizitzen merkatua.
Merkatu horrek 2007an jo zuen goia (20.603), eta 2014an behea (8.210). Orduz gero, %72,8 handitu dira salerosketak, eta %47, berriz, prezioak. Nabarmena da, ordea, prezioen igoera batez ere azken hiruzpalau urteetan gertatu dela, 2014 eta 2020 bitartean nahiko apala izan zelako.
-%10Etxebizitzen prezioa, 2007tik. Azken hiru urteetan ia %25 garestitu badira ere, etxebizitzak 2007an baino merkeago daude orain: %10 merkeago EAEn, eta %21 merkeago Nafarroan. Batez besteko prezioak dira horiek, eskaera handiko hiri, herri eta auzo batzuetan orduko mailan edo gorago egon daitezke eta. Hori bai, kontuan hartu behar da, inflazioaren eraginez, 2007ko euro batek eta 2024ko batek ez dutela berdin balio.