Etxebizitzarenak ez du merkatuaren logika ulertzen. Urteko lehen hiruhilekoan %3,8 jaitsi da etxeen salerosketa Hego Euskal Herrian, baina, hala ere, horien prezioak gora eta gora egiten du etengabe. INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratutako datuen arabera, Nafarroan batez beste 2022an baino %7,4 garestiago izan dira, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,4 garestitu dira.
Igoerak etenik ez duen arren, moteldu egin da etxebizitzen garestitzea. Iaz, antzeko mailan igo ziren: %7,3 Nafarroan eta %6,4 beste hiru lurraldeetan.
Ikusi gehiago
Etxe berrien prezioa garestitu da gehien: %12.7 Nafarroan, eta %12,3 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz baino handiagoa izaten ari da igoera. Etxebizitza berriak %10,9 garestitu ziren iaz Nafarroan, eta %6,1 beste hiru lurraldeetan. Gutxi gorabehera, saltzen diren hamarretik bi dira.
Bigarren eskukoetan apalagoa izan da igoera urteko lehen hiruhilekoan. %5 garestitu dira Nafarroan, eta %5,1 beste hiru lurraldeetan.
Salerosketa eta hipoteka gutxiago
Urteko lehen hiruhilekoan 747 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iaz epe berean baino %3,8 gutxiago. Baliteke interes tasa handien eraginez jaitsi izana salerosketak, baina ez dute hainbesteko eragina izan prezioen igoeran.
Hamar etxetik bederatzi inguru hipoteka mailegu baten bitartez erosten dira gaur egun. Urteko lehen hiruhilekoan, 6.374 hipoteka sinatu ziren, iaz baino %6,7 gutxiago.