Etxebizitzaren prezioak goia jo zuen iaz Hego Euskal Herrian

Nafarroan zegoen merkeen metro koadroa, 1.992 eurotan. Lau lurraldetan areagotu ziren etxebizitzen salerosketak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz etxebizitza bat erosi zutenek beren soldaten %30 erabili zuten hipoteka ordaintzeko.

Bilboko eraikin batzuk, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Bilboko eraikin batzuk, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 23a
17:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxebizitzen prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta Hego Euskal Herrian marka berriak hautsi zituzten iaz. Donostian, esaterako, 5.708 euro balio zituen metro koadro batek, batez beste; hau da, 2023an baino %6,1 gehiago. Datuak Espainiako Jabetza Erregistratzaileen Elkargoak gaur argitaratutako txostenean daude. Bertan, hiru hilabetean behin egiten duten legez, etxebizitzen salerosketen datuak xehatu dituzte, lurraldeka. Hego Euskal Herriari dagokionez, orokorrean, gora egin dute prezioek; zenbait lekutan, halere, behera egin dute.

Araban eta Nafarroan jaitsi da metro karratuaren batez besteko prezioa. Alde batetik, Araban 2.296 euroren truke eros zitekeen metro koadroa iaz; hau da, 2023arekin alderatuz gero, %2,9 merkeago eskuratu zitekeen etxebizitza. Nafarroan, bestetik, jaitsiera apalagoa izan zen: %1,2koa. Horiek horrela, 2024an Nafarroan metro koadroak 1.992 euro balio zituen, batez beste. Gipuzkoan eta Bizkaian egoera bestelakoa izan zen, ostera.

Bi lurralde horietan prezioek gora egin zuten. Bizkaian, %3 areagotu zen etxebizitzen prezioa; eta metro koadroa 2.895 eurotan zegoen, batez beste. Prezioak are gehiago igo ziren Gipuzkoan: %4,3ko igoera izan zuten, eta metro koadroa  3.577 eurotan zegoen.

Hiriburuetan are nabariagoa izan da prezioen igoera. Are gehiago, Gasteizen soilik jaitsi zen etxebizitzaren prezioa: %3,3 apaldu zen metro karratuaren prezioa Arabako hiriburuan, eta 2.473 euroan zegoen metro koadroa. Horiek horrela, hegoaldeko lau hiriburuen artean Gasteizek zituen etxebizitza merkeenak, batez beste. Lurraldeetan gertatu legez, Donostiaren ondotik —5.708 euro metro koadroko—, Bilbo izan zen hiribururik garestiena, alde nabariarekin: 3.068 euroren truke saldu zen metro koadroa; hau da, 2023an baino %5,5 garestiago. Iruñea, ostera, 2.693 eurotan geratu zen, batez beste; hau da, 2023arekin alderatuz gero, %2,1 igo zen prezioa.

Gasteiz, makrozefalia urbanoa

Araban makrozefalia urbanoa dagoela adierazten dute datuek; hau da, hiriburuan pilatzen direla Arabako biztanle eta negozio gehienak. Izan ere, iaz 3.704 etxe erosi ziren lurralde horretan —2023an baino %20,2 gehiago—. Bada, salerosketa horien guztien %80,05 Gasteizen izan zirela zehaztu dute jabetza erregistratzaileek.

Kopuru hori are nabarmenagoa da beste hiru hiriburuen ehunekoekin alderatuz gero. Izan ere, Gipuzkoan saldu ziren etxeen %25,23 soilik saldu ziren Donostian, eta Bizkaiko salerosketen %28,87 izan ziren Bilbon. Nafarroan, bestalde, saldutako etxebizitzen ia herenak Iruñean saldu ziren.

%95,29

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erositako etxebizitzetatik zenbat diren pisuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz erosi ziren etxebizitza guztietatik %95,29 pisuak dira. Kopurua txikiagoa da Nafarroan. Lurralde horretan 2024an erositako etxebizitzen %81,49 dira pisuak.

 
%71,42

Nafarroan zenbat etxebizitza diren 80 metro karratu baino gehiagokoak Nafarroan iaz saldu ziren hamar etxebizitzatik zazpik 80 metro karratu baino gehiago dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, ez dira bostera heltzen. Hain zuzen, 2024an erositako etxebizitzen %43 soilik dituzte 80 metro karratu baino gehiago.

Araban saldu ziren etxebizitza gutxien. Iazko datuei erreparatuz gero, beste hiru lurraldeek salerosketa kopurua bikoizten dute ia. Are gehiago, Bizkaian kopurua hirukoiztu egin zen, guztira 12.005 etxebizitza saldu baitziren han. Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, 7.300 inguru: 7.396 eta 7.282, hurrenez hurren. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ugaritu ziren salerosketak.

Gainera, erositako etxebizitza gehienak bigarren eskukoak izan ziren. Gipuzkoan, esaterako, %84,44 izan ziren bigarren eskukoak. Beste hainbat aldagaitan gertatu gisan, etxebizitzen egoerari dagokionez ere ezberdintasunak daude lurraldeen artean. Bizkaiaren (%81,49) eta Gipuzkoaren kasuan, erositako hamar etxebizitzatik zortzi bigarren eskukoak dira, eta Nafarroan eta Araban kopuru hori ez da zazpira heltzen; %69,57 eta %69,68, hurrenez hurren.

Etxe babestuek ez dute toki handirik salerosketen merkatuan: ehunetik bost ere ez ziren inoiz. EAEren kasuan, %4,62 ziren mota horretako etxebizitzak. Hala ere, aurreko urtean baino gehiago izan ziren, 2023an 1,5 puntu apalagoa baitzen haiei zegokien ehunekoa. Nafarroan gutxiago izan ziren babestutako etxebizitzak: %3,93; hala ere, ehuneko hori 2023an baino 0,66 puntu handiagoa da.

Hipotekek gora

Etxebizitzen salerosketen kopuruak eta prezioek gora egiten duten honetan, bankuek emandako hipoteka kopuruak ere halaxe egin du. Nafarroan %20 igo ziren hipotekak iaz, eta guztira 5.497 hipoteka berri onartu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan ere areagotu dira hipotekak; %8,8 gehiago onartu zituzten iaz, hain zuzen. Hau da, guztira 21.034 hipoteka gehiago onartu ziren iaz hiru lurralde horietan.

Hipoteketan eskatutako diruari dagokionez, ordea, ezberdintasunak daude lurraldeen artean. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan handitu egin da eskatu ohi den diru kopurua, eta batez beste 162.500 euro ematen dira maileguan. Alabaina, Nafarroan behera egin zuen zenbatekoak, 2023koarekin alderatuta: batez beste 127.819 euro utzi zituzten bankuek Nafarroan. Bi kasuetan, hala ere, 24 urte behar dituzte herritarrek eskatutako diru hori itzultzeko, batez beste.

Eta, horiek horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz etxebizitza bat hipoteka baten bidez erosi zuten herritarrek beren soldataren %30 erabili behar dute maileguan jasotako diru hori itzultzeko; hau da, 2023an baino 0,92 puntu gehiago. Nafarroan, kopuru hori lau puntu txikiagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.