Etxebizitzen prezioa

Etxebizitzak %2 baino gehiago garestitu ziren 2021ean Hego Euskal Herrian

2011. urteko mailara itzuli dira bizitegien salneurriak, INEren datuen arabera. Salmentak%19 handitu ziren, eta 2020an galdutakoaren gainetik daude

Etxebizitzen eraikuntza, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 9a
18:19
Entzun

Pandemia luzatzeak ez du eten etxebizitzen goranzko prezioa. INE Espainiako estatistika erakundeak kaleratutako datuen arabera, bizitegien batez besteko prezioak %2,1 egin zuen gora iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,8, berriz, Nafarroan. Azken lurralde horretan zazpigarren urtez jarraian egin dute gora salneurriek, eta zortzi urtez beste hiru lurraldeetan.

Edonola ere, etxebizitzen prezioak oraindik oso urrun daude 2007. urtean izan zituztenetik. Urte horretan jo zuen goia etxebizitzari lotutako burbuilak, eta hurrengo urtean zulatu zen, krisi ekonomiko larri bat sortuz. Horrela, 2007. urtean iaz baino %39 garestiago zeuden etxeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %67 garestiago Nafarroan.

Betiere INEren datuen arabera, azken urteetako igoerak apalak izan dira, %2 eta %3 artekoak. Iaz, gainera, inflazioaren azpikoa izan zen garestitzea, batez besteko KPI kontsumo prezioen indizea %3,2koa izan baitzen.

Eraikitzaileen kexua

Etxe motaren arabera, prezioen bilakaera desberdina izan zen lurraldez lurralde. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitza berriak garestitu ziren gehien (+%3,1), eta bigarren eskukoak gutxien (+%1,9). Kontrakoa gertatu da Nafarroan: prezioei eutsi zieten bizitegi berriek (+%0,3), eta nabarmen garestitu ziren bigarren eskukoek (+%4).

Etxe berrien artean daude babes ofizialekoak, eta haien prezioei buruz kexatu zen joan den astean Ascobi Bizkaiko eraikuntzako patronala:«Babes ofizialeko etxeek izan dezaketen gehiengo prezioa igo behar da. 11 urtez izoztuta egon dira, eta egungo prezioetara egokitu behar dira». Ohartarazi zuen %15 inguru garestitu ezean haien eraikitzea geratu egingo dela, bestela ez baitira errentagarriak eraikitzaileentzat.

2020 atzean utzita

Etxebizitzen salmentari dagokionez, merkatuak berreskuratu eta aise gainditu du 2020an izandako erorikoa. Urte horretan %13,6 txikitu ziren salmentak, eta zazpi urteko gorakada eten egin zen. Iaz, berriz, %19,2 handitu ziren, 27.810raino.
Iaz saldutako bost etxeetatik bat berria izan zen, eta beste laurak, bigarren eskukoak. Berrien salmenta %23 handitu zen, eta %18, berriz, bigarren eskukoena.

Salmentek ere gorantz egin dute 2013. urtean merkatuak hondoa jo zuenetik, baina oraindik oso urrun daude Atzeraldi Handiaren aurretik zuten mailatik. Horrela, 2007. urte­an 35.732 etxebizitza salerosi ziren Hegoaldean, iaz baino 8.552 gehiago (+%23,9).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.