Eraikuntza

Etxebizitza salmenta jaitsi egin da Hegoaldean, lehen aldiz 2013az geroztik

Prezioek, ordea, gora egiten jarraitu dute.

Etxeak eraikitzen, Iruñeko Lezkairu auzoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 12a
19:28
Entzun

Amaitu egin da bost urteko hazkunde epea. Lehen aldiz 2013az geroztik, etxebizitzen salmenta jaitsi egin zen iaz Hego Euskal Herrian. INEren datuen arabera,  25.080 etxebizitza salerosi ziren 2019an, 2018an baino 1.272 gutxiago (-%4,8). Urteak aurrera egin ahala, merkatuak indarra galdu du, urte erdian jaitsiera oso txikia baitzen, %0,2 baizik ez.

2018an  iritsi zen merkatua krisia sortu zeneko mailara. Badago, ordea, desberdintasun handi bat 2008ko eta 2019ko etxebizitza merkatuen artean: orduan, saldutako bi etxetik bat (%47,8) berria zen, eta garabiak oraindik bete-betean ari ziren lanean. Azken urteetan, ordea, bostetik bat baizik ez da berria izan: iaz, zehazki, %19,8 izan dira. Azken urteetan asko moteldu da bizitegi berrien eraikuntza eta salmenta, eta kopuru nahiko egonkorretan dago 2015az geroztik. Haien salmenta %4,4 jaitsi zen iaz.

Erakunde publikoen esku hartzea alokairura bideratzen ari dela erakusten duen beste datu bat ere eman du INEk: babes ofizialeko 2.553 etxebizitza saldu zituzten, merkatu osoaren %10,2 baizik ez. 2008an, merkatuaren %18 ziren.

Lurraldeei erreparatuz, jaitsiera handiak izan dira Nafarroan (-%9,7) eta Bizkaian (-%7,7). Gora egin dute, berriz, Araban eta Gipuzkoan (%1,3 bietan).

Prezioek, gora

Salmenten jaitsiera oraindik ez da gehiegi antzeman prezioetan. INEk hilabete barru emango ditu 2019 amaierako datuak, baina urteko hirugarren hiruhilekoan ikusten da eskaera jaisteak eragin mugatua izan duela prezioetan.

Horrela, urtebetean %4,8 garestitu dira etxebizitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,1 berriz, Nafarroan. Edonola ere, salneurriak oraindik oso urrun daude krisi aurreko kopuruetatik. INEk dio batez beste %26 merkeago daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %38 merkeago Nafarroan. Alde handiak daude herri batetik bestera eta hirietako auzo batetik bestera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.