Ostatu turistikoen eskaintza arautuko duen legeak beste pauso bat emango du aurrera, Eusko Jaurlaritzak araudi hori garatzen hasteko asmoa baitu datorren hilabete hasieran. «Sektore turistikoa horren zain dago». Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariaren hitzak dira. Baikor mintzo da, uste baitu urtea amaitu orduko posible izango dela Turismoaren Legea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea. «Aurreproiektua guztion artean osatu genuen, eta, orain, sektoreko alderdi guztiekin jarraitu nahi dugu lanean. Adostasuna bilatu, eta araudi hori nola garatu behar dugun erabaki behar dugu».
Aurretik lan zaila dutela aitortu du Garmendiak, eta horregatik sektore guztien ekarpenak aztertuko dituztela nabarmendu du. Lehiaren Euskal Agintaritzari egindako keinu zuzena da, orain hilabete justu LEAk aurkeztuzuen txostenak hautsak harrotu baitzituen. LEAk merkatu librearen aldeko ikuspuntua du, eta txosten horretan beharrezkotzat jo zuen Jaurlaritzak aurkeztutako aurreproiektuko zenbait puntu «sakonean berrikustea».
Kritika horiek harriduraz jaso zituela azaldu du Garmendiak, nahiz eta prest agertu den txosten horretako gomendioak aztertzeko. «Epez kanpo iritsi dira, baina gogoeta horiek aztertu, eta erantzun bat emango diegu laster». Jaurlaritzaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren arteko desadostasuna azaleratuta geratu zen txostenean. Hala, Pilar Canedo LAEko lehendakariak aurreproiektuko zenbait puntu kritikatu ditu, etxebizitza turistikoen alokairua arautzen duen alorrari dagozkionak: «Zenbait araurekin oztopoak jartzen dizkiete merkatura sartu nahi duten partikular eta enpresa txiki berriei».
Baldintzak, polemika gai
Aurreproiektuaren arabera, turismorako eskainitako etxeek, apartamentuek, eta banakako logelek Jaurlaritzaren erregistroan eman beharko dute izena. Canedoren arabera, arazorik handiena ez da erregistroan izena eman beharra, erregistro horretan izena emateko jarriko dituzten baldintzak baizik: «Baldintza horiek oso gogorrak badira, baldintza horiek betetzeak arazoak ekar diezazkiekete zerbitzu hori eskaini nahi duten partikularrei». Horri aurre egiteko, Canedok bestelakoa proposatu du: sistema bat sortzea. Sistema horretan, partikularrek zerbitzua zer den eta zerbitzuaren baldintzak zeintzuk diren argi adierazi beharko lukete, baina ez leudeke behartuta erregistro batean izena ematera.
Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak Europara begiratu du: «Ez da guk asmatu dugun zerbait. Europako hainbat lekutan hartutako neurria da. Suitzan, adibidez, jarduera bat hasi aurretik behar dute administrazioaren baimena. Guk alderantziz egiten dugu; jarduera hasten da, etaerantzule-adierazpena igortzen digute. Horrela, ziurtatzen dugu bete beharrekoa betetzen dela. Gero, administrazioaren esku legoke hori frogatzea».
Erregistroaz gain, desadostasun puntu gehiago aurkitu daitezke Lehia Agintaritzaren txostenean. Esaterako, nortzuk eman beharko duten izena erregistro horretan. Izan ere, euren etxebizitzak denbora tarte batez alokatuta izan duten jabeak behartuta egongo dira lege horretako arauak betetzera. Hain zuzen ere,urtean bi denbora tartez gutxienezizan dituztenek, tarte horiek 31 egun edo gutxiagokoak izanik. Canedoren arabera, epe hori txikiegia da, erregistro horretan izena eman behar izateak zerbitzu hori eskaintzeko aukera murrizten baitie partikularrei.
LEAk jomugan jarritako beste puntu bat: partikular batek eskain ditzakeen logela kopuruari legeak jarritako muga. Batetik, partikular batek eskaintzen dituen gela guztiek kategoria «berekoak» izan beharko dute. Canedok kontrako iritzia du: «Baldintza horren ondorioz, partikularrak eskaintza bateratu beharra dauka; zer gertatzen da partikular batek luxuzko gela bat, eta beste gela txikiago bat eskaini nahi baditu? Ez da bidezkoa».
Konkurrentzia desleialak ere polemika piztu du, Eusko Jaurlaritzak aurrera atera nahi duen legeko puntu bat ez betetzea nahikoa izango baita jarduera hori konkurrentzia desleialtzat jotzeko. Canedoren aburuz, hori «onartezina» da. «Konkurrentzia desleialak arautegi propioa dauka, eta arautegi hori da kontuan hartu beharko litzatekeena zerbitzu bat desleialtzat jotzeko».
Era berean, aurreproiektuak sarkinkeria profesionala —titulaziorik gabe lanbide horretan aritzea— ere zehaztu du. LEAko lehendakariaren esanetan, Turismoaren Legeak sarkinkeria profesionaltzat hartzen du arautegia ez betetze hutsa. Kexu da: «Bistakoa da ez dela titulazio bat behar gela bat alokairuan jartzeko». Haren ustez, badakite ekintza horiek legez kontrakoakdirela, eta neurri horren helburu bakarra da erabiltzaileek pentsatzea partikularrek eskainitako zerbitzuak legez kontrakoak direla, kontratatu ez ditzaten.
Bosgarren puntu bat ere badago. Eraikuntza berean turisten alokairura bideratzen diren etxebizitza guztiek jarduera turistiko bera eskaini beharko dute: «Etxebizitza batean ezin dira bulegoak, partikularrak, eta alokairuan dauden etxebizitzak egon». Hori horrela, oinarri hori muga izango litzateke zerbitzu bat eskaini nahi dutenentzat. Izan ere, etxebizitza horretan bizi direnekin ados jarri beharko lukete zerbitzu bat eskaini baino lehen.
Gainera, legeak zehazten duenez, etxebizitza horretako zerbitzu guztiak enpresa bakar batek kudeatu beharko lituzke. Lehiaren Euskal Agintaritzaren aburuz, tamaina horretako zerbitzu bat eskaintzeko beharrezkoa da enpresa handia izatea; partikularrek ez dute ahalmen ekonomikorik, eta zerbitzu hori eskaintzea zailtzen die.
Argitasuna eta legeria
Euren logelak eta etxebizitzak alokatzen dituzten jabe eta partikularren elkartea da Anfitriones Basque Country Hosts. Horko zuzendaria da Luis Cortes, eta, guztira, 200 etxebizitza daude erregistratuta. Luis Cortes da elkarteko zuzendaria, eta, nahiz eta aurreproiektuaren zenbait punturekin desadostasunak agertu, orokorrean gustura dago lege berriarekin: «Lehen aldiz aitortuko dute legezko gure jarduera, eta horrek segurtasun juridiko handia ematen digu. Zenbat eta arinago arautu, eta betebehar guztiak argitu, gure onerako izango da. Ongi etorriak izango dira argitasuna eta legezkotasuna». Zirriborroak kontuan hartuko ditu apartamentu turistikoak; araudiaren arabera, eraikineko bloke bakarra osatu beharko dute solairuek. Cortesen esanetan, legeak irudi berri bat egokituko du: erabilera turistikorako etxebizitza. «Horietan ez dute apartamentu turistikoek dituzten mugak izango». Etxebizitzetako logelak ere aintzat hartuko dira.
Eragozpenik ere ikusten dio, ordea. «Legeak modu egokian biltzen ditu gure eskabideak. Baina aurreikusten dituzten isunak neurrigabeak dira. Adibidez, zure etxebizitza Interneteko atarian erakustea, Eusko Jaurlaritzaren erregistroetan izenik eman gabe». Zigor ekonomiko horiek 10.000tik 600.000 eurora bitartekoak izan daitezke. «Proportzionalagoak izan behako lirateke. Jarduera bategatik urtean 20.000 euro fakturatzen dituenari ezin zaio hamar aldiz handiagoa den isunik jarri». Neurri horren atzean arrazoiren bat dagoela uste du Anfitriones Basque Country Hosts-eko zuzendariak. «Helburua da beste sektore batzuetatik etor daitezkeen kritikak isilaraztea. Hotelen sektorearen gogoa bete nahi izan dute».
Zuhurtziaz mintzo da Cortes aurreproiektuan aipatzen diren betebehar horien inguruan. «Ikusi beharko da baldintza horiek egokiak ala neurrigabeak dien. Pentsa zer gerta daitekeen alde zaharreko etxebizitzekin. Turistek ikaragarri gustuko dute, politak eta zaharrak direlako. Baina askok eta askok ez dute igogailurik. Bertan bizitzeko igogailua derrigorrezkoa ez bada, ez dut ulertzen zergatik den beharrezkoa logela bat alokatzeko».
Kontrol eske
Alvaro Diaz-MunioDestino Bilbaoko zuzendaria da, Bizkaiko hiriburuko 25 hotelek baino gehiagok osatzen duten elkartekoa, alegia. Ez dator bat Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako kritikekin, uste baitu turismo sektoreko alde guztien adostasuna lortu dela. «Ostatu bat alokairuan eskaini nahi duenak baldintza batzuk bete beharko ditu. Guk geuk, adibidez, segurtasun edo eta higiene aldetik betetzen ditugun bezala. Azkenean, ostatu horiek guztiak legeztatzea denon mesederako da. Hona datorren turistak ikusten badu kontrolik ez dagoela, hiriaren itxura oso txarra ematen ari gara». Orain arte adostutakoarekin pozik, araudia garatzerako orduan ere Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko dutela dio Diaz-Muniok. «Garrantzitsua da guztiok gure ekarpenak egitea».
Airbnb, sareko bitartekaria
Kataluniako Gobernuak ere erabakia hartu du ostatu turistikoen eskaintza arautu eta legeztatzeko. Kasu honetan, herritarrek euren ohiko etxebizitzak alokatu ahalko dizkiete bidaiariei, betiere gainontzeko ostatuek biltzen dituzten tasak bilduz gero. Tasa hori 0,65 euro izango da pertsonako eta gaueko Bartzelonan, eta 0,45 euro herrialdeko gainontzeko tokietan. Horrela, Airbnb eta antzeko plataformetan eskaintzen diren logelak arautu nahi ditu gobernuak. Airbnb etxe eta logelen alokairurako bitartekari lanak egiten dituen atari nagusienetariko da. Hain zuzen ere, Generalitat bera izan zen gisa horretako enpresei isuna jarri zien Europako Batasuneko aurreneko administrazioa. Amsterdam (Herbehereak) eta San Frantzizko (Ameriketako Estatu Batuak) hirietan ere jabeek euren logelak eskaintzeko aukera dute turisten tasak ordaintzen dituzten bidaiariei.
Garmendiak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritza ere harremanetan izan da Airbnb enpresarekin: «Euren asmoa gurekin ados jartzea da. Badakite gero eta neurri gehiago hartzen ari direla toki guztietan». Oraingoz, ez du aztertu turista tasak biltzen hastea, nahiz eta neurria ez baztertu. «Orain, araudia garatzen hasiko gara, eta ondoren pentsatuko dugu zer egin».
Parisen, berriz, 0,83 euroko tasak biltzen dituzte. Frantziako hiriburuan, baina, sektoreko profesionalak ez direnek ez dituzteadministrazioarekin izan ditzaketen zorrak kitatu beharrik. Baldintza horiek ezin hobeak dira Airbnb, Booking, HomeAway eta gainontzeko Internet atarientzat, hain zuzen ere elkarlaneko ekonomia filosofia praktikatzen duten enpresentzat. Ez dator bat Eusko Jaurlaritzako turismo zuzendaria. «Hor jarduera ekonomiko garrantzitsu bat dago, eta,beraz, hori arautu egin beharko da, zaila izan arren».
Etxea bada errenta
Turismo Legearen aurreproiektuak Jaurlaritzaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren arteko eztabaida eragin du, turistei etxebizitza alokatzeko jartzen zaizkien baldintzak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu