Azken egunak oso biziak izaten ari dira diplomaziarentzat. Donald Trump AEBetako presidenteak emandako 90 eguneko menia aprobetxatzen ari dira estatuak Washingtonera ordezkaritzak bidaltzeko. Iristen azkenekoa Japoniakoa izan da. Ostiralera arte egongo da han, baina zail izango du akordio bat egitea. Are gehiago asteon Europako Batasuneko ordezkaritzarekin zer gertatu den ikusi eta gero, zeinak astelehenean Washingtondik alde egin baitzuen Trumpen «benetako asmoen» arrastorik izan gabe. Txinak urrunagotik begiratzen die elkarrizketei. Eta hura ere hitz egiteko prest azaldu den arren, «errespetua» galdegin dio Washingtoni.
Oraingoz, Trumpek lehentasuna eman dio Japoniarekin negoziatzeari, eta, iragarri duenez, bileretan parte hartuko du, Bruselako ordezkariarekin eginikoetan ez bezala. AEBek ezarritako muga zergek eragin larria izan dezakete Japoniako autogintzarentzat. Japoniaren esportazioen %30 gutxi gorabehera AEBetan saldutako autoek osatzen dute. Gaur egun %2,5ekoa da produktu horientzako tarifa, eta %27,5ean ezarri nahi du Trumpek. Hala ere, prest azaldu da igoera hori eteteko Japoniako auto ekoizleek euren produkzioaren parte bat AEBetara eramaten badute. Honda, Nissan eta Mitsubishi hasiak dira bide horretan mugitzen. Hondak asteazken honetan iragarri duenez, Civic modelo hibridoaren ekoizpena Indianako lantegira eramango du, eta, horrenbestez, bertsio bat salbu modelo horretako auto guztiak AEBetan egingo ditu.
Trumpek serio hartzen dituen lehen negoziazioak izango dira AEBen eta Japoniaren artekoak, eta aurrekari moduko bat ezar dezakete. Aurreratu dutenez, autoena izango da gairik delikatuena, baina beste batzuk ere izango dituzte mahai gainean: Japoniak AEBetatik produktu gehiago inportatzea, nagusiki gas natural likidotua, arroza, garia eta armak. Ontzigintzaren sektoreari buruzko puntuak eta finantza arlokoak ere badaude, besteak beste.
Europarekin eta Txinarekin gogor
Negoziazio agenda bat ezarri du Washingtonek Tokiorekin. Aldiz, halakorik ez zen egon Bruselako ordezkariekin astelehenean izandako bileran. Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa joan zen bezala itzuli zen AEBetatik. Haren bozeramaileak atzo esan zuenez, «Trumpek berak ere ez daki zer nahi duen, eta horrela oso zaila da ezer negoziatzea». Ideia hori berretsi du Michael McGrath Justizia komisarioak asteazken honetan, eta nabarmendu du Europako Batasuna prestatzen ari dela akordiorik egon ez dadin.
Egoera desblokeatzeko, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa Washingtonen izango da ostegun honetan. Meloni Trumpen solaskide nagusietako bat da Europan. Aurreratu du Europako Batzordearen mezua bere egin eta industriari —besteak beste autogintzari— ezarri nahi dizkion muga zergak kentzeko proposamena eramango duela besapean.
Joan den astean, Trumpek 90 egunez atzeratu zituen herrialde askori jarritako muga zerga bereziak —%10ean daude orain denak—, baita Europari ezarritakoak ere, eta Bruselak keinua egin zion, berak ere bere zigorrak atzeratuta.
Oso bestelakoa da Washingtonen eta Pekinen arteko harremana. Bizi-bizi dago haien arteko gerra komertziala. Trumpek %125era handitu zituen hari ezarritako muga zergak, Pekin ez zelako kikildu eta hark AEBei ezarritakoak ere igo egin zituelako.
Hortaz, bi aldeak negoziazio prozesu luze eta gogor baterako prestatzen ari dira. Hala azpimarratu du Lin Jian Kanpo Arazoetako eledunak. Esan du Washingtonek «mehatxuak eta xantaia» erabiltzeari utzi behar diola Pekinekin hitz egin nahi badu.
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak asteartean adierazi zuenez, Txinari dagokio «muga zergen akordioa lortzeko lehen pausoa ematea», eta pilota Pekinen «teilatuan» dagoela nabarmendu zuen. Linen arabera, berriz, Txinaren jarrera argia eta zalantzarik gabekoa izan da hasieratik. «Ez dago irabazlerik gerra komertzialetan. Txinak ez du gerra hau nahi, baina borrokatzeak ez dio beldurrik ematen». Bien bitartean, Pekinek ordezkari berri bat izendatu du negoziazioetarako: Li Chenggang, Merkataritza ministrordea eta Munduko Merkataritza Erakundean Txinako enbaxadore izandakoa.