EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak urteroko diru-biltze kanpaina abiatu du, eta dohaintza bidez laborantza iraunkorraren alde daramaten jarduna laguntzera deitu dituzte herritarrak. Trantsizioaren gaia hartu dute ardatz aurtengo kanpainarako, hau da, agroekologia, agrooihangintza edo etxaldeen autonomia garatzen dituzten laborantza eredu iraunkorrerako trantsizioak sustatzea. «Laborariak dira eragile nagusiak, etxaldeetan egiten dutenak. Guk haien praktikak hobetzen laguntzen ditugu, erosten dituzten gaietarik libratzeko eta klima aldaketaren ondorioei egokitzeko».
Hainbat arlotan ikusten dute praktika agronomikoak eta alorren kudeaketa egokitzeko aukera, baliabideak «xuhurki» erabiltzeko eta «lurraren bizia» babesteko, hala nola pentzeen kalitatea hobetzea, belar txarren kentze mekanikoa sustatzea, etxaldeko mikroorganismoen erabiltzea ongarrien eta lurren funtzionamendua hobetzeko, baliabide naturalak guti erabiltzen dituzten alorrak sustatzea eta agrooihangintzan urratsak egitea. Horiek guziak lantzen dituzte, laborariei prestaketa eta aholkuak emanez.
Azkenik, trantsizio energetikoari buruzko gogoeta bat ere abiatu dute I-Ener, Bizi eta ELBrekin batera, lurralde mailan zer egin daitekeen aztertzeko. Bereziki aztertu nahi dute eguzki panelen ustiatzea bateragarria izan ote daiteken laborantza herrikoiarekin eta etxalde txikietako laborantzarekin.
Gaur egun, 800 bat diru emaile ditu EHLGk, horien artean partikularrak eta enpresak. Horietako batzuk nabarmendu nahi izan ditu EHLGk, askotarikoak direla erakusteko. Laguntza eman nahi duenak azaroaren 26a egin dezake, banku transferentziaz, txekez edo EHLGren webgunearen bidez.