Egiten dira inkestak, ikerketak, eta, beraz, badira estatistikak. Datu gutxi ezagutzen dira, halere. Berriki, Sud Ouest egunkariko artikulu batean, Zuberoako laborantzako datu batzuk argitaratu zituzten: nagusia, 2000 eta 2020 bitartean Zuberoak hamahiru etxalde galdu dituela urte bakoitzeko. Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG), bestalde, Ipar Euskal Herriko datuak biltzen ditu: 2010ean 4.451 etxalde ziren, eta 2020an, 3.819. Datuen iturria Frantziako Laborantza Ministerioa da; inkestak eginarazi, eta, gero, eskualdeko erakundeen esku uzten ditu, tratatuak izan daitezen.
Patxi Iriart EHLGko langilea ez da harritzen datuek marrazten duten bilakaerarekin: «Gutxitze joera ez da baitezpada harrigarria, denetan ari baita laborantza gibelka, emeki-emeki. Konparatzeko aitzineko hamarkadarekin, oraingoan Ipar Euskal Herriak etxaldeen %15 galdu ditu, aitzineko hamar urteetan %25 galdu zituelarik».
Etxaldeak galtzea aipatzen delarik, zehaztu behar da etxalde baten aktibitatea eta sortzen dituen lanpostuak desagertzea dela inkestek ematen duten datua. Zaila da lurren bilakaera trazatzea, baina Iriartek ziurta lezake, lur onak bederen, baliatuak direla gero ere laborantzarako: «Normalki, lurrak baliatuak dira, auzoen artean partekatzen direlako. Gertatzen da etxalde batzuk ez direla baliatuak, eta lurrak sasiak hartzen dituela. Baina lur onak partekatuak dira laborarien artean». Datuetan, beraz, soilik etxalde kopurua agertzen da: «Urte batez honenbeste etxalde zen, eta urtebete berantago, honenbeste, eta gutxiago dira», ziurtatu du, datuei beha.
Akitaniako Agreste-Draaf (Elikagaien, laborantzaren eta oihanen eskualde zuzendaritza) erakundearen datuetan, Zuberoan lanpostuetan ere ageri da laborantzaren gibelaldia: 2000. urtean 1.422 lanpostu ziren laborantza sailean; 2010ean, 955; 2020an, 889 lanpostu. Hogei urte horietan, Zuberoan 270 etxaldek utzi dute aktibitatea.
Transmisioan datu gordeak
Ikertzen diren beste datu batzuk ez dira hainbeste barreiatzen; Paueko (Okzitania) Laborantza Ganberak inkesta batzuk baditu eginak transmisioaz, baina emaitzak beretzat gorde nahi dituela ulertu du Daniel Iturburuak, Baigorriko hautetsiak: «Jakin genuen Paueko Ganberak inkesta bat egin zuela hemengo bi kantonamenduetan, eta Pauera telefonatu genuen, baina ez dituzte nahi izan eman. Konfidentzialtasuna zuten aitzakia; alta, sos publikoarekin ari dira…».
Zuberoako datuak komentatu zituen Sud Ouest-eko artikuluan, berriz, transmisioaren datu batzuk ere aipatzen dira, baina izen-abizenik eman gabe, «behatzaile» baten erranetan bermaturik: Zuberoako «etxaldeen %30 segidarik gabe izanen dira epe laburrean», informatzaile anonimo horren arabera. Gaur egun, azken inkestaren arabera, Zuberoako etxaldeen %20an 60 urtez goitikoak dira laborariak.
Etxaldeen transmisioa ziurtatua denez jakiteko, inkestak egitea ez da egitura guztien eskuetan. Baina EHLGn joerak marrazten ahal dituzte, aitzineko urteetako bilakaeran oinarriturik. Zuberoako adibideari jarraiki, azken hamar urteetan etxaldeen %20 galdu badira ere, instalazioak 112 izan dira. Ipar Euskal Herrian plantatzen diren gazteak lurraldeen arabera kontzentratzen dira, gehiago edo gutxiago. Lurralderik dinamikoena, Iriarten erranetan, «Baxenabarre hegoaldea da, Garazi inguruetan». Zuberoan, Pettarrean gazte gehiago plantatzen da Basabürüan baino; eta Zuberoako etxaldeetan, Iriartek zehaztu duenez, «hamar etxaldetik sei dira arra hartuak».
EHLGko langileak, datuak emanik, azaldu du erronka dela etxalde kopurua mantentzea, etxalde batek sortzen dituen enpleguak eta ekoizpenen aberastasuna ere mantentzeko: «Guk sinesten dugu interes orokorra dela ahal bezainbat etxalde eta aktibitate atxikitzea, baina ez da legerik etxaldea etxalde geldi dadin. Erronka bat da segidarik ez duten laborari gehiago gogoetari lotzea: nola transmititu etxaldea».
Baigorriko gogoeta
Baigorrin, Paueko Laborantza Ganberak ukatu datuak biltzeko nahia gogoeta batetik abiatu zela oroitarazi du Iturburuak: «Kontseiluan pentsaketak egin ditugu, eta ohartu ginen ez garela kapable errateko zertan ziren Baigorriko etxaldeak transmisioari buruz. Diagnostiko bat nahi genuen egin, gogoetak hobeki finkatzeko gisan; bereziki, lurren transmisioei eta instalazioei begira». Diagnostikoa egiteko, azkenean, EHLGrengana jo zuten.
Orain lana egina da, eta transmisioaren datu batzuk ezagutuak dira: Baigorriko 79 etxaldeetatik hemeretzi, segidarik gabe dira, oraingoz; batzuetan, laborari horiek haurrak badituzte, baina, gazteegi direlako, ezin dute ziurtatu segida etxekoek hartuko dutenik. Susmatzen zituzten datuak dira gehienak, Iturburuak dioenez, baina segidarik gabeko hainbeste etxalderen zenbakia «geroari buruz ez da hain positiboa».
Positiboa da, aldiz, joan diren hamar urteetan 25 gazte laborantzan plantatu direla. Denak ez, baina gehienak mahastiekin, ardoa egiteko. «Bagenekien, baina hor zenbaki hori agertu da klarki», dio hautetsiak. Etxaldeen transmisioaz gogoetak eragitea dutenez xede, hor pista bat ikusi du Iturburuak; laborari ohia da hura, eta badaki hazkuntzan ari denarentzat ez dela bakantzak hartzeko lanik hoberena; mahastiekin, berriz, desberdina dela ziurtatu du: «Oraingo gazteek ez dute hori hain ontsa ikusten naski. Nahi dituzte asteburuak besteek bezala baliatu. Batzuk, berdin, behar dira bultzatu gustua har dezaten laborantzan, beste gisan. Ez dute esklabo izan nahi. Mahasgintzan edo fruitugintzan lana egiten da berdin, baina libroago zara».
Diagnostikoaren ondoko urratsa izanen da Baigorrin segida bermatua ez duten laborariak gogoetara bultzatzea, emeki-emeki. Heldu den asteartean etxalde baten bisita eginen dute, preseski Iturburuarena zena; aktibitatea utzi eta norbait plantatu zuen bere etxaldean. Ekainean, berriz, transmisioaren alde juridikoa ikertzea proposatuko dute.
Baigorriko Herriko Etxea lan horretan abiatu bada ere, jakina da laborantza, oro har ekonomia bezala, ez dela herrien eskumenetan sartzen. Halere, kontseiluan trenkatu zuten transmisioan laguntzeko zubi lana egiteko prest direla, Iturburuaren arabera: «Bistan da jendeak haien etxaldeei atxikiak direla, eta batzuek ez dute segidarik beren etxeetan, beren familian. Horri buruz sentsibilizatu eta lotura bat izan nahi genuke. Bistan da libro direla beren etxean nahi dutena egiteko, baina gu irekiak gara lotura egiteko haien eta plantatu nahi luketenen artean».
Euskal Herriko Laborantza Ganberan ere, beste eskala batean, lan bera egitea dute xede, Iriarten hitzetan: «Batetik, plantatu nahi duten gazteak errezibitzen ditugu eta laguntzen ditugu. Gero, etxean segidarik ez dutenak eta etxaldea utzi nahi duten batzuk etortzen dira guregana, gutxi badira ere. Ez dute irudikatzen beren etxaldea hustua, aktibitaterik gabe: segida bat nahi dute, absolutuki».
Hein tipiko urrats horiek kontzientzia pizte baten lehen keinuak dira, dena den. Baigorrin, laborantzaren inguruko gogoetaren jatorrian, herriko hiru ikastetxeetako jangeletan ematen dituzten elikagaien inguruko gogoeta bat izan zen, ohartu baitziren ez zela herrian baratzekaririk batere ekoizten. Transmisioaren inguruan egiten duten lanarekin, besteak beste, aitzinean ezarri asmo dute lur eremu murritzean baratzezaintza egin daitekeela, gazteen gogoa piztu dezakeelakoan. «Menturaz, batzuk plantatzen ahal dira horri buruz», trenkatu du Iturburuak.