Etxaide: «Confebaskek irabazi ditu, benetan, EAEko hauteskundeak»

LABek borroka sindikala indartuko du lantokietan. Langileak burujabetza prozesu baten «palanka» izatea nahi du sindikatuak, aldaketa sozial eta ekonomikoa lortzeko bide bakarra delakoan

Ainhoa Etxaide LABen Gipuzkoako delegatuekin, atzo, Donostian. J. F.
Jon Fernandez.
Donostia
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
LABek argitu ditu zeintzuk izango diren bere lan lerro nagusiak urte berrian: «Borroka sindikala indartzea lantokietan, hirietan eta herrietan, langileok burujabetza prozesu baten aldeko palanka izan gaitezen. Agenda neoliberalen kontra borrokatzen jarraitzea, gobernuan dagoena dagoela ere». Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak atzo aurkeztu zuen urte berrirako lan ildoa Donostian, LABen Gipuzkoako ordezkarien batzarra egin eta gero.

Eusko Legebiltzarrerako bozen osteko egoera politikoaren analisia egin du Etxaidek: «Confebaskek irabazi ditu, benetan, EAEko hauteskundeak». LABek salatu du patronalaren interesak, jarrerak eta politikak agendaren erdi-erdian egon direla kanpainan, EAJren eskutik, eta erdigunean jarraituko dutela datozen lau urteetan ere. Etxaidek EAJri adierazi dio ezinezkoa dela «esku batekin agenda neoliberal bortitz bat inposatzea, eta bestearekin herri akordioak egitea».

Kongresua, udaberrian

Urte berria garrantzitsua da LABentzat, Kongresu Orokorra egingo duelako datorren udaberrian. Eta ez da izango edozein kongresu, sindikatuaren norabidea erabaki beharko dutelako: «Geure burua gaurko egoeran kokatu eta emankorrak izateko bidea aurkitu, edo atzean utzi dugun garaian geratu, etorkizunerako ibilbiderik gabe».

Galdera askori eta pisuzkoei erantzunak ematea izango da kongresuaren helburua: «Botere ekonomikoak ez ditu akordioak behar bere politikak ezartzeko, gobernuak eta estatu egiturak ditu bere zerbitzura. Nola babestu eta defendatu langileen interesak baldintza hauetan? Nola egin sindikatuak langileen artean klase elkartasuna eta batasuna suspertzeko tresna izatea berriro?»

Aldaketa soziala eta ekonomikoa gauzatzeko, ezinbestekoa da burujabetza prozesua abiatzeaEtxaiderentzat, eta iragarri du burujabetzaren bide hori sindikatuaren borrokarako erreferentzia izango dela datozen urteetan. Egoera iraultzeko erabakiak herritarren esku egotea da bide bakarra, LABen ustez, eta inoren baimenaren zain egon barik aritzeko eskatu du.

Madrilek murrizketa gehiago egingo dituela iragarri du, eta Urkulluk men egingo duela bide horretan. LABen zalantza da zer egingo ote duen Nafarroako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.