ETORRI EZ DENA, BETI SUSMOPEAN

Estatistiken arabera, Hego Euskal Herriko langileek inguruko lurraldeetakoek baino baja egun gehiago hartzen dituzte osasun arazoengatik. Enpresari elkarteek urteak daramatzate egoeraz kexuka, eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak talde tekniko bat eratu du zergatiak aztertzeko.

Mercedes Benzek Gasteizen duen lantegiko muntaketa lerroetako bat. RAUL BOGAJO / FOKU (MOLDATUA).
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Zama», «orbana», «izurritea», «lotsa»... Gertakari gutxik jasoko zituzten absentismoak adina sinonimo gutxiesgarri. Urteak dira Euskal Herriko enpresariek arreta jarri zutela lanik egin gabeko orduetan, eta mikrofono bat aurrean duten aldiro kexa haizatzen dute. Espainiako Gizarte Segurantzaren estatistiken arabera, Hego Euskal Herrikolangileek Espainiako edozein erkidego autonomotakoek baino gehiagotan egiten dute kale beren lanpostuetan, eta, patronalen arabera, egoerak eragin handia du enpresen emaitzetan. Baina zein da errealitatea? Pikarokeria da ala egiturazko arazoa ? Virginia Mujika Confebaskeko atal juridikoko zuzendariak aurreratu du ez dela jorratzeko gai erraza: «Gai hau alde guztientzat da deserosoa».

Esan bezala, enpresarien elkarteek maiz aipatzen dute auzia, baina iritzi publikoan pisua duen beste faktore bat dago. Aldi baterako lan enpresa handiek —Adecco, Randstad...— gaiari buruzko txosten landuak egiten dituzte hiru hilabetean behin, eta hedabideetara bidaltzen dituzte. Haietako batzuek jaso eta albiste bihurtzen dituzte, eta horrek gaiaren oihartzun mediatikoa hauspotzen du. Txostenetan, gainera, lanera ez joateko arrazoi guztiak absentismotzat jotzen dituzte, interpretazio hori zabalduz.

Eztabaidak definizioan bertan du lehen erpin zorrotza: zer da absentismoa zehazki? Lanera ez joateko arrazoi guztiak zaku berean sartu behar al dira? Alfonso Rios CCOO sindikatuko lan osasun arduradunak argi du: «Ez. Justifikatu gabeko hutsuneak baino ez dira absentismoa. Horiek eta osasun arloko bajak izen beraren azpian sartu nahi izateak helburu bakarra du: osasun zerbitzu publikoetako langileen lana auzitan jartzea». Mujika 2005ean hasi zen gaia aztertzen, eta, haren ustez, lan egin gabeko orduak dira absentismoa, arrazoia edozein dela ere: osasun arazoak, baimenak... Hark, baina, uste du hitzak ez duela tonu gutxiesgarririk, eta garrantzitsuena markoa ezartzea dela: «Hutsuneen %70 jatorriz lanarekin zerikusirik ez duten osasun gaitzen ondorio dira, eta hor jarri behar da arreta».

Confebask «oso arduratuta» dago gaiarekin, eta datuetan oinarritzen du ardura. Haren estatistiken arabera, EAEn egunero 45.000 pertsona ez dira lanera joaten osasun arazoengatik. Horietatik 40.500 lantokiarekin zerikusirik ez duten gaitzei dagozkie, eta 4.500, jatorria lana dutenei —994.077 langile daude izen emanda Gizarte Segurantzan—. Huts egindako egun kopurua ere handiagoa da: EAEn, 19,76 egun dira batez beste urtean eta langileko; Espainian, 16,5.

Osasun bajei erreparatuta, bi zaku handi daude. Batetik, lanetik kanpoko jatorria duten arazoak daude: batez beste, 18,08 baja egun urteko EAEn, eta 14,85 Espainian. Eta, bestetik, jatorria lanean duten arazoen bajak. Kasu horretan datua antzekoa da: 1,68 egun EAEn, eta 1,65 Espainian. «Zergatik dugu osasun txarragoa? Nik uste arrazoi asko daudela», laburbildu du Mujikak.

Riosek, dena den, uste du estatistikei gertuagotik begiratu behar zaiela, eta jatorria lanean duten gaitz asko lantokitik kanpoko gisa diagnostikatzen direla: «Mutualitateen rola da. Lantegian ebakia egiten badut, mutualitateak berretsiko du jatorria lana dela. Baina osasun arazoa psikosoziala bada [estresa, antsietatea...]? Edo gihar edo hezurretakoa? Mutualitateak ezetz esango du, jatorria beste bat dela. Jatorria lana bada, ordaina handiagoa da, eta lehen egunetik jasotzen du langileak». Gai horretan, Mujikak berretsi du arazorik ohikoenak Riosek aipaturikoak direla, psikosozialak eta gihar eta hezurretakoak, hain zuzen.

Mahai ez-politikoa

Confebaskek aspaldi eskatu zion Eusko Jaurlaritzari gaia jorratzeko foro bat sor zezala. Iazko martxoan hasi zen lanean, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren gerizpean. Mahai tekniko bat da, ez politikoa, eta, patronalaz eta CCOO eta UGT sindikatuez gain, Osakidetzak eta Espainiako Gizarte Segurantzak ere ordezkaritza dute. Aldi baterako ezintasun prozesuen jarraipenerako talde teknikoa da haren deitura, eta osasun jatorriko hutsuneak aztertzen ditu bakarrik. Absentismo hitza ez da ageri, eta oraindik ez dira hasi arrazoiak aztertzen.

Hori izango da talde horren korapilorik estuena: osasun arrazoiengatik harturiko bajen zergatia azaltzea. «Nire ustez, arrazoia ez da bakarra. Arrazoi ugari daude; guk ez diogu inori errua bota nahi, ardura partekatua da», azaldu du Mujikak. Rios, berriz, arrazoi batzuk ematen ausartu da: «Asko izan daitezke. Gurean gorputza gehien hondatzen duten lan batzuk ditugu; esaterako, industria. Gainera, zaintzak gero eta pisu handiagoa du lan merkatuan. Zaintzaileek, garbitzaileek... gaixotasun profesional jakin batzuk dituzte, gorputzari kalte egiten diotenak. Langileen zahartzea ere aipatuko nuke». Riosek, halaber, erantsi du asko gehitu direla arazo psikosozialek eragindako bajak, eta lotura zuzena dutela lan baldintzekin.

Osagarrien eragina

Mujikarentzat, baina, ez dira nahikoa EAEko datuak azaltzeko. «Adina faktore garrantzitsua izan daiteke, baina inguruko lurraldeetako batezbestekoa antzekoa da. Jarduna ere izan daiteke horren eragile, baina industria nekazaritza baino gogorragoa al da? Era berean, esan behar da gure lan itunak direla baja dirusaria hobetzeko soldata osagarri gehien dituztenak». Osagarriak al dira arrazoia? Mujika ez da sartu horretan: «Beti ateratzen den gai bat da. Baina beste arrazoiak bezala. Hori bai, Euskal Herriak dituen berezitasunetako bat da».

CCOOko ordezkariak argi du bajen soldata osagarriak eztabaidatik kanpo utzi behar direla. «Eskubide bat dira, negoziazio kolektiboaren fruitu, eta ez diegu muzin egingo». Riosek azaldu du bajan egon ala ez langileak gastu berberei egin behar diela aurre, eta zaurgarritasun hori leuntzeko sorturiko eskubideak direla osagarriak. Era berean, gaineratu du osagarriek baldintza asko izaten dituztela: «Askotan, bajaren luzeraren eta gaitzaren jatorriaren araberakoak dira».

Mujikak zehaztu du bajen pilaketak kalte ekonomiko handia egiten diela enpresei. «Zama handia dira lehiakortasunari begira. Hasteko, enpresak langilearen kotizazioak ordaindu behar ditu. Gero, bajako laugarren egunetik hamabosgarrenera arteenpresak ordaintzen du prestazioa, eta, lan itunean zehaztuta egonez gero, agian lehen egunetik. Hortik aurrera, Gizarte Segurantzari dagokio ordaintzea: soldataren %60 lehenbizi, eta %75 gero. Baina osagarriak badaude, enpresaren gain dira. Eta gero, ordezko bat kontratatzearen kostua». Confebasken arabera, iaz Gizarte Segurantzak 13.500 milioi euro bideratu zituen aldi baterako ezintasunen prestazioetarako, aurrekontu osoaren %6,2.

Medikuen rola

Osasun bajen auzian lehen arretako medikuak egiten du galbahea. Hark erabakitzen du langile bat lanera joateko moduan dagoen ala ez. «Baja ez da eskatzen, jaso baizik. Langile batek jasotzen badu, horrek esan nahi du osasungintzako profesional baten ustez haren lan jardunak sendatze prozesua oztopatu dezakeela», nabarmendu du Riosek. Haren iritziz, absentismoa arazo larri gisa jorratzean, medikuen profesionaltasuna auzitan jartzeko asmoa dago. «Hutsuneekin arazo bat badago, osasun sistema publikoa indartzea da hura konpontzeko lehen pausoa», gehitu du.

Patronalek ere ez diete medikuei leporatzen errua, eta absentismoaren gaia ateratzen dutenean asko zaintzen dituzte hitzak haiek aipatzean. Mujikak ere hala egin du: «Medikuak profesional oso onak dira, eta ikusi baino ez dago nolako egoeran diharduten. Medikuak baja ematen badit, zerbaitegatik ematen dit». Alde horretatik, patronalak dio arazoaren inguruko «kontzientzia sortzea» duela helburu: «Askok arazo bat dagoela ukatzen dute, eta guk errealitate hori erakutsi nahi dugu. Auziari begiratu nahi ez dionik badago, eta horrela ere ez da konpontzen».

Lanera minez?

Osasun arazoen eta lanaren arteko harremanak badu beste alde bat: zenbat joaten dira egunero lanera minez edo gaixo? «Kasuak ezagutzen ditugu», salatu du Riosek: «Bajan behar lukeen jendea, eta lanera doana. Behin-behinean den langileak, esaterako, kostata hartuko du baja. Gaitza diagnostikatuta eduki arren, lanera joaten jarraitzen dute, eta okerrera egiten». Mujikak ere aitortu du hori gertatzen dela, «ziur», baina, «presentzialismoa bezala» oso zaila dela neurtzen. Haren ustez, baina, baja behar baino gehiago luzatzen dutenek kalte egiten diete lanera minez doazenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.