Irizarreko lan gatazka

Etorkizuneko industria bat, «bigarren mailako lan baldintzekin»

Azkenengo bi asteetan autobusik ez da atera Adunako lantegitik. Irizar E-mobilityko langileak greba mugagabean daude, lan itun berri baten alde. «Denek irabazten» duten egoera batera pasatu nahi dute.

Unai Goikoetxea eta Garazi Mitxelena Irizar E-mobilityko langile batzordeko kideak, lantegiaren aurrean, grebakideekin batera. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 12a
16:33
Entzun

Egunotako sargoritik babesteko, haima itxurako estalpe batzuk jarri dituzte. Langile batzuk han dabiltza, atseden hartzen, karta jokoan; beste batzuk, berriz, jo eta su, egunotako mobilizazioak prestatzen. Beren aldarrikapenak jasotzen dituzten pankartekin itxi dituzte lantegiko sarrerak. Adunako Irizar E-mobilityn (Gipuzkoa) bi aste daramatzate greba mugagabean, lan itun berri baten alde. Ordutik, zuzendaritzaren deirik ez dutela jaso diote langile batzordeko kideek —zortzi ordezkari ditu LABek, eta bakarra ELAk—. Ekoizpena «erabat geldirik» dago; egunero autobus elektriko bat ateratzen zen handik, jardun betean ari ziren, eta aurreikuspenak ere oso onak ziren: hurrengo urterako, bi egunero.

Orain, batzuen eta besteen zalantza nagusia da zenbat denbora eutsiko dioten horrela. Denak galduan ateratzen diren egoera batean daude, eta langileek diote «denek irabazten» duten batera pasatu nahi dutela. «Zuzendaritza ere kezkatuta dago egoerarekin, baina ez dute gurekin hitz egiten. Gu ez gara soldata igoerak eskatzen ari: lan baldintzak hobetu eta finkatu nahi ditugu», laburbildu du Unai Goikoetxeak, langile batzordeko bozeramaileak. Greba abiatu zutenetik, protesta ugari antolatu dituzte; Buruntzaldeko eragile politiko eta sozialekin bildu dira; erresistentzia kutxa bat sortu dute; eta larunbat arratsaldean manifestazioa egingo dute Andoainen.

Lantalde gaztea

Lantalde gaztea du Irizar E-mobilityk: beharginek 27 urte dituzte batez beste, eta hirurehun inguru dira. Duela bost urte sortu zuten enpresa, start-up gisa. Hori dela eta, metalgintza sektorekoa izan arren, langileek ez dauzkate Gipuzkoako hitzarmeneko puntu guztiak bermatuta. Azaldu dutenez, egunero «sistematikoki» hamar-hamabi ordu egiten dute lan, ordu gehigarriak kobratu gabe. Hainbatek maiz bidaiatzen dute atzerrira, autobusen mantentze lanak-eta egitera; han, telefonoa alboan dutela lo egiten dute, eta konpentsazio oso urriak jasotzen dituzte, jasotzen badituzte. Lanpostuen mailakatzean ere ez dago argi arduren eta soldaten arteko baliokidetasuna; kasu askotan ez dute lansari bera jasotzen lan bera egin arren, eta sektoreko beste enpresetakoen azpitik daude: 1.300 eurokoa, hirugarren mailako ofizialen kasuan. Dena den, berretsi dute soldata igoera ez dela haien lehentasuna. «Guk nahi duguna da ondo-ondo zehaztea zeren arabera finkatzen diren lansariak, plusak, maila aldaketak... Gero, hasiko gara kopuruez hizketan. Gu prest gaude puntu batzuetan malguak izateko», azpimarratu du batzordeko kide Garazi Mitxelenak.

Gabezia horiek eta beste batzuk azaltzen dira bost puntuko aldarrikapen zerrendan. Mitxelenak dioenez, zuzendaritza prest agertu da batzuei buruz hitz egiteko. «Baina soilik hitz egiteko, eta betiere haiek proposatzen duten beste guztia onartzen badugu. Hori ez da negoziatzea». Goikoetxeak gaineratu duenez, bost puntuak «bermatuz» gero greba berehala utziko lukete.

E-mobilityk autobus elektrikoak ekoizten ditu, eta Irizar Group taldearen barruan dago, baina ez da kooperatiba bat. Langileen artean kooperatibista batzuk daude; haiek betetzen dituzte ardura postu gehienak, kudeatzailearena barne —bost urtean hiru egon dira, haietako bat kontratatutakoa—. Gainerako guztiak soldatapekoak dira, «lan baldintzak zein diren ikusita, enpresan oso denbora gutxi ematen dutenak», Mitxelenak nabarmendu duenez. «Zuzendaritzak arazoak ditu kontratazioak egiteko, hautagai askok ezetz esaten dutelako. Guk langileak kontsolidatu nahi ditugu. Zuzendaritzak esaten du mugimendua egotea ona dela. Gure ustez, kaltegarria da enpresarentzat».

Greba hasi zutenetik, lantegiko sarrerak itxi dituzte langileek. JON URBE (FOKU)

Enpresak «argudio ekonomikoak» ematen ditu langileen eskaerak ez onartzeko. «E-mobilityk zenbaki negatiboak ditu oraindik, baina aurreikusten da hemendik urte batera edo bira irabaziekin hastea. Kontua da taldeak Ormaiztegiko lantegian kolpe handia hartu duela [hango langile denak kooperatibistak dira], baina hemen ez. Nahi duenerako enpresa bat gara», salatu du Goikoetxeak.

Asteon zuzendaritzaren barne ohar bat zabaldu da, %11ko soldata igoera eskaintzen diela esanez; langile batzordeak ez du halakorik jaso. Goikoetxeak dio enpresak hori egin duela grebalarien artean pitzadurak sortzeko, baina «kontrakoa» lortu duela. «Guretzat gakoa beste bat da. Gure galdera da: prest daude itun batean jartzeko ez dela hamabi ordu lan egingo?».

Bost urtez «eman eta eman»

Zuzendaritzak harriduraz hartu du greba mugagabea, elkarrizketak hasi eta hiru hilabete eskasera deitu dutelako. Langile batzordeak beste irakurketa bat egiten du: auzia aspaldikoa dela. Mitxelenak azaldu duenez, enpresa sortu zutenean laurogei langile baino ez ziren, eta hiru urte gogor igaro zituzten. «Enpresa berria zela aitzakia hartuta, hamabi-hamalau orduz aritzen ginen, eta arrisku asko hartu genituen. Asko eman genuen».

Lehenengo ituna bi urtera egin zuten, baina «oso oinarrizkoa». Ordurako, 130 langile ziren. «Enpresak proposatu zuena onartu genuen; konfiantza botoa izan zen, denbora gutxian ituna hobetuko zelakoan». Baina hiru urte pasatu dira, eta langileek diote berdin jarraitzen dutela, enpresaren egoera oso bestelakoa izan arren.

Adunako lantegia, greba hasi aurretik egindako argazki batean. JON URBE (FOKU)

Etorkizun oparoa du E-mobilityk, sektoreak bezala, ibilgailu elektrikoen alorrean aldaketa handiak espero direlako —hala aitortu zuen Garikoitz Telleria Irizarreko Neregia eta Hiri Mugikortasuneko zuzendariak apiril hasieran BERRIAn egindako elkarrizketa batean—. Goikoetxearen arabera, datozen bi urteetarako lana lotuta daukate Adunan. «Hori ezin du edozeinek esan: Frantziako Estatuarentzat lehen ekoizlea gara, eta Europan egiten diren hamar autobus elektrikotatik bat gurea da». Egoera horretan erabaki dute langileek urratsa egitea, Mitxelenaren hitzetan. «Ulertzen dugu garai egokia dela oinarri sendoak jartzeko, ez errepikatzeko orain artekoak, eta datozen langileei baldintza hobeak eskaintzeko. Orain arte, enpresak asko zurrupatu gaitu, eta ‘honaino’ esan dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.